San Adriango tunela Gipuzkoa eta Araba artean dagoen haitzulo natural bat da, errege-erreginek eta erromesek erabilia garai batean. Gehiago jakin nahi duzu? Non dagoen, nola iritsi, zer aurkituko duzun eta txangoaren ondoren non indarberritu zaitezkeen kontatuko dizugu.
Imajinatzen duzu nolakoa izan behar duen mendi bat zeharkatzea Erdi Aroko galtzada batetik eta haitzean berez sortutako tunel batetik? San Adriango tunela (Aizkorri mendilerroa) mende askoan izan da Kantauriko kostaldea eta meseta lotzeko bide bat. Merkatariak, erromesak eta bidaiariak igaro izan dira pasabide natural horretatik, bai eta errege-erreginak ere.
Gaur egun lasai asko igaro dezakegu eta San Adriango ermita ikusi barruan, Erdi Aroko galtzadaren alboan. Kanpoan, Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko paisaia berezienetako bat zabaltzen da.
Non dago San Adriango tunela?
San Adriango tunela (Lizarrate ere esaten zaio) 1.000 metro inguruko altueran dago, Aizkorri-Aratz Parke Naturalean.
Gipuzkoaren eta Arabaren arteko muga naturalean dago, Zegama (Gipuzkoa) eta Zalduondo (Araba) erreferentzia gisa hartuz.
Nola iritsi San Adriango tunelera

San Adriango tunelean bat egiten dute naturak, ondareak eta historiak. Hara iristeko zenbait modu daude:
-
Gipuzkoatik, Zegama erreferentzia gisa hartuz.
-
Arabako aldetik; zehazki, Zalduondotik.
Zegamatik
Aukerarik erosoena da bisita labur bat egin nahi izanez gero.
Zegamatik abiatu eta Otzaurteko gainera igo behar da. Otzaurteko bentaren parean, mendian gora doan hormigoizko pista bat ikusiko duzu.
Jarraitu autoz hamar bat minutuz, Aldaolako aparkalekura iritsi arte. Han hasten da tunelerako oinezko bidea. Gutxi gorabehera 20 minutu behar dira Aldaolatik tunelera igotzeko (joanaldia bakarrik). Ingurune natural eder batetik doa bidea, eta paisaiaz gozatzeko aukera ere ematen du.
Ibilbide zirkular osoa ere egin dezakezu, San Adriango tunelaren ibilbidea:
-
Abiapuntua: Aldaolako aparkalekua, Otzaurteko gainetik gertu (Zegama).
-
Iraupena: 2 ordu, gutxi gorabehera.
-
Mota: zirkularra.
-
Seinaleztapena: herri-ibilbideko marka zuri-berdeak.
-
Zailtasuna: ertaina pasarte batzuetan, aldaparen eta lurzoru irregularraren ondorioz. Mendiko oinetakoak eramatea komeni da.
-
Zer aurkituko duzun: pagadiak, mikeleteen etxea, San Adriango tunela eta ermita, galtzada historikoa eta begiratokia.
Zalduondotik
Zalduondotik ere joan daiteke San Adriango tunelera, Arabako aldetik; horretarako, Zumarraundira (“Las Petroleras” esaten diote batzuek) daraman bidea hartu behar da.
Handik aurrera, mendiko pista batetik jarraitu behar da oinez. 3,5-4 km inguru dira; joan-etorria batuta, 7-8 bat kilometro guztira. Kontuan eduki behar da bideak tarte irregularrak eta desnibela dituela. Beraz, komeni da zer egoeratan dagoen informatzea joan aurretik.
Nolanahi ere, ez ahaztu mendi-ingurunea dela. Eraman oinetako egokiak eta ura, eta kontsultatu iragarpen meteorologikoa irten baino lehen.
Nolakoa den San Adriango tunela

San Adriango tunela mendia alde batetik bestera zeharkatzen duen 55 bat metroko luzerako barrunbe natural bat da.
Barnealdeko Donejakue bidearen eta UNESCOk Mundu Ondare izendatutako iparraldeko bide-multzoaren parte da.
Gainera, ingurua ikusgarria da. Primerako ibilaldia da naturaz gozatzeko, inguruko mendiei, pagadiei, harrizko bide zaharrei, harkaitzezko paretei eta Aizkorri mendilerroaren ikuspegiari esker.
Aprobetxatu eta beste ermita bat ere bisitatu daiteke, Sancti Spiritukoa; tuneletik 500 bat metrora dago, Gipuzkoako aldean. Donejakue bideari lotzen zaio hura ere; 1503an Julio II.a aita santuak priore-etxe titulua eman zion.
Gainera, San Adriango tunelaren barruan ermita txiki bat eta mendian zehar jarraitzen duen Erdi Aroko galtzada bat daude.
San Adriango ermita

