Gure ohiturei eustea gustatzen zaigu Euskadin, eta kantatzea da horietako bat: gustatzen zaigu, eta are gehiago kuadrillan egiten badugu. Eta horixe egiten dugu urtero otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan. Baserritar jantzita eta makila eskuan hartuta, abesbatzak eta taldeak kalez kale ibiltzen dira, Ama Birjinaren omenez kantuan eta ongintzako kausa baterako dirua biltzen.
Baina ba al dakizu zein den Santa Ageda eguneko ospakizunaren jatorria Euskadin? Neguko azken jaietako baterako eztarria goxatzen duzun bitartean, ohitura nondik datorren kontatuko dizugu.
Santa Agedaren historia Euskadin
Ospakizun kristaua eta paganoa da, aldi berean. III. mendeko Siziliako Birjina eta martiria izan zen Santa Ageda, eta Quinciano tiranoari ezezkoa emateagatik bularrak moztera kondenatu zuten.
Emakumeen zaindaria da, eta ahalmen ugari dituela esan ohi da: suteak saihesten, espiritu txarrak eta aziendaren gaixotasunak uxatzen, uzta ona ekartzen eta migrainak eta zefaleak sendatzen omen ditu.
Horregatik, urtero, otsailaren 4an, Santa Ageda bezperan, Ama Birjinari eskainitako koplak entzuten dira kale, baserri eta herrietan.
Santa Ageda bezperako koplak Euskadin
Lelo bera errepikatzen da abestietan, baina Santa Ageda bezperako koplen letra aldatu egiten da toki batetik bestera, hurbilagoko gaiak hartzen baitira kontuan. Zer bertsio abesten duzu zuk?
Zorion, etxe hontako denoi!
Oles egitera gatoz,
aterik ate ohitura zaharra
aurten berritzeko asmoz.
Ez gaude oso aberats diruz,
ezta ere oinetakoz.
Baina eztarriz sano gabiltza,
ta kanta nahi degu gogoz.
Edozein dela ere, lurra kolpatuz makilek osatzen duten erritmoarekin batera joango da beti. Tradizio horrek euskal mitologian izan lezake jatorria, eta, haren arabera, kolpe horiek neguko solstizioaren ondoren lurra esnatzeko balioko lukete, eta udaberri emankorrari bide emateko.
Santa Ageda Euskadin
Abesbatza, haur eta kuadrilla asko ateratzen dira kantura Euskadin Santa Agenda bezperan.
Euskadin Santa Ageda nola ospatzen den kontatuko dizugu, eta tradizio hori errotuen dagoen lekuetara joango gara horretarako:
Santa Ageda Bilbon
Bilboko Santa Ageda eguna gogo biziz ospatzen da. Badago Bizkaiko beste leku batzuetatik etortzen den talderik ere; esaterako, Arratiako abesbatza ospetsua. Bilboko suhiltzaileek ere urtero abesten dute Santa Ageda bezperan, hiriko zenbait lekutan.
Gainera, beste talde asko ere ateratzen dira kalera gure festa hau ospatzera; besteak beste, Bilboko txikiteroak —Parte Zaharrean aritzen dira—, eskoletako abesbatzak, Plentziako txikiteroak, eta Getxoko Santa Agedako Abesbatzen Jaialdiko taldeak.
Santa Ageda Barakaldon
Barakaldoko Santa Agedako erromeria ere oso errotuta dago. Milaka pertsona igotzen dira prozesioan Arroletza mendiko baselizaraino otsailaren 5ean, San Blas lokarriak lepoan dituztela; erroskilak eta txakolina izaten dituzte postuetan, eta dantza tradizionalak egiten dituzte.
Otsailaren 5ean eta hurrengo igandean (otsailak 9, errepetizio-igandea), meza-ordutegi bereziak egongo dira Santa Agedaren tailla dagoen ermitan.
Barakaldoko 2025eko Santa Ageda mezen ordutegiak:
- 2025eko otsailaren 5a, asteazkena: 10:00, 11:00, 12:00 eta 13:00.
- 2025eko otsailaren 9an, igandea: 10:00, 11:00 eta 12:00.
Santa Ageda Donostian
Donostiako Santa Ageda eguna ospakizun berezia da hirian. Emakumeak kalera ateratzen dira, jantzi tradizionalak soinean, eta desfile eta prozesioetan parte hartzen dute. Eguna amaitzeko, komunitate- eta senidetasun-sentimendua indartzeko ekitaldi kulturalak eta gastronomikoak egiten dira.
Santa Ageda Gasteizen
Gasteizen, agotek gidatutako desfile koloretsuak ere izaten dira ospakizunean. Jai-giroak hiria hartzen du, jardueraz betetzen baita: jantzi tradizionalen txapelketak eta tokiko gastronomiaren erakusketak, besteak beste. Andre Maria Zuriaren plaza izaten da Santa Ageda eguneko ospakizunaren erdigunea Gasteizen.
Santa Ageda Euskadin nola ospatzen den ikusteko adibide batzuk besterik ez dira horiek; askoz gehiago ere badaude. Bada, haren zain gauden bitartean, abestu dezagun, eta gozatu dezagun gure ohiturekin. EUP!!
Goiburuko irudiaren iturria: euskadi.eus.