Zugaztieta natura- eta aisia-eremu bilakatu den XIX. mendeko meatze-auzo ohi bat da, eta, hara iristeko, Larreinetako funikularra har daiteke. Non dagoen, nola iritsi eta zer ikusi kontatuko dizugu post honetan; gainera, bertako babarrun ezagunak jatera animatzen zaitugu.

Hamarkada askoan burdinaren erauzketak markatu zuen eremua da Zugaztieta (La Arboleda). 1877an sortu zen eta 2003an monumentu-multzo izendatu zen.

Edonor harritzeko modukoa da meatze-herri txiki honen inguruko paisaia eta meatzaritzari lotutako historia. Gainera, hara iristea ere esperientzia bat da bere horretan, Larreinetako funikularrean —Euskadiko luzeena— joan baitaiteke.

Non dago Zugaztieta?

arboleda paisaje
Irudia: Diputación Foral de Bizkaia

Trapagaraneko (Bizkaia) auzo bat da Zugaztieta. Trianoko mendietan dago, Bilbotik 20 bat kilometrora, Ezkerraldean.

Gaur egun toki ezaguna da naturazaleentzat, baina burdinaren erauzketarekin izan zuen zerikusia hasiera batean. Bizkaiko meatzaritza-industriaren motor handietako bat izan zen zenbait hamarkadaz. Hemen erauzten zen instalazio siderurgikoetara (besteak beste, Sestaoko Labe Garaietara) garraiatzen zen minerala.

Zugaztieta 1877an sortu zen, eta meatzarien identitate hori mantentzen du oraindik ere. Langileen zurezko etxeak, sindikatuei lotutako eraikinak eta meatzarien bizimodua gogorarazten diguten eraikuntzak daude kaleetan.

Zer ikusi Zugaztietan: ibilbideak eta ezinbesteko txokoak

arboleda monumento
Irudia: Etxaburu, via Wikimedia Commons

Natura bilakatutako meatze-paisaia bat da Zugaztieta. Garai batean meatze-ustiategi ugariko eremu handi bat izan zena eraldatuz joan da denborarekin, eta urmaelek, zelaiek, bideek eta baso txikiek osatutako paisaia bat da gaur egun.

Antzinako langile-etxebizitzei eta kaleetako giro lasaiari esker, nortasun propioa duen herri bat da Zugaztieta; gainera, Bizkaiko inguru hau guztiz eraldatu zuen garaiko aztarnak ezagutzeko gogoa pizten du. Ez utzi ikusi gabe harri-zulatzaileen monumentu ezaguna.

Bisitan bazoaz, Zugaztieta inguruan Pikwik meatzearen lurrak izan zirenak ezagutzeko aukera ematen duen ibilbide zirkular bat egitea da aukera ezagunenetariko bat. Aisialdirako gunean hasten da ibilbidea; gero, hilerrirako bidetik gora hartu eta pista batetik eta bidezidor batetik (alboetako hormetan burdin mearen aztarnak ikus daitezke) jarraitu behar da. Zailtasunik gabeko paseo bat da, ordubete pasan egiteko modukoa.

Hona hemen Zugaztietako ezinbesteko txokoetako batzuk:

  • Ostion putzua, aisialdiko gunearen ondoan. Urez beteta dago garai bateko ustiategien eremua; irudi berezi-berezia du, paisaia gainazalean islatzen denean, bereziki.

  • Los Cármenes putzua: lurpeko urek hartu dute antzinako ustiategia. Atentzioa ematen dute haitz-formazioek eta burdinaren oxidazioak utzi dituen tonu gorrixkek.

  • Parkotxa putzua: urmael bilakatutako mineral-garbitegia; arrantza-eskolatarako erabiltzen da.

  • Zugaztietako parkea eta Eskulturen parkea (Meatzalde Goikoa parkea).

  • Zugaztietako labirintoa: pasabide naturalez eta forma bitxiz beteriko paisaia harritsu bat da.

  • Meaztegi Golf: Severiano Ballesterosek diseinatutako golf-zelai honek 18 zuloko ibilbide bat eta pitch & putt ibilbide bat ditu. Bizkaiko golf-zelai publiko bakarra da.

