Historia eta xarma handienak dituen Bilboko auzoetako bat da Iralabarri. British estiloko etxe koloretsuek estanpa berezia osatzen dute, eta askok Bilboko Notting Hill gisa ezagutzen dute. Non dagoen, hara nola irits zaitezkeen eta zer historia duen kontatuko dizugu.
Iralabarri auzoko kaleetan, koloretako etxetxoen ilarak daude, estilo ingeleseko fatxadekin eta lorategi txikiekin, eta arkitektura horrek kontrastea egiten du Bilboko beste eremu batzuetako ohiko irudi industrial eta urbanoarekin.
Iralabarrira iritsi orduko jabetuko zara zergatik konparatzen duten Notting Hill Londresko auzo ezagunarekin. Arrosaz, horiz, urdinez edo berdez margotutako etxeak eta kale lasaiak dira nagusi.
Baina irudi eder horren atzean historia bat dago; industrializazioari, langile-etxeei eta bizitzeko leku bat baino zerbait gehiago eraiki nahi izan zuen enpresaburu baten ametsari lotutako historia bat.
Goazen Iralabarrira, Bilboko Notting Hillera. Historia handiko auzoa da, baina bizi-bizirik dago gaur egun ere.
Non dago Iralabarri eta nola irits gaitezke hara?

Iralabarri Bilboren hegoaldean dago, Errekalde barrutian.
Modu batean baino gehiagotan irits zaitezke hara:
-
Oinez: Abandoko geltokitik edo Moyua plazatik 15 bat minutura dago oinez, eta Alde Zaharretik 20 bat minutura, Areatzako zubia zeharkatuz. Hori bai, kontuan izan bidea aldapa gora dela ;)
-
Autobusez: Bilbobusen 57, 71, 75 eta 76 lineak erabil ditzakezu; zuzeneko konexioa dute auzoarekin.
-
Metroa: Iralabarrik ez du geraleku propiorik, baina gertuen duzun geltokian jaitsi zaitezke, Indautxun, eta paseo bat emanez iritsi hara.
-
Autoz: ez da aukerarik gomendagarriena, aparkatzeko leku gutxi egoten baita.
Behin hara iritsita, koloretako etxeak, Bilboren historia industriala eta Bilboko txoko hau izaera propioko auzo bihurtu zuen hirigintza-proiektua ezagutzeko aukera izango duzu.
Nolakoa da Iralabarri?
Iralabarri Bilboko txoko ingeles txiki bat da.
Britainiar estiloan inspiratutako etxe koloretsuek zerbait berezia dute. Koloretako fatxadek, leihoen formek, teilatuek, lorategiek eta atzeko patioek oso irudi berezia sortzen dute. Asko etxe txikiak dira, baina txaletak eta garaiera desberdinetako eraikinak ere badaude.
Proiektua lorategi-estiloko hirietan inspiratua dago, eta, hain zuzen, estilo haren helburua zen herritarren bizi-baldintzak hobetzea, etxebizitza argitsuak, aireztatuak eta kanpo-espazioa zutenak eginez. Ideia berritzailea, inondik ere, industrializazioaren erritmoan hazten ari zen Bilbo hartarako.
Iralabarriren historia: Juan Jose Iralaren proiektua
Mende-hasierara bidaiatu behar da Iralabarri auzoaren nondik-norakoak ulertzeko. Garai hartan, Bilbok eraldaketa industrial handia bizi zuen, eta etxebizitza berriak behar zituen lantegien erritmoan hazten ari zen populazioarentzat.
Garai hartakoa da Juan Jose Irala, ogiaren industriari lotutako enpresaburu bat, Harino Panaderaren sortzailea. Hark bultzatu zuen, XX. mendearen hasieran, Iralabarri enpresa- eta bizitegi-proiektua.
Asmoa zen fabrikako langileak eta haien familiak bizi ahal izango ziren auzo bat eraikitzea, garai hartako etxebizitza askorenak baino osasuntsuagoak eta eskuragarriagoak izango ziren baldintzetan. Proiektua haziz joan zen hainbat urtez, eta 15 kale batzera iritsi zen, txalet, etxebizitza atxiki eta bizitegi-blokeekin.
Azkar hazi zen: 1908an, 198 biztanle baino ez zituen eremu hark, eta 1920an, berriz, 3.000 biztanle inguru izatera iritsi zen. Gaur egun, 12.000 lagun inguru bizi dira han.
Proiektuaren helburu ez zen etxeak eraikitzea bakarrik. Eguneroko bizitzarako zerbitzuak ere aurreikusten zituen, hala nola eskola, ekonomatua eta mediku-arreta. Asmoa zen etxe-sail antolatu bat sortzea, zeinean familiek, aterpeaz gain, beste zerbitzu batzuk ere izango baitzituzten.
1916an, Alfontso XIII.a erregea bisitan joan zen auzora, eta auzoaren inaugurazio ofizialtzat hartzen da hura.
Mende bat baino gehiago pasatuta, Iralabarrik bere izaera bereziari eusten dio, eta Bilboko eraldaketa sozial eta urbanistikoen testigantza izaten jarraitzen du; baita Bilboko txokorik fotogenikoenetako bat ere.
Zer ikusi Iralabarrin

Iralabarriko etxerik ederrenak Kirikiño, Baiona eta Zuberoa kaleetan daude,
baina gure gomendioa da Iralabarriren xarma guztia zeure kabuz deskubritzen joatea.
Izan ere, Iralabarri koloretako etxe horiek baino askoz gehiago da. Adibidez, merezi du Urizar Dorrea baserria ikustea; eraikin historiko bat, industria zabaldu aurretik lur hauek landa-lurrak zirela gogorarazten diguna.
-
XVI. mendeko baserri bat da, geroagoko zenbait berrikuntza izan zituena. Kontraste polita egiten du XX. mendearen hasieran eraikitako langile-etxebizitzekin. Haren ondoan, San Luis Beltran eliza nabarmentzen da, eta
-
Harino Panadera eraikina, Juan Jose Iralaren aginduz eraikia. 1902ko fabrika zaharretik, zeina industria-estilo funtzionalekoa baita, ehotze-eraikina eta jatorrizko makineriaren zati handi bat kontserbatzen dira. Monumentu-multzo izendatu zuten 2005ean, eta gaur egun administrazio publikoaren zenbait bulego daude han. Bilboko Udalak antolatzen dituen bisita gidatu edo antzeztuen bidez ezagut daiteke.
-
Eskurtze parkea: auzoko berdegune nagusia da, ibilaldiaren ondoren atseden hartzeko aproposa.
-
Vista Alegreko zezen-plaza: auzoaren mugan dago, Zabalbururen ondoan.
-
Irala kaleko horma-irudia: Tadeo Jones animaziozko pertsonaiari eskainitako horma-irudi bitxi eta erraldoi bat da; etxe bateko fatxada bat apaintzen du, eta auzoaren mendeurrena ospatzeko margotu zen.
Ondarea ezagutzeko eta auzoari buruzko xehetasun gehiago jakiteko bisita gidaturen batean parte hartu nahi izanez gero, kontsultatu Bilbao Turismoren programazioa edo Bilbao Izan udal-programarena, Iralabarriren historia ezagutzeko ibilbideak antolatzen baititu aldizka.
Ohiko ibilbideetatik irten eta beste txoko bat ezagutu nahi duzu? Zoaz Iralabarrira, Bilboko Notting Hillera.
Goiburuko irudiaren iturria: Zarateman, via Wikimedia Commons
