Euskaldunentzat oso toki maitea da Gorbeiako Parke Naturala. Ezin da hitzez adierazi Gorbeiako gurutzera (ia 1.500m-ra dago gailurra) iristean sentitzen duzuna. Gauza bera geratzen zaigu Atxularren begia zeharkatzean (Itxinako mendigunean) eta Goiuriko ur-jauzi ikusgarria begien aurrean dugunean. Horregatik dute toki hori hain gustuko mendizaleek, familiek, naturazaleek... Jakin nahi duzu zer dagoen egiteko eta ikusteko Gorbeiako Parke Naturalean?

Oinez eta bizikletaz egiteko ibilbide nagusiak, haurrekin egiteko planak, inguruko haitzuloetan gordetzen diren euskal mitologiako kondairak eta Gorbeiako Parke Naturalean egin ditzakezun jarduera eta esperientziak aurkituko dituzu hemen.

Parque Natural de Gorbeia: qué ver y hacer

Euskadiko parke natural handiena

Botak janzten hasi aurretik, hemen dituzu datu batzuk: Euskadiko parke natural handiena Araba eta Bizkaia artean dago, eta 20.016hektarea ditu.

Hango gailurrik handienak, Gorbeiak, 1.482metro ditu. Hantxe dago Gorbeiako gurutze itzela, 17,23metrokoa; dagoeneko tradizio bilakatu da urtarrilaren 1eko goizean edo abenduaren 31n hara joatea, urte berriaren alde topa egiteko.

Pagomakurren hasten den bideari jarraitzea da gurutzera iristeko modu erraz eta ohikoena. 13kilometro inguruko ibilbidea da, eta hiru bat ordu beharko dituzu. Muruatik ere igo zaitezke (8kilometro dira).

Baina badira Gorbeiako gurutzera igotzeko eta parke natural guztia zeharkatzeko ibilbide gehiago. Ondo baino hobeto azalduko dizute Sarriako (Araba) eta Areatzako (Bizkaia) parketxeetan.

Ikusi nahi duzunaren arabera hautatu beharko duzu ibilbidea. Hauek dira huts egin ezinekoak.

Parque Natural de Gorbeia: qué ver y hacer

Gorbeian ikusi beharreko 5 toki

Gorbeiako gurutzeaz gainera, bisitatu beharreko beste altxor batzuk ere badaude parke naturalean:

Itxinako karsta: Itxinako mendiguneko formazio karstikoak 5hektarea eta erditik gorako azalera du; urak beti bilatzen du bere bidea bertako labirinto, haitzulo eta simetan zehar. Itxinara joateko, Atxularren begia zeharkatu eta Supelegor kobara jaistea gomendatzen dugu; diotenez, Anbotoko Mariren bizilekuetako bat da. Gorbeian bizi diren euskal mitologiako pertsonaia ugarietako bat da Mari.

Goiuriko ur-jauzia: Jaundia ibaiak egiten duen 100metrotik gorako jauzi ikusgarria. Arabako Goiuri herrian dago, eta aukera dago begiratoki batetik ur-jauziaz gozatzeko. Kondairak dioenez, artzain batek ispilu magikoa kendu zion lamia eder bati, eta hark ur-jauzi bihurtu zuen.

Otzarretako pagadia: Gorbeiako toki bisitatuenetariko bat da, eta ez da harritzekoa, ederra baita benetan. Zubizabala ibaiko uren murmurioak entzungo dituzu ehunka urteko pagoen artean zabiltzala. Parkearen Bizkaiko aldean dago, Zeanuri udalerrian.

Saldropoko hezegunea: Otzarretatik gertu dago balio ekologiko handiko 3hektareako hezegune hau; erraz irits gaitezke hara oinez, familia guztiarentzako moduko ibilbide bat eginez.

Oroko santutegia: Oroko haitzek (850m) begiratoki natural bat osatzen dute Bitoriano eta Jugo herrien artean. Bista paregabeez gainera, Oroko Andre Mariaren santutegi ederra ere bisitatu dezakegu.

Parque Natural de Gorbeia: qué ver y hacer

Haitzuloak eta euskal mitologia Gorbeian

Aparteko atala merezi dute haitzuloek, haietako ugari ezkutatzen baitira Gorbeiako Parke Naturalean. Ederrak eta balio geologiko handikoak izateaz gainera, euskal mitologiako izakien bizileku omen dira.