Arkitektura xalo eta soilekoa da San Adriango ermita. Planta errektangularra, nabe bakarra eta bi isurkiko teilatua du. Horma luzituak ditu kanpoaldean eta ertzak harlanduz sendotuta daude.
Gaur egun ikusten dugun ermita ez da jatorrizkoa. Lehengo eraikina bota egin behar izan zuten 1893an, egoera txarrean baitzegoen; gero, gaur egun dagoena eraiki zuten. Gainera, zimendatze-lanetan hobiratzeen aztarnak aurkitu zituzten; beraz, badirudi hilobi-funtzioa ere izan zuela.
San Adriango tuneleko galtzada

Eremuko ondare-altxor handietariko bat da San Adriango tuneleko Erdi Aroko bide harriztatua.
Gaztela eta Frantzia Gasteiztik, Gipuzkoatik eta San Adriango pasabidetik igarota lotzen zituen bide garrantzitsu baten parte zen galtzada. Bereziki garrantzitsua izan zen XVI. eta XVII. mendeen artean, bide estrategikoa izan baitzen salgaiak —batez ere artilea— Europako merkatuetara garraiatzeko.
Puntu honetan, bada bitxikeria bat: galtzada erromatarra dela esan ohi da batzuetan, baina ikusten ditugun zati harriztatuak Erdi Arokoak eta Aro Modernokoak dira. Zehazki, bi ibilbide nagusi bereizi dira San Adriango tunelean egindako ikerketetan:
-
XVI. mendeko galtzada: zaharrena da. Alboetan harrizko bi lerro eta erdialdean hartxintxarrezko eremu bat ditu. Oinez eta zaldiz bidaiatzen zuten pertsonengan pentsatuta egin zen.
-
XVIII. mendeko galtzada: aurrerago eraiki zen, gurdiak eta karrozak igarotzeko prestatutako egitura egokiagoarekin. Harlauza handiak ditu alboetan eta hartxintxarrezko betegarria erdialdean.
Denera, antzinako bide harriztatuaren 2,5 kilometro inguruko zati bat dago gaur egun. Benetan apartekoa da mendian ibiltzea eta toki historiadunak gustuko dituztenentzat; gainera, duela zenbait mende mendi horietan bidaiatzea nolakoa izango zen imajinatzeko aukera ematen du.
San Adriango tunelaren historia

San Adriango tunela Gaztela eta Europa lotzeko bide nagusietako bat izan zen zenbait mendez. Izan ere, toki estrategikoa zen Aizkorri mendilerroa igarotzeko, eta funtsezko pasabide bilakatu zen horri esker.
Handik igarotzen zen meseta Kantauri itsasoarekin lotuz salgaien joan-etorria errazten zuen antzinako errege-bidea. Kostaldeko ibilbideak erabili gabe Barnealdeko Donejakue bidea egiten zutenek ere erabiltzen zuten.
Baina pasabidearen jatorria are zaharragoa da. Inguruan egindako arkeologia-indusketetan aurkitutako aztarnek erakutsi dutenez, historiaurrean ere jendea bizi zen han.
Non jan San Adriango tuneletik gertu
San Adriango tunela mendi-mendian dago; beraz, ez du jatetxerik ondoan.
Otzaurteko gainean edo Zegama inguruan jatea da erosoena.
Otzaurteko Benta aukeratzen dute askok: Otzaurteko gainean dago, Aldaolako aparkalekura daraman bidean bertan. Euskal sukaldaritzaz eta plater sendoez (besteak beste, babarrunak, haragiak eta gisatuak) gozatzeko aukera izango duzu han.
Zegamara ere jaitsi zaitezke, Zegama Ostatura joateko.
Badira beste aukera batzuk ere; Segurako Izkiña jatetxea eta Gabiriako Aztiria erretegia.
Zein den sasorik onena San Adriango tunela bisitatzeko
Edozein garai da ona, baina udaberria eta udazkena bereziki interesgarriak dira hona etortzeko.
-
Udaberrian, basoak berdez janzten dira berriro eta Aizkorri-Aratz ingurua ikusgarri egoten da.
-
Udazkenean paisaia ezin hobea izaten da oinez ibiltzeko eta argazkiak ateratzeko, pagadiek hartzen dituzten kolore hori, laranja eta gorrixkei esker.
-
Uda ere sasoi ona da, tenperaturak behealdean baino atseginagoak izaten baitira; hala ere, hobe da eguerdiko orduak saihestea.
-
Neguan, oso berezia da elurrez estalitako paisaian ibiltzea, baina kontu handiz jokatu behar da. Baliteke iristea ez izatea erraza elurraren, izotzaren, lainoaren eta lokatzaren eraginez. Gogoan izan, mendiko ingurune guztietan bezala, kondizioak bizkor batean alda daitezkeela.
Sartu duzu dagoeneko San Adriango tunela Euskadiko txangoen zerrendan? ;)
Goiburuko irudia: Arabako Lautadako Kuadrilla
