Pinpilinpauxa, goxo, bihotz, maite… Batzuen ustez, euskarazko hitz politen arteko batzuk dira horiek. Gaztelaniazko “mariposa”, “dulce”, “corazón” eta “querido” hitzak bezainbat gutxienez. Gure hizkuntzak hitz eta adierazpide eder mordoa ditu, eta horietako batzuk aukeratu ditugu. Euskarazko hitzen zerrenda bat prestatu dugu, eta haien esanahia azalduko dizugu hemen. Euskarazko hitz politak, maitekorrak, bitxiak, oinarrizkoak… ere bildu ditugu, euskarazko hiztegia zabaltzen lagundu diezazuten.

Euskarazko hitz politak

Bihotz

Bihotz hitzarekin hasi beharra geneukan euskarazko hitz politen zerrenda, ez baitago hitz ederragorik. Izan ere, hitz horrekin gauza asko esaten ditugu. Begira zer polita den: Bihotz eman animatzeko erabiltzen dugu, adore eman esan nahi baitu. Bihotza zabaldu dugula ere esaten dugu, norbaitek beste norbaiti bere sentimenduak edo kezkak adierazi dizkiola esateko.

Maite

Maite da euskarazko beste hitz ederretako bat. Maitasuna, hizki larriz. Eta zer esan maitemindu hitzaz? Maite eta min. Ba al da bi hitzen arteko konbinazio lirikoagorik? Poesia dirudi. Eta batzuek esango dute gero hots zakarra duela euskarak... Bai zera!

Harreman

Maite-kontuekin jarraitu nahi? Gure hitz kutunetako bat da hurrengoa, benetan ederra. Harreman. Hartu eta eman; izan ere, zer dira, bada, gure atzera eta aurrerak? Hartu eta eman etengabeko bat. Polita, ezta? Orain arte ez zenuen sekula pentsatu hitzaren esanahian, ezta? Normala! Hor erakutsi behar duzu zure xarma guztia, euskara bezain xarmanta izan. Eta harremanetan eztabaidak ere izaten dira, noski, hitzezko liskarrak. Zer hitzek osatzen dute “eztabaida”? Bada, “ez” eta “bai” hitzek. Ederra konbinazioa! Ezezkoen eta baiezkoen arteko talka. Poesia gehiago!

Pinpilinpauxa

Badira beste hitz batzuk euskaraz beren soinuagatik maitemintzen gaituztenak. Esan ozenki: pinpilinpauxa. Doinu berezia du, ezta? Hitz jostaria, inondik ere. Euskaraz izen asko ditugu intsektu eder horri deitzeko: tximeleta, mitxeleta, mitxirrika eta abar. Pinpilinpauxak doinu berezia du, ordea.

Euskarazko hitz txeratsuak

Maitia

Egoera askotan erabiltzen dugu maitia hitz txeratsua, baina betiere maite dugun norbaiti edo zerbaiti diogun maitasuna erakusteko. “maite izan” aditzetik dator, eta norbaiti maitasuna izatea esan nahi du. Eta, jakina, barra-barra erabiltzen dugu etxekoekin eta hurbilekoekin.

Laztana

Maitasuna adierazteko beste hitz bat da laztana, oso erabilia orobat maite ditugunekin. Fereka ere esan nahi du laztanak, hots, norbait txeraz ukitzea. Eta bada beste hitz polit bat oso antzeko esanahia duena: “zirri egin”, hau da, norbait ukitzea atsegin hartzeko edo emateko; norbaitekin eztitan egotea, alegia.

Musu

Ez dago musu ematea baino ekintza txeratsuagorik. “Musu” idazten dugu, baina “muxu” esaten dugu askotan. “Mila muxu” eman nahi izaten dizkiegu maite ditugunei. Gainera, muxutik abiatuta, muxutruk hitza ere badugu, doan esan nahi duena, hau da, muxu baten truke ematen dena.

Euskarazko hitz bitxiak

Zer den bitxia eta zer ez oso kontu subjektiboa da, baina arrazoi bat edo beste dela medio bitxiak izan daitezkeen euskarazko hitz batzuk bildu ditugu. Has gaitezen, beraz, euskarazko hitz bitxi horien berri ematen.

Potota

Potxin eta pototxin ere erabiltzen dira, ahoskera akaso samurragokoak. Lagunarteko hizkeran, emakumeen sexu-organoa izendatzeko erabiltzen da.

Txirene

Chirene (edo “txirene”) Bilboko pertsonaia barregarri bat da, bromazale eta zirtozalea. Tira, bilbotar gehienak, ez?

