Perretxiko bila irten Euskadin?
Ana - Euskaltel
- Ikasi
- 2018-11-05
3 min
Perretxiko-garaia da dagoeneko! Nahiz oso apetatsuak izan eta ez diren beti ateratzen guk nahi dugunean, hemen da udazkena: labana eta zumezko saskia hartzeko eta berriz ere kuadrillarekin mendira perretxiko bila joateko une egokia.
Euskadin, perretxikoak hariztietan eta pagadietan agertzen dira batik bat, baina pinuekin berritutako basoetan ere izaten dira. Badakizu zein diren gure barietaterik ohikoenak? Lehenengo, boletus edulis edo udazkeneko onddozuria, jakina, txapela marroi eta enbor zurikoa; kaxkabeltza, txapela granate eta enbor ilunekoa; tripaku edo idi-mihia; eta onddo beltza, txapel beltz eta azal ilunekoa. Udazkeneko lehen euri-zaparraden ondoren agertu ohi dira, eta, barietateen arabera, euria egin eta 10-15 egunera agertzen dira batzuk (adibidez, boletusa) eta 35-40 egunera beste batzuk (esnegorria, kasurako).
Gutizia gastronomikoak dira, preziatu bezain urriak; beraz, bidean aurkitzen dituzun guztiak etxera eraman aurretik, gogoan izan galtzeko arriskuan daudela 70 espezie inguru eta, errespetatzen ez baditugu, galdu egingo direla azkenean. Beraz, mendian perretxiko-pila aurkitzen baduzu ere, saiatu ez hartzen 2 kilo baino gehiago egunean.
Perretxiko-paradisuak non dauden galdetuko diozu zeure buruari, noski… Jakina, denok jakin nahi dugu hori, baina perretxiko-biltzaile benetako batek ez du sekula ematen bere leku sekretuen berri; beraz, zure paradisuaren bila hasi beharko duzu. Gure geografia guztia goitik behera miatu beharrik ez izateko, leku batzuk balio seguruak dira, baina denbora pixka bat beharko duzu: Gorbeia, Aia, Aralar eta Izki, eta Ultzamako bailara, Nafarroan.
Gorbeiako Parke Naturalean, Araba eta Bizkaia artean, pinudi eta pagadiz beterik dagoenez, boletus eta idi-mihi asko daude, -5oC-rainoko tenperaturak jasaten baitituzte barietate horiek. Baina perretxiko bila atera aurretik, aholku bat: ingurua ondo ezagutzen duen norbaitekin atera; koska handi samarreko eremua da, eta maiz galtzen dira ingurua ondo ezagutzen ez dutenak.
Ultzaman,Iruñetik 25 kilometrora, parke mikologiko bat dago, perretxiko-klase asko dituena: esaterako, martxoko ezkoak, aereus eta edulis boletusak, eta amanita caesarea edo kuletoa, denboraldiaren amaiera markatzen duena.
Gipuzkoako Aiako parkea egoki-egokia da perretxiko bila joateko, zeren eta, Añarbeko urtegi inguruko pagadi eta hariztiez gain, oso inguru hezea da, Pirinioetatik eta itsasotik gertu baitago.
Izkiko parkea, Gasteiztik 31 kilometrora, Arabako lekurik apartatuenetako bat da, eta, beraz, oso aproposa perretxiko bila joateko.
Azkenik, Aralar, Goierri eta Tolosaldea artean, perretxiko bila joateko erreferentziazko lekua da Gipuzkoan.
Zure txoko sekretua aurkitzen duzunean, komeni da gauza batzuk kontuan hartzea, batez ere perretxikoen mundua ondo ezagutzen ez baduzu. Bada urrezko arau bat mikologian: ez badakizu ziur jateko ona ote den perretxiko bat, ez hartu eta, jakina, ez jan. Eta edozein arrazoi dela medio perretxiko toxiko bat jaten baduzu, onena da zati bat hartzea eta ospitalera eramatea, han saia daitezen identifikatzen eta konponbide egokia bilatzen.
Gogoratu beti laban bat eramatea aldean eta zumezko saski bat edo zulodun ontzi bat, esporak mendian banatu daitezen; hori da perretxikoak berriz atera daitezen bermatzeko biderik onena.

Gida bat besterik ez duzu behar orain, dauden 350 perretxiko-espezieak identifikatzen laguntzeko. Guk webgune bat aurkitu dugu: Fichas Micológicas; informazio asko eta asko emateaz gain, mikologiari buruzko oinarrizko ikastaro bat ere eskaintzen du. Gainera, teknologiak eta smartphoneak lagunduko dizute espezieak identifikatzen eta mendi-bideetan ez galtzen. Hiru aplikaziorik ohikoenak hautatu ditugu.
Identificador de setas
Doako aplikazio honek perretxikoak identifikatzeko eta bilketa-puntua geolokalizatzeko aukera emango du. Mundiala iruditu zaigu! Hala, ez duzu ahaztuko non aurkitu dituzun zure bitxiak. Gainera, berdin dio iOS edo Android sistema eragilea erabiltzen duzun, bi bertsioak baitaude.

Fungipedia Lite
Aplikazio honi esker, zure datu-base pribatua sor dezakezu geolokalizatutako perretxiko-lekuekin; “lite” bertsioak (doakoa) 500 espezie eta 2.000 argazki baino gehiago ditu. Deskargatu hemen iOSerako eta Androiderako bertsioak.

Boletus Lite
Perretxiko bat aurkitzen duzunean ez badakizu ziur zer motatakoa den, ireki aplikazioa eta, koloreari, eraztunari eta txapelari buruzko galdera batzuk erantzun ondoren, aukera batzuk eskainiko dizkizu izenaren, deskribapenaren eta argazkien arabera sailkatuak, aurrean duzuna identifika dezazun. Doakoa da lehenengo bi erabileretarako, eta iOS eta Android bertsioak ditu. Bertsiorik osatuena nahi baduzu, ordaindu egin beharko duzu.

Baina beste aplikazioren bat ezagutzen baduzu edo Euskadiko perretxikorik onenen txoko sekretuen berri eman nahi badiguzu, idatzi iruzkin bat. Zure zain egongo gara!
ZURE IRITZIAK BALIO DU