Gorbeiako Gurutzerako igoera bizitzan behin bederen egin beharreko txango horietako bat da. Gehiago kontatuko dizugu orain: non dagoen, nola irits zaitezketen hara, zer ikusi eta zer egin daitekeen han, eta zer bitxikeria ezkutatzen dituen gurutze horrek, zeina Euskadiko irudirik ezagunenetako bat bilakatu baita.
Gorbeiak 1.482 metro ditu, eta Bizkaiko eta Arabako tontorrik garaiena da. Han goian, Gorbeiako Gurutze erraldoiarekin egingo dugu topo. Zurekin partekatu nahi dugu irudi bikain hori.
Gainera, Gorbeiara igotzea ez da soilik gurutzeraino iristea. Baso, zelai eta paisaia irekien artetik igarotzen da bidea, eta igo ahala aldatu egiten da ikuspegia. Eta azkenik gurutzea zeruertzean ikusten duzunean, orduan jabetzen zara zergatik den hain sinbolikoa eta ospetsua.
Nolakoa da Gorbeiako Gurutzea?
Gorbeiako Gurutzeak diseinu piramidala du. Bost metro inguruko aldeak dituen oinarri karratu batean dago bermatuta. Oinarri horretatik lau egitura metaliko irteten dira, eta, pixkanaka, bata bestearengana hurbiltzen dira, goiko aldean bat egiten duten arte. Egitura horren goian dago gurutzea.
Eta gurutzea, hain juxtu, bi lurralderen artean dago. Izan ere, lau euskarriak Bizkaiaren eta Arabaren artean daude banatuta: ipar eta ekialdeko oinak Bizkaian ditu, eta hego eta mendebaldekoak Araban.
Burdinazko eraikin irekia da, eta horri esker haizeak zeharkatu egiten du egitura. Eta orain ikusiko duzue zergatik den hori hain garrantzitsua ;)
Gorbeiako Gurutzearen historia: lehen gurutzea, bigarren gurutzea, hirugarrena eta behin betiko gurutzea

Gorbeiara igotzean, lehen bitxikeria gurutzearen historian bertan aurkituko dugu. Bazenekien gaur ikusten dugun gurutzea ez dela jatorrizkoa?
XIX. mendearen amaieran hasi zen dena, Leon XIII.a aita santuak, mende berriaren etorrera zela eta, gailurretan gurutze handiak eraikitzea sustatu zuenean. Euskadin, Gorbeia aukeratu zuten, mendirik garaiena.
Lehen gurutzea 1901ean inauguratu zen; 33 metro garai zen. Baina aste gutxi batzuk baino ez zuen iraun. Haizete gogor batek lurrera bota zuen urte bereko abenduaren 12an.
1903an, beste saialdi bat egin zen bigarren gurutze bat jartzeko. Aurrekoa baino txikiagoa zen: 23 bat metro garai. Hark ere ez zuen izan zorte handirik: 1906ko otsailean beste elur-ekaitz batek eraitsi zuen.
Eta orduan iritsi zen hirugarrena; behin betikoa, oraingoz behintzat. 1907an jarri zen mende bat baino gehiago pasatuta ere Gorbeiako gailurrean nabarmentzen den egitura. Pixka bat baxuagoa da: 17 metro garai, ofizialki.
Nola iritsi Gorbeiako Gurutzeraino?

Ibilbide bat baino gehiago daude Gorbeiako gailurrera iristeko, bai Bizkaitik bai Arabatik. Beraz, zenbat ibili nahi dugun, horren arabera aukeratuko dugu ibilbidea.
-
Pagomakurretik
Guk Pagomakurretik igotzea erabaki dugu. Bizkaiko isurialdean dago Pagomakurre, 900 metroko garaieran. Pagomakurrera autoz iristen da Areatzatik; 10 kilometro inguruko errepide asfaltatu batek atsedenlekuraino eramango zaitu. Han, baduzu non aparkatu. Iturria, mahaiak eta komunak ere badaude.
Ibilbideak Arrabako zelaietara eramango gaitu; ondoren, Egiriñao eta Aldamiñosteko lepoa zeharkatuko ditugu, igoeraren azken zatiari aurre egin aurretik. Desnibela gehien nabaritzen den tartea da, baina baita gozamen handiena eragiten duena ere. Gune basotsuenak atzean utzi, eta larreekin eta espazio ireki handiekin tartekatutako pagadiak eta hariztiak agertuko zaizkigu, eta, beraz, areagotu egingo da gailurrera iristear gauden sentsazioa. Guztira, 13 bat kilometroko joan-etorria da.
Oso garrantzitsua: kontuan izan mendian bat-batean alda daitekeela eguraldia. Nahiz eta behean egun bikaina egin, goian haizea, lainoa, hotza edota euria egin ditzake. Beraz, arropa eta oinetako egoki eta erosoak eraman behar dira. Hartu zeurekin janari eta edari pixka bat ere; eskertuko duzu ahaleginaren ondoren, eta, gainera, han goian toki pribilegiatua duzu erlaxatzeko eta atseden hartzeko.
-
Saldropotik
Saldropotik tontorrera 6,6 kilometro daude, 909 metroko desnibel positiboarekin. Igoera 3 ordu ingurukoa da. Abiapuntua Saldropoko aparkalekuan dago, hezegunearen ondoan. Bidea Atxuritik eta Arimekorta ingurutik igarotzen da, bai eta Artzainen Monumentuaren ondotik ere.
-
Areatzatik
Zuzenean Areatzatik (Bizkaia) abiatzea da aukerarik gogorrena. Ibilbidea mendiaren barrenetik hasten da, eta 13,2 kilometro ingurukoa da, 1.393 metroko desnibel positiboarekin. 5 ordu baino gehiago beharko dituzu ibilbide hori egiteko.
Gorbeia mendiko gurutzera igotzea: Zer egin gailurrera ailegatzen zarenean?

Urrutitik zirrara sorrarazten du; gertutik are gehiago. Burdinak, zeruak eta mendiek, guztiek, Gorbeiaren irudi oso bereizgarria osatzen dute.
Tontorrera iritsita, zeruaren kontra ebakitako burdinazko egitura horrekin topo egitean eta inguruko paisaiari begiratzean, konturatuko zara ahaleginak merezi izan duela .
Jada azaldu dizugu Gorbeiakoa ez dela ohiko gurutze bat. Horrez gain, bistak daude. Gorbeiako gailurrak ikuspegi paregabea eskaintzen du. Ezingo diozu eutsi gurutzea inguratu, paisaia miretsi, eta argazkirik atera gabe. Eta hartu atseden, igoera apurtxo bat nekeza izan da eta :)
Ez da sekulako mendizalea izan behar Gorbeiara igotzeko, baina ukaezina da gailur horrek lotura handia duela mendigoizaletasunarekin. Urte osoan zehar ibiltzen da jendea han, eta euskal mendizaleen artean oso errotuta dagoen tradizio bat da data jakin batzuetan, Urtezahar egunean esaterako, hara igotzea.
Eta ez alde egin Gorbeiatik gailurrarekin soilik pentsatuz. Izan ere, Gorbeiako Parke Natural osoak du eskaintzeko asko. Hemen, gure blogeko post honetan, xehetasunez azalduko dizugu dena.
Gorbeiako Gurutzea Euskadiko mendi baten ikurra baino askoz gehiago da. Han goian zaudenean, oso ondo ulertzen da zergatik.
Goiburuko irudia: Jenniferveramartin, via Wikimedia Commons
