Arabako herri txiki batean, eliza erromaniko batek babesten ditu Gazeoko margolanak, Erdi Aroko horma-pinturen multzorik harrigarrienetariko bat Euskadi guztian. Non dauden eta nola bisitatu ditzakezun esango dizugu. Gainera, non jan dezakezun ere proposatuko dizugu, bai eta Arabako Lautadan ikus ditzakezun beste txoko batzuk ere.

Arabako Lautadako kontzeju txiki bat da Gazeo. Eta han, San Martin Toursekoaren elizan, Arabako Erdi Aroko artearen altxorrik handienetariko bat dago: Gazeoko margolanak.

Non dauden Gazeoko margolanak

Gazeo Iruraitz-Gauna udalerrian dago, Arabako Lautadan, Gasteiztik 20 bat kilometrora.

Eta han, San Martin Toursekoaren elizan, Gazeoko margolanak ikusteko aukera izango duzu, XIII. mendeko arte plastikoaren adibide onenetariko bat.

Nola bisitatu Gazeoko margolanak

Lehenik eta behin, jakin behar duzu ezin dela besterik gabe sartu San Martin Toursekoaren elizan.

Bisita ibilbide gidatuen bidez bakarrik egin daiteke, eta beharrezkoa da aldez aurretik erreserbatzea. Beraz, Gazeoko margolanak ikusteko, Gazeoko eta Alaitzako elizak ikusteko bisitetan eman behar duzu izena. Bisitak bi ordu irauten du, gutxi gorabehera.

Gazeoko margoetarako bisita erreserbatzeko, Arabako Lautadako turismo-bulegoarekin harremanetan jarri behar da:

  • Telefonoa: 945 30 29 31.

  • Posta: 2turismo@arabakolautada.eus

  • Webgune ofiziala: Visit Lautada

Libre dauden tokien eta ordutegi zehatzen berri emango dizute; dena den, hauek dira ohiko ordutegiak:

Gazeoko margolanak ikusteko bisita gidatuen ordutegia

Irailetik ekainera:

  • Larunbata eta igandea: 11:00

Uztailean eta abuztuan:

  • Larunbata, igandea, asteartea eta osteguna: 11:00

Ikus ditzagun tarifak orain.

Gazeoko margolanetarako bisitaren prezioa

  • Tarifa orokorra (bi elizak bisitatzeko balio du): 4 euro/pertsona.

  • Añuako eta Arbuluko elizak eta Aguraingo alde zaharra ere ikusi nahi izanez gero: 7 euro/pertsona.

  • 12 urtetik beherakoak: doan.

Nola iritsi Gazeora

pinturas gazeo iglesia
Irudia: Arabako Lautadako Kuadrilla

Autoz joatea da ohikoena, beharrezkoa izango baituzu bi elizak (Gazeokoa eta Alaitzakoa) ikusteko; izan ere, bakoitza herri batean dago.

Gazeon tokia dago autoa uzteko, baina kontuz ibili behar da, etxebizitzetarako eta garajeetarako sarrerak errespetatuz. Bisiten antolatzaileek ere gogoraraziko digute hori bisitan bertan.

Noiz da joateko sasoirik onena? Urtaro guztiak dira aproposak, eliza barruan baitago erakargarri nagusia. Dena den, inguruak ezagutzeko aprobetxatu nahi baduzu, udaberria eta udazkena bereziki atseginak dira Arabako Lautadako paisaiez gozatzeko.

Nolakoak dira Gazeoko margolanak?

pinturas gazeo interior
Irudia: Turismo de Euskadi

Gazeoko margolanak, azaldu dugunez, San Martin Toursekoaren elizan daude; elementu protogotikoak dituen eliza erromaniko bat da, XIII. mendean eraikia.

Elizaren horma eta gangetan, ondare-balio handiko estilo gotiko linealeko horma-pinturen multzo bat dago (XIII. mendearen amaiera eta XIV. mendearen lehenbiziko hamarkadetan eginak).

Lehenbizi, atentzioa ematen dute presbiterioaren ingurua betetzen duten eszena eta figura ugariek. Konplexutasun handiko apaingarri bat da, ikusizko kontakizun benetako bat, hormen parte handi bat hartzen duena eta aukera ematen duena Erdi Aroko gizartearen sinesmenetara gerturatzeko.

