Oso jende gutxik ditu 9.000 jarraitzaile YouTuben. Are gutxiago Euskara Satorra kanalak ematen dituen eduki-motarekin. Izan ere, jende pila ari da kanal horren bidez euskara ikasten. Beñat Erezuma da kanalaren sortzailea, 37 urteko Teknologiako irakasle bat. Bi urte daramatza oso bideo atseginak egiten euskaldun berriei edo belarriprestei laguntzeko eguneroko egoeretan euskaraz moldatzen, gutxieneko trebetasun batez. Nahi duzu ezagutu? Bada, zatoz gurekin.

Euskaltelen bloga. Ezer baino lehen, egia da Euskadin euskaraz ligatu daitekeela? Ez al zen mito bat?

Beñat Erezuma (Euskara Satorra). Indartsu hasi gara, e? Horixe ligatu daitekeela euskaraz! Milaka urtetan egin da, horrela iritsi gara gauden lekura, ezta? Eta belaunaldi berriek ere horretan dihardute. Beraz, ez baduzu egin oraindik, hor doakizu nire gomendioa. Egin proba, ez zara damutuko.

Jende askok idazten dit eta eskerrak ematen dizkit bideoek euskara ikasten laguntzen diotelako
E.B. Saiatzen jarraituko dugu. Egia esan, jakin dugu beti egon zarela lotuta Gernikako kulturarekin, Astra proiektuaren bidez, besteak beste. Hori al da Euskara Satorraren jatorri ezkutua? ;)

B.E. (E. S.) Oso urte mugituak izan ziren, Astrako lagunekin esperientzia ugari bizi izan nituen. Unibertsitate-urte guztietan baino gauza garrantzitsuagoak ikasi nituen han. Hura izan zen nire benetako unibertsitatea.

E.B. Tira, sar gaitezen mamian: Nola bururatu zitzaizun YouTuben Euskara Satorra kanala martxan jartzea?

B.E. (E. S.) Egunero bideoak ikusten ditut YouTuben, hainbat gairi buruzkoak. Duela bi urte, ikusi nuen ez zegoela euskara ikasteko bideo askorik, eta proba bat egin nuen 50 esaldiko bat igota. Pixkanaka jendeak bideo gehiago eskatzen zituen, eta, ondo pasatzen dudanez, horrela jarraitzea erabaki nuen. Eta izena, kanalak halako zerbait eskatzen zidan, hitz-jokoa egiteko “euskara jatorra” delako horrekin, euskara egokiarekin. “Euskara Satorra” deitzea erabaki nuen, lurpeko euskara edo...

E.B. Zer balantze egiten duzu bi urteren buruan? (Followerrak, elkarrekintzak…). Espero zenuen halako erantzun bat?

B.E. (S. S.) Ez neukan ezer pentsaturik. YouTubek 9.000 jarraitzaile baino gehiago dituela adierazten dit, baina datuak zenbaki soilak dira. 9.000 pertsona horiek fisikoki ikusten ez ditudanez, berdin zait. Eskertzen ditut, hori bai, iruzkinak eta iristen zaizkidan mezu elektronikoak.

E.B. Eta nor ezkutatzen da Euskara Satorraren atzean?

B.E. (E. S.) Bi urtez nor naizen ezkutatu ondoren, duela pare bat hilabete elkarrizketa bat egin zidaten egunkari batean, eta nire lagun askok jakin zuten Youtuben bideoak jartzen nituela. Beñat naiz, 37 urte ditut eta Teknologiako irakaslea naiz Bilboko Miguel Unamuno institutuan.

E.B. Eta zure ikasleak? Orain, aurpegia jarri dizutenean, adarra jotzen dizute edo bideoak eskatzen dizkizute?

B.E. (S. S.) Orain arte nahiko errespetuz erantzun dute. Uste dut naturalago hartzen dutela sare sozialen kontua eta YouTube gure belaunaldiak baino.

E.B. Ea, zein da egin dizuten bideo-iradokizunik bitxiena?

B.E. (E. S.) Jendeak eskatzen dit musika-talderen bati buruzko bideoak egiteko, euskalkien arteko aldeak, euskararen historiari buruzko bideoren bat, etab. Esan behar dut ez naizela ez filologoa, ez hizkuntzalaria eta ez historialaria, baizik eta ingeniaria, eta mugak ditudala gaiak aukeratzeko orduan.

E.B. Futbolarien prentsaurrekoak emateko 10 esaldiena bikaina da… Esan egia: gure taldeetako zein zenuen buruan?

B.E. (E. S.) Nire bideoetako batean ikusiko zenuen bezala, Athleticen jarraitzailea naiz, baina ideia Realeko William José jokalariaren inguruko albiste bat ikusi ondoren sortu zen.

E.B. Eta pentsatu duzu txokoan moldatzeko esaldiei buruzko bideoren bat egitea (arrautza frijitua puntillarekin gustatzen zait; txuletak hiru kolore izan behar ditu) edo antzeko zerbait?

B.E. (E. S.) Ez nuen pentsatua, baina txuletei buruz ari garela, duela gutxi, sagardotegiei buruzko bideo bat igo dut. Kontatzen dut nolakotsua den Astigarragan sagardotegi batera joatean ohikoa denaren errituala.

E.B. Nahiz eta txantxa moduan hartzen dugun, seguru bideo horietako bakoitzak ordu pila bateko lana eskatzen duela. Lanarekin, familiarekin eta abarrekin, gelditzen zaizu horretarako astirik?

B.E. (E. S.) Bai, denbora eskatzen dit, bai: 8 minutu inguruko bideo bat egiteko, 3 eta 5 ordu bitarte, lasai asko. Baina, hori baino lehen, gai horri bueltak ematen dizkiot kafea hartzen, autobusean edo oinez noala, gaiaz konbentzituta egon arte eta transmititu nahi dudan ideia garbi izan arte. Tarte libreak aprobetxatzen saiatzen naiz bideoak egiteko, baina garrantzitsuak diren beste gauza batzuk egiteari utzi gabe.

E.B. Eta merezi du? Norbaitek eskerrak eman dizkizu hizkuntzarekin lagundu diozulako?

B.E. (S. S.) Merezi du, jakina. Niretzat behintzat bai. Jende askok idazten dit bideoengatik eskerrak emateko eta euskara ikasten laguntzen diotela esateko. Eta, merezi ez duenean, agur ben-hur eta beste kontu batera.

E.B. Euskaltelek ere bat egin du Euskaraldiarekin, baina nola uste duzu hobetu dezakegula euskararen egoera?

B.E. (E. S.) Lehenik eta behin, euskararen egoera hobetzea axola zaigun galdetu beharko diogu geure buruari. Bakoitzaren errealitatea desberdina da: zure inguruan euskara ez baduzu, zure historia ezagutzen ez baduzu, milaka urteko hizkuntza horrekin lotutako guztiak gutxi arduratuko zaitu. Eta dagoeneko pentsatzen ari bazarete euskararen egoera nola hobetu, nire ustez, galdera horri erantzuteko ez dago zuek baino hoberik. "Gutariko bakoitzak anitz hizkuntza ukan ditzake, euskarak gu baizik ez gaitu".

E. Oso presente izango dugu! Milesker, Beñat!