Supelegor kobaz gainera (Mari jainkosaren bizilekua), beste hauek ere badira:

Mairuelegorretako haitzuloa: 12kilometrotik gorako harpe eta haitzuloak, urre gorria espeleologoentzat. Baimena eta gidari bat behar dira sartzeko, baina sarrera nagusira gertura zaitezke. Hau ere Anbotoko Mariren bizilekua omen.

Baltzolako koba eta Jentilzubi: Diman daude biak, eta oinez joan daiteke bietara. Baltzolako koba Sugoiren (Mariren senarra) bizilekua da, eta Jentilzubi arkua jentilekin erlazionatzen da, sekulako indarra zuten pertsonaia mitologiko ospetsuekin.

Baina badira toki magiko gehiago ere Gorbeian. Diotenez, basajaunak hango basoetan bizi ziren, eta lamiak, Lamioxin urmaelean.

Oinezko ibilbideak Gorbeiako Parke Naturalean

Ibilbide ugari dituzu Gorbeiako Parke Naturaleko txoko guztiak ezagutzeko. Beraz, proposatzen dizugu zer toki bisitatu nahi dituzun erabaki, eta, horren arabera, ibilbidea aukeratzea.

Zer nahiago duzu, Gorbeiara igo eta gurutzera iristea, edo Itxinako karsta eta Saldropoko hezegunea ikusi nahi dituzu?

Garrantzitsu da, bestalde, zure sasoia eta ibilbidearen zailtasuna kontuan hartzea.

Gorbeiako Parke Naturaleko ibilbide nagusiak, mapak eta ibilbideen zailtasun-maila dituzu esteka hauetan:

Parque Natural de Gorbeia: qué ver y hacer

Bizikletaz egiteko ibilbideak Gorbeiako Parke Naturalean

Gorbeiako ibilbideetako asko bizikletaz egin daitezke. Hala ere, informa zaitez aldez aurretik, bidea nondik nora doan jakiteko.

Erabateko esperientzia bat bizi nahi baduzu, Gorbeia Bira Bike Toura gomendatzen dizugu, Gorbeiako Parke Natural guztia zeharkatzen baitu. Etapaka egin dezakezu, egun 1ean, 2 egunetan edo 3 egunetan. Parkean bisitatu beharreko tokiez gozatzeko aukera izango duzu.

Trackak Wikilocen eta Driven deskarga ditzakezu.

Parque Natural de Gorbeia: qué ver y hacer

Gorbeian haurrekin egiteko plan eta ibilbideak

Familia-turismoko eskaintza zabala eskaintzen du Gorbeiak: adin guztietako txikiekin egiteko moduko esperientzia eta jarduerak. Hona hemen Gorbeiako Parke Naturalean haurrekin egiteko moduko plan batzuk:

Abentura-jarduerak: etxeko txikiek primeran pasatuko dute Hontza Extrem parkean. Arku-tiroa, orientazio-jarduerak, jolasak eta tirolinak dituzte, besteak beste. Poneyan ibiltzeko, animalien mundua ezagutzeko eta parkean gauez entzuten diren soinuak ezagutzeko aukera ere badago Gorbeian.

Haurrekin oinez egiteko ibilbide errazak: haurrak oso txikiak badira, Bizitzako Bidea egokia izan daiteke, 1,7kilometro baitira ibaiaren ondotik. Sei urtetik gorako haurrak baldin badituzu, 7kilometro inguruko Txintxularra ibilbide zirkularra egin dezakezue. Eta asko ibiliak baldin badira, Burbonas ibilbide zirkularra aukeratu dezakezue, 13,4kilometrokoa.

Zuhaitzetako txaboletan lo egitea: zuhaitz batean egindako txabola batean edo ijitoen gurdi batean pasatzen baduzue gaua, ez dute inoiz ahaztuko.

Ikusten duzunez, Gorbeian gauza asko egin daitezke, edertasunaz, naturaz, mendizaletasunaz, haurrekin egiteko planez… gozatzeko aukera eskaintzen baitu. Horregatik da guztion toki gogokoenetariko bat.

Irudia: Gorbeia Euskadi