Trinitateari, Kristoren bizitzari eta azken judizioari buruzko eszena erlijiosoak daude. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Trinitate Sakratuaren misterioari eta arimen juizioari buruzko irudiak. Kolore bizikoak dira, pintura freskoa eta tenpera bateratzen dituztenak eta xehetasun-maila bikainekoak. Gainera, oso ondo kontserbatu dira.

Margolan horiek funtzio zehatz bat zuten: erlijiozko irakaspenak transmititzea herritarrei, gehienek ez baitzekiten ez irakurtzen, ez idazten.

Gazeoko margolanen historia eta aurkikuntza

pinturas gazeo mural
Irudia: Arabako Lautadako Kuadrilla

Badakizu Gazeoko margolanak kare-geruzen azpian ezkutatuta egon zirela zazpi mendez, elizako erretaula nagusiaren atzealdean?

1967an aurkitu zituzten, erretaularen zati bat kendu eta margolanak agertu zirenean. Ezusteko handia izan zen: kalitate artistiko handiko eta bikain kontserbatutako Erdi Aroko horma-pintura multzo bat.

Alaitzako margolanak

Gazeora bazoaz, aprobetxatu Alaitzako Andre Mariaren Jasokundearen eliza ere ikusteko, Arabako Lautadako eta Euskadiko Erdi Aroko ondarearen altxor handia baita hura ere. Gainera, bi elizetarako eta margolanetarako bisitak batera erreserbatzen dira.

Gazeotik kilometro gutxi batzuetara dago Alaitza, eta Erdi Aroko oso bestelako margolanen multzo bat dago han. Kasu honetan, okre gorriz margotutako silueta misteriotsuak daude hormetan: gerrako eszenak, zaldunak, ehizaldiak eta eguneroko bizitzako beste egoera batzuk irudikatzen dituzte.

Bizitza zibilaren eta militarraren inguruko gaiak dira, eta ez eliza batean espero diren gai erlijiosoak. Horregatik, ikertzaileek haien esanahia eztabaidatzen jarraitzen dute.

Gazeo eta Alaitza bisitatzea modu ezin hobea da Erdi Aroko artearen bi adibide oso desberdin ezagutzeko. Gainera, Arabako Lautadako eliza margotuen ibilbidearen parte dira bi herriak.

Non jan Gazeoko margolanak bisitatzen badituzu

pinturas gazeo peregrinos
Irudia: Asier Sarasua Aranberri, via Wikimedia Commons

Gazeo herri oso txikia da eta ez du eskaintza gastronomiko handirik, baina Agurainen osa dezakezu txangoa.

Minutu gutxi batzuetan izango zara han autoz bazoaz, eta aukera gehiago izango dituzu bazkaltzeko, pintxo batzuk jateko eta Arabako gastronomiaz gozatzeko.

Euskal sukaldaritza dastatu ahal izango duzu Dana Ona eta Jose Mari jatetxeetan; bigarren hori Aguraingo alde zaharrean dago, eta El Gordo esaten diote.

Zer ikusi Gazeo inguruan

Gazeoko margolanetarako bisita abiapuntu ona da Arabako Lautadan txango txiki bat egiteko.

Zenbait gomendio emango dizkizugu:

  • Paseatu Aguraingo alde zaharrean. Harresiz inguratutako Erdi Aroko hiribildu bat da, kale estuz, etxe armarridunez eta jauregiz osatua.

  • Ezagutu Sorginetxe trikuharria. Arabako monumentu megalitiko interesgarrienetariko bat da Arrizalatik gertu dagoen trikuharri hau.

  • Bisitatu Estibalizko Andre Mariaren basilika. Ingurune natural eder batean dago eta Arabako erromanikoaren erreferente handietariko bat da.

  • Arabako Lautadako altxor gehiago ezagutzeko, bisitatu Añuako eta Arbuluko elizak.

Ezagutu nahi duzu Arabako Erdi Aroko artea? Eta, bide batez, Arabako Lautadako paisaiez eta herrixkez gozatu. Prestatu Gazeoko margolanetarako bisita ;)

Goiburuko irudia: Arabako Lautadako Kuadrilla