Plaza Barria Bilboko lekurik berezienetako bat da. Plaza Berria non dagoen kontatuko dizugu, eta hara nola iritsi eta jatetxe egokiak zein diren. Eta pasadizo harrigarriren bat ere bai, adibidez, hango arkupe eta fatxadek festa veneziar bat ikusi zutenekoa, gondola eta guzti.
Bilboko Plaza Barria Alde Zaharrean dago, eta terraza batean eseri eta bertako arkupe berezietan pintxo ederrez gozatzera gonbidatzen gaitu. Baina historia handiko lekua ere bada. Ba al dakizu noiz eta nola izan zen Venezia egun batez?
Non dagoen eta nola iritsi Bilboko Plaza Barrira
Plaza Barria Bilboko erdigune historikoan dago, Posta, Kapelagile, Askao eta Foru kaleek inguratuta.
Hara iristea oso erraza da.
-
Metroz: geltokirik erosoena Zazpikaleetakoa da. Hortik, minutu batzuk baino ez dira behar, oinez.
-
Trenez: Abandoko tren geltokitik, 10-15 minutuko ibilaldia eginez, edo Arriaga antzokiaren eta Areatzaren ingurutik, Zazpikaleak zeharkatuz.
Nolakoa da Plaza Barria?

Plaza Barria Bilboko Zazpikaleetan bertan dagoen harribitxi neoklasikoa da. Atentzioa ematen aurrenak bere forma laukizuzena eta fatxaden harmonia dira. Multzoa estilo neoklasikoan eraikita dago eta 3.400 metro karratu inguruko azalera du. Eraikinak harlanduzko harriz estalita daude eta ordena- eta simetria-sentsazioa transmititzen duen esparru itxi bat osatzen dute.
Plazak bost sarrera ditu. Arkupeek perimetro osoa zeharkatzen dute eta pilare karratuetan bermatutako erdi-puntuko arkuz osatuta daude. Guztira, plazak 18na arku ditu bi aldetan eta 15na beste bietan.
Hain zuzen ere, arku horien azpian egiten da plazako bizitzaren zati handi bat. Tabernak, jatetxeak eta kafetegiak daude, mahaiak kanpoan dituztela, eta jendearen joan-etorri etengabea. Egun eguzkitsuetan, terrazak bete egiten dira; euria egiten duenean, berriz, arkupeak babesleku ezin hobeak dira solaserako eta zerbait hartzeko.
Plaza Barriaren historia
Plaza Barriaren historia ezagutzeko, XVIII. mendearen amaieraraino atzera egin behar da. Bilbok bere hiri-eremua handitzeko eta espazio publiko batzuk modernizatzeko premia zuen. Garai hartako ideal ilustratuekin bat zetorren leku adierazgarri, ordenatu eta funtzional bat sortzea zen asmoa.
Hiru arkitektok diseinatu zuten: Silvestre Pérezek, Antonio Echevarríak eta Avelino Goikoetxeak.
Zergatik deitzen da Plaza Barria? Gaur egun Erriberako Merkatua dagoen inguruan kokatutako Plaza Zaharretik bereizteko.
Plaza Barria izena hartuko zuen proiektua 1786an jarri zen martxan, baina gauzatzeko zailtasun administratiboak eta ekonomikoak izan ziren eta jabe batzuk aurka agertu ziren. Azkenean, lanak hainbat etapatan egin ziren, eta ez ziren amaitu 1851ra arte.
Aukeratutako lursaila ere ez zen batere erraza. Marea garaietan urpean gera zitekeen padura bat izan zen eremua, eta garai hartako Zurratzaileen auzoari lotuta zegoen. Kokapena, ordea, estrategikoa zen: Bilboko hirigune historikoa Areatzarekin eta San Nikolas arrantzale-auzoarekin lotzen zuen.
Eta, padurez eta mareez ari garela, Plaza Barriko pasadizo "bilbotarrenetako" batekin geratuko gara.
Bilboko Plaza Barriko pasadizoak
1872ko abuztuaren 5ean, Amadeo I.a Savoiakoak Bilbo bisitatu zuenean, jai veneziar bat antolatu zen, plazaren itxura erabat aldatu zuena. Bai, ondo irakurri duzu: Plaza Barria urez bete zen. Aintzira inprobisatu bat bihurtu zen eta gondolak ere egon ziren.
Ospakizuna bisitari ospetsuei harrera egiteko antolatzen ziren “gozamenak” izeneko jaien parte zen. Horretarako, urmael artifizial bat sortu zen barrutian, eta batzuk veneziarrez mozorrotu ziren gondoletan nabigatzeko.
Eta nola lortu zuten eraikinez eta arkupeez inguratutako plaza bat urez betetzea? Kronikek diotenez, plazaren desnibela aprobetxatu zen, eta hustubideak itxi egin ziren urari eusteko, urak arkupeak hartu gabe.
Irudika itzazu fatxadak argiztatuta eta apainduta, bizilagunak veneziar erara jantzita eta gaur egun mahaiak, terrazak eta jendea pintxoez gozatzen ikusten ditugun lekuan itsasontziak nabigatzen.
Pasadizoa betikotuta geratu zen Manuel Losada margolari bilbotarraren Gondolak Plaza Barrian koadroan.
Zer egin Bilboko Plaza Barrian
Paseatu, fatxaden xehetasunak ikusten gelditu, arkuak behatu, terraza batean eseri kafe edo txakolin bat hartzeko... Bilboko Plaza Barrira egindako bisitarako iradokitzen dizkizugun planetako batzuk baino ez dira.
Hango eraikin ezagunen bat ere mirets dezakezu; esaterako, Euskaltzaindiaren egoitza.
Edo Zazpikaleetan paseatzen jarraitu, Santiago katedrala bisitatu edo Erriberako azokara eta itsasadarrera hurbildu. Leku guztiak oinez joateko distantzia erosora daude.
Gure gomendioetako bat Plaza Barrira igande goiz batean hurbiltzea da, bildumagileen azoka tradizionala egiten den egunean.
Eta abenduaren 21ean, Santo Tomas azoka egiten denean, Bilboko Gabon jaiei hasiera ematen diena.
Non jan Plaza Barrian?
Zerbaitek bihurtzen badu Plaza Barria ia derrigorrezko geraleku, bere eskaintza gastronomikoa da.
Gure Toki eta bere pintxo sortzaileetatik hasi eta Victor Montesko barra historikora edo Cafe Bar Bilbaoko giro tradizionalera. Ez zaizu aukerarik faltako.
Behar al duzu beste motiborik Bilboko Plaza Barrira hurbiltzeko? Paseatu, gozatu pintxo batzuez eta ezagutu Alde Zaharreko historia eta giro handieneko txoko bat. Eta gogoan izan behin, gutxienez ordu batzuez, gure Venezia partikularra izan zela;)
Goiburuko irudia: Jose Luis Filpo Cabana, via Wikimedia Commons
