Urriak 31koa gau beldurgarria da… Eta Euskadin aspaldi hasi ginen jendea beldurtzen, kalabazei begiak eta ahoak zulatuz eta barnean sua piztuz. Ezagut itzazu hobeto euskal Halloween jaiaren jatorria, historia eta harekin lotutako ohiturak: hauxe da gure Gau Beltza.

Gau Beltzaren jatorria

Gaur egun Halloween izenez ezagutzen dugun jaiaren jatorria aspaldikoa da oso.

Datuek diotenez, Irlandan bazen tribu zeltek ospatzen zuten “Samhain” izeneko jai pagano bat K.a. XIII. menderako. Egun horrekin ospatzen zuten uztaren amaiera nahiz aro hotzaren hasiera, bai eta urte berriaren abiapuntua ere beren egutegian.

Gainera, zeltek uste zuten gau hartan ireki egiten zela bizien eta hilen munduak bereizten zituen atea, eta, hortaz, joandakoen mamuak libre ibiltzen zirela nonahi. Horregatik, zori gaiztoko ustekabeak saiheste aldera eta hildakoen arimei bidea erakusteko asmoz, ikatza sartzen zuten arbien barruan, eta linterna gisa erabiliz argitzen zituzten beren herri eta etxeak.

Egun hartan bertan ospatzen zuten orobat beren jainko-jainkosen jaiotza, eta haurrek eskaintzak biltzen zituzten druidek erritu sakratua presta zezaten. Orduan ez zen gozokirik izango, baina ziur eskuratzen zutela gutizia zaporetsuren bat edo beste.

Gau Beltzaren historia Euskadin

Gau Beltza en Euskadi
Iturria: Birasuegi, CC BY-SA 4.0, via Wikimedia Commons

Eta nola iritsi zen ohitura hura Euskal Herrira? Ustez herri zeltek ekarri zuten, Araba eta Nafarroa inguruetan finkatu ondoren Gipuzkoa eta Bizkaiko gune garaietako kastroetara joan zirenek.

Horrela bada, kalabaza eta kandelen ohitura zinez amerikartzat jotzen genuen arren, ikerketek diote tradizio hori bazela Euskadin askoz ere lehenagotik.

Arbi, kalabaza, kandela eta eskaintzak biltzen zituzten erritu pagano haiek hainbat modutara zabaldu ziren Euskadiko herrietan zehar; batzuetan Gau Beltza izena hartu zuten, eta beste batzuetan Arimen Gaua izenarekin egin ziren ezagun.

Jaia urtez urte zabaldu zen tradizio herrikoiari esker eta, aurrerago, erlijio katolikoari esker.

Erromatarrak eta eliza katolikoa iristearekin batera, ohitura hura kristautu egin zen ofizialki, eta 835. urtean Gregorio IV. aita santuak erabaki zuen “Santu Guztien Eguna” maiatzetik azarora pasatzea.

Udazkenean finkaturik, Gau Beltzak sustraitu egin zituen bere tradizio eta errituak, gehienbat landa-inguruneetan.

Gau Beltzaren tradizioa Euskadin

Kalabaza moldatuak, kandela piztuak, beldurrezko istorioak ilunpean, sua, etxez etxeko janari-bilketa. Haur zein helduek Gau Beltza bizi zuten eta, orain, biziberritu egin dute Euskadin.

Gau Beltzeko ohitura zabalduenetako bat da herrietako elizen kanpandorreetan kalabaza bat jartzea barruan kandela piztu bat duelarik.

Toki askotan, jakirik ere ez da falta izaten. Esaterako, Deba ibaiaren ertzetan ohikoak izaten ziren gaztaina erreak, bai eta Artzibar bailaran edota Arrasaten ere.

Mutrikun bada Gau Beltzaren beste bertsio bat: XIII. mendearen hasieran kalabazak jartzen ziren etxeetako ezkaratzetan, eta, jartzerakoan, herritarrek kantu bat kantatzen zuten Xestero ehorzlearen kontra: “Xesteron kontra, animen alde…” Ospakizun haren izena “Gaba Beltza” zen, eta azken urteotan ohitura berreskuratu nahian dabiltza, herriko kaleak zuzi, mozorro eta kalabazaz betez urtero, urriaren 31ko iluntzean.

Izan ere, Gau Beltzaren ospakizuna asko ahuldu zen Euskadin XX. mendearen erdi aldera, baina ez dugu ahantzi, eta gaur egun badira hainbat herri antzinako tradizioa berreskuratzen ari direnak.

Gau Beltza gaur egun

Errenterian Kalabazaren Bidearekin biziberritu dute Gau Beltza. Kalean trikimakoak, musika eta dantza izaten dira, etxeak bereziki apaintzen dira, eta kalabaza-pastelak egiten dituzte.

Irurtzun eta Bakaikun ere arimen gaua biziberritzea erabaki dute mozorro, tailer eta gaztaina erreekin.

Halaber, elizetan kandeladun kalabaza argitsuak ikusten dira berriz Bermeo, Oiartzun, Zizurkil edo Berrizen.

Donostian, Gau Beltzak indar handia du Altzan, non “Animen Ibilbide” berezi bat antolatzen duten, Lantzeko inauterietako dantzekin amaitzen dena. Antigua eta Txomin auzoetan ere antolatzen dira bereziki txikienentzat prestatutako txokolatada, jarduera zein jolasak, Gau Beltza zer den ikas dezaten.

Gau Beltzari eman zaion bultzada berri honetan, bada izen azpimarragarri bat, Euskaltzaleen Topagunea hain zuzen, aktiboki ari baita lanean tokian tokiko talde nahiz erakundeekin antzinako tradizio hau merezi bezala ospatu dadin Euskadin, gure arbasoek egiten zuten moduan.

Herriz herri, pertsona nagusi askok gogoan dute nola haurtzaroan arbi eta kalabazak biltzen zituzten, nola barrutik husten zituzten giza aurpegi baten forma emateko, eta nola kandela bat pizten zieten barruan auzokoak eta adiskideak izutzeko. Edo nola ibiltzen ziren baserriz baserri, trapu zaharrez eginiko mozorroak soinean jantzita, fruitu lehor eta gaztaina eske.

Honelaxe oroitzen dute Gau Beltza:

Ikusten duzunez, duela hainbat urte Euskadin ere bagenuen gure Halloween jaia. Orain Gau Beltzaren jatorria eta historia badakizkizunez, hustu kalabaza, piztu kandela eta presta zaitez urteko gau beldurgarrienaz gozatzeko.