Mugikorrak, gure lan-tresna ez ezik, aisialdirako tresna ere badira, aspalditxotik. Denetik gordetzen dugu haietan: dokumentuak, argazkiak... bai eta oporretako bideoak ere. Horregatik, ezabatu nahi ez ditugun gauzekin beteta edukitzen dugu. Biltegia, hortaz, bete egiten da, eta mikroSD txartel erauzgarriak dira hori handitzeko modurik errazena.

Batzuetan, mikroSD txartel zaharrak edo lehendik etxean dauzkagunak erabiltzen ditugu; beste batzuetan, berriz, ahalmen handiagoa izateko, erosi egiten ditugu. Zure egoera edozein dela ere, zertarako balio duten eta nola formatea ditzakegun erakutsiko dizugu, etekinik handiena atera diezaiezun.

MikroSD txartelak erabiltzea

“Secure Digital” txartelak (SD txartelak) memoria-txartel erauzgarriak dira, eta informazio digitala gordetzeko erabiltzen dira, hala nola programak edo fitxategiak.

Telefono mugikorretan erabiltzen dira gehienbat, baina beste gailu mugikor batzuetan ere erabil daitezke; adibidez, eramangarrian edo argazki-kameretan. Oro har, mikroSD txartelek mugikorraren ROM memoriaren biltegiratze-ahalmena handitzen laguntzen digute.

Mugikorraren eta mikroSD txartelaren arteko bateragarritasuna

Etxean mikroSD txartel bat baduzu, edo zure mugikorraren biltegiratze-ahalmena handitzeko bat erosi nahi baduzu, kontuz ibili zein sartzen duzun mugikorrean. Izan ere , txartel guztiek ez dute balio smartphone guztietarako.

Etxean daukazunak balio dizun edo berria erostekotan nolakoa erosi behar duzun jakiteko, errazena da mugikorraren kaxa edo jarraibideak bilatzea. Hor dago behar duzun informazioa.

Gordeta ez badaukazu, ez dago arazorik. Beste modu batean ere egiaztatu dezakezu. Sartu GSMArena webgunean, eta bilatu zure smartphonearen marka, edo, bestela, sartu bilatzailean eta idatzi zure gailuaren marka eta segidan "GSMA".

Gailua bilatutakoan, “Memory” atalera joan behar duzu, eta kanpoko txartel batean zenbat ahalmen kudea dezakeen egiaztatu. Gehienez ahalmen hori duten mikroSD txartelak onartuko ditu zure mugikorrak. Inoiz ez sartu zure smartphoneak onartzen duena baino ahalmen handiagoa duen bat.

Nola hasi mikroSD txartel bat erabiltzen

Zure mugikorrarekin bateragarria den txartel bat eskuratu baduzu, mugikorrak txartel horretarako duen zirrikitutik sartu behar duzu lehenik. Batzuetan, zirrikitu hori zabalgarria da, eta ez dago agerian. Ondoko “zulotxoa” sakatu behar duzu irekitzeko.

Txartela sartutakoan, telefonoaren ezarpenetara joan behar duzu, eta, han, “Biltegiratzea” eta, gero, “SD txartela” sakatu.

Goiko eskuineko aldean, “Menua” atalean, aukeratu “Gehiago”, eta, ondoren, “Biltegiratze-ezarpenak”; azkenik, sakatu “Formateatu”.

MikroSD txartela formateatzea:

Ezinbestekoa da txartela formateatzea edukia gorde ahal izateko; berria izan nahiz erabilia izan. Formateatzeko, bi aukera daude: "Biltegi eramangarri" gisa, "Formateatu" hautatuta, edo "Barne-biltegi"gisa, "Beste modu batean formateatu" sakatuta.

Biltegi eramangarri gisa balio dezan formateatzen baduzu, fitxategiak gorde ahal izango dituzu, baina ezingo duzu aplikaziorik instalatu. Kasu horretan, mikroSD txartela gailu batetik bestera ere transferitu ahal izango duzu. Hau da, atera eta beste smartphone batean sartu, adibidez, fitxategiak ikusteko.

MikroSD txartelean aplikazioak instalatzea

Aitzitik, txartela zure gailuan sartu eta“barne-biltegi” gisa formateatzen baduzu, fitxategiak gordetzeaz gain, aplikazioak ere instalatu ahal izango dituzu; beraz, ez dute lekurik hartuko mugikorrean. Kontuz aukera honekin, hala ere: izan ere, aplikazioak instalatuta dituela mikroSD txartela kentzen baduzu, baliteke zure mugikorrak ez funtzionatzea.

Aukeratzen duzuna aukeratzen duzula ere, iritzia alda dezakezu, eta berriz formateatu, baina mikroSD txartelean duzun edukia galdu egingo da, beste gailu batean kopiatu ez baduzu.

Barne-biltegiko fitxategiak mikroSD batera eramatea

Mugikorrean mikroSD txartela formateatu ondoren, fitxategiak smartphonetik txartel berrira eramateko aukera duzu. Horretarako, Android gailua bada, “Fitxategiak” karpetara joan behar duzu, “Google fitxategiak” aukeraren barruan.

Behealdean, sakatu “Arakatu”. "Kategoriak" atalean, hautatu erabili nahi duzuna, bilatu mugitu edo kopiatu nahi duzun fitxategia, eta, goiko aldean, eskuinean, sakatu hiru puntutxoak, eta, goitik beherako menuan, sakatu “Mugitu hona” edo “Kopiatu hona”, eta, azkenik, sakatu “SD txartela”.

Orain badakizu nola handitu zure telefonoaren memoria. MikroSD txartela erabiltzea da horretarako modurik errazena eta merkeena. Ez duzu berriz aitzakiarik izango fitxategi edo argazki guztiak klik bakar batean gordeta ez edukitzeko.