  • Peñas Negras ingurumen-interpretazioko zentroa (Ekoetxea). Bisitatu beharrekoa inguruko historiaren berri jakin nahi dutenentzat.

Ohar garrantzitsua: antzinako meategiak urmael bihurtu diren arren, ezin da han bainatu. Batzuk arrantza egiteko erabiltzen dira, eta beste batzuk gune naturalen parte dira, prestatutako bideetatik ikusi beharrekoak.

Nola iritsi Zugaztietara

arboleda pueblo
Irudia: Etxaburu, via Wikimedia Commons

Larreinetako funikularra da Zugaztietara iristeko modurik onenetariko bat; gure blogeko beste post batean kontatu dizkizugu funikular horri buruzko xehetasun guztiak.

La Escontrilla geltokitik (Trapagaran) abiatzen da funikularra eta Larreinetaraino igotzen da. Abrako badiaren, Bilboko itsasadarraren eta antzinako meatze-eremuen ikuspegi panoramikoez gozatzeko aukera ematen du ibilbideak.

Gora iritsitakoan (Larreineta), kilometro bat pasa dago Zugaztietara. Oinez egin daiteke falta den bidea, edo autobus elektrikoa erabili.

  • Bilbon garraio publikoa hartuz gero, Renferen aldiriko trenean (C2 linea) joan daiteke Trapagaranera eta handik oinez joan funikularraren geltokira.

  • Bizkaibus linea batzuk ere gelditzen dira geltokitik gertu.

  • Autoz joan nahiago izanez gero, Trapagaranera iritsi eta Larreinetara eta Zugaztietara daraman bidean gora igo behar da. Autoa uzteko tokiak daude aisialdiko gunearen alboan.

Non jan Zugaztietan

arboleda casa
Irudia: Ebaki, via Wikimedia Commons

Garai bateko meatzeen inguruan ibili eta urmaelak ikusi ondoren, eseri eta bazkaltzeko gogoa izango duzu, seguruenik. Eta, Zugaztietara bazoaz, ezinbestekoa da babarrun gozo batzuk jatea.

Izan ere, oso ezagunak dira Zugaztietako babarrunak, txorizo, odolki eta saiheski eta guzti.

Zenbait establezimendutan dastatu daiteke gastronomia tradizionaleko plater hori. Hona hemen aukera batzuk:

  • León XIII jatetxea; klasiko bat da Zugaztietan eta babarrunak dira hango protagonistak.

  • Asador Maite establezimenduak ere sukaldaritza tradizionala, babarrunak eta txingarretan erretako haragiak eskaintzen ditu.

  • Karmen Barria: etxeko platerak eta menu tradizionalak.

Guztietan da komenigarria aldez aurretik erreserbatzea; batez ere, asteburuetan.

Zein da Zugaztieta bisitatzeko sasoirik onena?

arboleda lagos
Irudia: Diputación Foral de Bizkaia

Zugaztieta urte guztian bisitatu daiteke, urtaro guztiek baitute bere xarma.

Udazkena eta udaberria garai bikainak dira bideetan ibiltzeko eta urmaelez gozatzeko. Tenperaturak atseginak izan ohi dira oinez ibiltzeko, eta paisaiaren koloreak oasko aldatzen dira.

Bestalde, udako egun luzeek inguruneaz lasaitasunez gozatzeko eta eguna aire zabalean pasatzeko aukera ematen dute. Garai egokia da familian joateko, baina komeni da eguerdiko orduak saihestea bero handiko eguna bada.

Neguan, paisaiak oso bestelako xarma bat du, lasaiagoa, eta askotan, lainoz inguratua. Sasoi bikaina da, halaber, babarrunak jateko. Baina oinetako egokiak eramatea komeni da, bide batzuk lokaztuta egon baitaitezke euria egin ondoren.

Beraz, hemen duzu plan biribil bat: Larreinetako funikularrean igo, garai bateko meatze-herriko kaleetan zehar paseatu, urmaelak ikustera joan eta, amaitzeko, platerkada bat babarrun jan Zugaztietan. Animatzen zara?

Goiburuko irudia: Turismo de Euskadi