Abenduko zubirako guztiok itxaroten genuen plana, Durangoko Azokaren aurtengo edizioa, 2023ko abenduaren 6tik 10era. Euskal kulturako hitzordu nagusietako bat da. Disko- eta liburu-azoka baino askoz gehiago da, euskaldunen eta euskal kulturaren zaleen topagune bilakatzen baita Durango. Ez dezazun xehetasunik gal, 2023ko Durangoko Azokari buruz jakin beharreko guztia kontatuko dizugu: egitaraua, kontzertuak, nola iritsi…
Durangoko Azoka 2023: egitaraua
Bost egunez, 2023ko abenduaren 6tik 10era, euskal kultura 58. Durangoko Azokan izango da.
Landakon egongo da saltsa guztia. Gure kultur panoramako nobedade literario eta musikalak erosi ahal izango dituzu, eta beste hainbat proposamen ere aurkituko dituzu standetan (300 inguru izango dira).
Euskaltelen standa ere hantxe izango duzu. Zatoz bisitan. Izan ere, bi hamarkada baino gehiago dira Azokara etortzen garela. Bi erakundeok dugu gure kultura eta euskara bultzatzeko konpromisoa.Gainera, Interneterako konexio onena eta soluzio teknologiko berrienak jartzen ditugu antolakuntzaren eskura, guztia ondo-ondo atera dadin.
- Noiz: 2023ko abenduaren 6tik 10era
- Ordutegia: 10:00etatik 22:00etara
- Sarrera: doakoa
Azokak proposamen kultural ugari eskaintzen ditu, zenbait tokitan banatuta. 2023ko Durangoko Azokako jarduerak egingo diren tokien gida bat uzten dizugu, gaiaren arabera antolatuta:
- Landako Gunea: standen pabiloi nagusia eta aurkezpenetarako Talaia.
- Plateruena: kontzertuak.
- Bartolome Ertzilla musika-eskola: hitzaldi literarioak eta liburuen aurkezpenak.
- San Agustin Kultur Gunea: azokaren inaugurazio ofiziala eta arte eszenikoak.
- Zugaza zinema: film-emanaldiak eta aurkezpenak.
- Elkartegi eraikina: familientzako jarduerak; besteak beste, lantegiak, ipuin-kontalariak, liburuen aurkezpenak eta ikuskizunak.
Eta, orain bai, Durangoko Azokako 2023ko egitarauko alderdi nabarmenen berri emango dizugu.
Durangoko Azoka 2023: kontzertuak
Durangoko Azoka 2023ko kontzertuak Plateruenan egingo dira, abenduaren 6tik 10era. 49 talde arituko dira, eta haietatik 17k beren lehen diskoa aurkeztuko dute.
Musika-maratoia izango da zinez, euskarazko musikaren alorreko artista ezagunak (besteak beste, Nøgen, Leihotikan, Amorante eta Ibil Bedi) eta talde berriak (Akaleia, Haira, Ithaka, Mamu eta abar) arituko baitira.
Hemen kontsultatu ditzakezu Durangoko Azoka 2023ko kontzertu guztiak, egunaren arabera iragazita.
- Noiz: 2023ko abenduaren 6tik 10era
- Ordutegia: 11:00etatik 22:00etara. Kontzertuak 30 minututik behin
- Non: Plateruena
Nola iritsi Durangoko Azokara
Ez duzu aurkituko abenduko zubirako plan hoberik Azokako giroaz gozatzea baino, Durangon arnasten den euskal kulturaren eklosioa bertatik bertara biziko baituzu, abenduaren 6tik 10era.
Nola iritsi Durangoko Azokara?
Bilbotik bazoaz, autoz ordu-erdi beharko duzu, Txorierriko barnebidetik (N-637) eta AP-8tik. Bestela, trenez (Euskotren) edo autobusez (Bizkaibus) joan zaitezke Bilbotik Durangora.
Durangon, onena oinez ibiltzea izango duzu, kaleetako giroaz gozatzeko.
Autoa Durangoko aparkalekuetako batean utzi eta Landako Gunetik gertuenetako aparkalekuetara eramango zaituzten autobusak hartzea gomendatzen dizugu.
Azokako gune batetik bestera joateko, autobusa erabiltzea da beste aukera bat. Esteka honetan ikus dezakezu non dauden autobus-geltokiak.
Durangoko Azoka 2023: liburuak erostea
2023ko Durangoko Azokak jarraitzen du abenduko zubiaren ondoren ere, Euskal Herriko liburu-denda guztietan, Zu non, han DA! ekimenari esker.
2023ko abenduaren 11tik 2024ko urtarrilaren 7ra erosi ahal izango dituzu 2023ko Azokako nobedade guztiak, eta aste horietan egingo diren liburu-aurkezpenetara joateko aukera izango duzu.
Kontsultatu hemen liburu-dendak eta aurkezpenak.
Goiburuko irudia: Durangoko Azoka