Txori

Zenbat aldiz entzun diozu norbaiti esaten “ponte un txori para recoger el pelo”? Askotan, ezta? Goma batekin biltzen den ile-xerlo bati esaten diogu hemen txori. Izan ere, euskaraz, “ile-mototsa lotzen duen begizta”ri txori esaten zaio.

A lolo

Gaztelaniaz, “a lolos” esaten da hemen, lotara joateko. Euskaratik zuzenean hartua da, noski: lo egin.

Euskarazko oinarrizko hitzak

Badira euskarazko hitz batzuk denok ezagutzen ditugunak, baita gure lurraldetik kanpoko jendeak ere. Euskarazko oinarrizko hitzez ari gara. Hauetaz, esate baterako: “kaixo”, “egun on”, “agur”, “eskerrik asko”, “ongi etorri”, “mesedez”, “zorionak”, “ondo pasa!”. Oso ezagunak dira hitz horiek guztiak, bai gure artean, baita Euskal Herritik kanpo ere.

Baina zerrenda zabaldu nahi izan dugu euskarazko beste oinarrizko hitz batzuekin, primeran etorriko zaizkizu-eta kuadrillako kide petoa sentitzeko.

Txosna

Udan gehien erabiltzen den hitzetako bat da: herriko festetarako prestatzen diren behin-behineko tabernak dira. Eta bitxia da, zeren eta gaztelaniazko chozna hitzak oso bestelako esanahia du: pertsona baten herenilobaren alaba esan nahi du! Harrigarria, ezta?

Botea

Behar-beharrezko hitza da hau. Berdin dio Errusiakoa zein Arakaldokoa izan. Poteoan gabiltzanean, kutxa bete behar da, eta den-denok egin behar dugu ekarpena. Edo bizum bat egin bestela.

Hamaiketako

Ezagunenetako bat. Hamaikak aldera hartzen den aperitiboa da, pote batekin ala gabe, goiz erdian urdailean egiten zaigun zulotxoa nolabait betetzeko.

Gilda

Pintxorik errazen eta goxoenetako bat… Ozpinetan edukitako pipermin bat, oliba bat eta antxoa bat, hirurak zotz batean helduta. Oliba-olio zurrustatxo bat, perrexil xehatu pixka bat, eta kito. Hamaiketakorako ezin egokiagoa.

Txibiak

Ez dakigu zergatik, baina txibia frijituei “raba” esaten diegu hemen gaztelaniaz. Izena ez da berez oso erakargarria, baina...

Ezagutu beharreko euskarazko hiztegi gehiago

Zabaldu euskarazko zure hiztegia orain azalduko dizkizugun hitz polit eta bitxi hauekin.

Udaberria

Udazkena. Zer esan nahi ote du? Jakina, udaren azkena. Konturatu gabe zeunden orain arte? Eta udaberria? Bada, horixe, neguaren ondoren berriz datorren uda berri-berria. Garbi dago epelean egotea gustatzen zaigula, ezta? “Udaberria”... Uda beti gogoan!

Hondartza

Eta eguraldi onerako, hondartza baino hoberik ez dago, hondarra —edo harea— dagoen lekua. Eta horixe da harea dagoen leku bat: hondartza. Euskadin munduko politenak ditugu, eta kresal usaina uzten digute. Ederra hitza, ezta?

Zirimiri

Oso gurea den beste bat: zirimiria Bilbon bizi bazara jakingo duzu zer esan nahi duen. Aterkia hartzeko modukoa ez den euri txiki hori, baina blai eginda uzten zaituena.

Ilargi

Badakizu ilargi hitzaren etimologia, ezta? Hil-argia. Kutsu tetriko samarreko hitza, beharbada, baina poetikoa ere bai, dudarik gabe.

Herrimina

Eta galiziarrek etxetik kanpo izan ohi duten morriñari herrimin deitzen diogu guk; hain desberdinak ere ez dira belarrira, ezta? Gurea pixka bat dramatikoagoa beharbada: “herri”tik kanpo egoteak eragiten duen “mina”.

Zorion

Zerbait alaiagoa nahi baduzu, berriz, hor duzu zorion; zori eta on.

Galtzerdiak

Eta, amaitzeko, atsegin dugun bitxikeria bat: euskaraz, galtzerdi esaten dugu, baina inoiz pentsatu duzu nondik datorren? Galtza erdi. Bitxia, ezta?

Itxaropen

Itxaropenekin bukatuko dugu, euskara gehixeago ezagutuko duzun itxaropenez.

Gauza gutxi dira munduan hizkuntzak bezain baliotsu. Esku-eskura dugu euskara, hementxe, eta gurea da! Animatu!

Tira! Anima zaitez, eta ikasi euskara!