Sinesgaitza dirudien arren, urte batzuk joan dira dagoeneko zuen txikia jaio zenetik... Eta, jakina, konturatuta zaude jada ez dela hain txikia, batez ere smartphonea eta tableta nola erabiltzen dituen ikusten duzunean, eta sare sozialetan sartu nahi duela esaten dizunean. Ene! Zer esango diogu?

Zure lehenengo erreakzioa baimena ez ematea izango da beharbada, goizegi iruditzen zaizulako eta sareak arriskutsuak direlako. Baina gero ikusi duzu adin guztietarako sare sozialak daudela eta, beharbada, hobe dela lehenengo haien adinekoen sareetan sartzen uztea, arduraz jokatzen ikas dezaten. Hortaz, zer egin?

Adituen arabera, adingabeek beren adinera egokitutako sare sozialak erabili beharko lituzkete. Hori kontuan harturik, 5 sare sozial aukeratu ditugu berariaz 13 urtetik beherakoentzat, haietan mugitzen ikas dezaten eta testuinguru kontrolatu eta seguruago batean diberti daitezen. Hau da, ondo has daitezen Interneten eta sare sozialetan.

Lego Life

Sare sozial moduko bat da, baina Lego Life-n ez dago erabiltzaileen arteko komunikaziorik. Sare sozial honetan, objektuak eraikitzeko bakarrik baimentzen da txikien arteko interakzioa, eta eraikuntza-lana amaitu ondoren, emaitza “modu seguru eta dibertigarrian” partekatzen laguntzen die. Nola? Istorioak argitara ditzakete eta beste erabiltzaile batzuen argitalpenak iruzkindu, baina emotikonoen bidez soilik: ez argazkirik, ez profil bat sortzeko informazio pertsonalik, ez kokapen-tresnarik. Iragazki automatikoak ditu, dena aurreikusi bezala, segurtasunez, doala egiaztatzen dutenak.

Messenger Kids

Irudika dezakezu Messenger seguru bat zure txikiak lagunekin lasai txateatzeko? Bada, horixe egin du Facebookek: aplikazio bat sortu du, txikiek aukera izan dezaten mezuak bidaltzeko edo bideo- deiak egiteko, betiere gurasoen kontrolpean. Aplikazio horri esker, adingabeek beren artean komunikatzeko aukera dute, txat bidez edo bideo-deien biez, gurasoek kontaktu-zerrendan onartu dizkieten senide eta lagunekin. Txikientzat dago pentsatua dena aplikazio horretan, eta ez dago ez iragarkirik, ez ezer saltzeko aukerarik. iOS bertsioa eskuratu daiteke, eta Play Storen ere bai.

Youtube Kids

Jakin nahiko zenuke zure alabak ikusten dituen Teen Beach Movieko abestien artean ez dela sartu reggaeton-eko bideoklip sexualik, ezta? Bada, horixe egiten du YouTube Kids-ek: edukiak iragazten ditu, adingabeek beren adinera egokitutako edukiak bakarrik ikus ditzaten... Oso erraz erabiltzekoa da aplikazioa, eta lau kategoriatan banatzen ditu edukiak: programak, musika, ikasi eta nabigatu. Gainera, kontrol-funtzio bat ere badu, aukera ematen duena mugikorraren edo tabletaren aurrean pasatzen den denbora mugatzeko.

Mundo Gaturro

Hau ere haurrentzat da, sare sozialak erantzukizunez erabiltzen ikas dezaten. Parte-hartzaileek hainbat gauza egin ditzakete, modu seguruan denak: gaturroak mozorrotu, hirian barrena ibili, jokoetan parte hartu, etxe birtualak dekoratu... Helduek zer txat-mota baimendu nahi duten aukeratzen dute erregistroan: Ertaina (adingabeek iruzkinak idatz ditzakete) edo Zerrenda Zuria (aurrez ezarritako iruzkinak erabili behar dituzte. Eta elkarrizketak gurasoek eta moderatzaileek ikuskatzen dituzte. Mundo Gaturrok joko pila eskaintzen du, mugikorrera deskargatzeko modukoak. Aplikazioak Android bertsioa bakarrik du.

Ikusten duzunez, adin guztietarako sare sozialak daude, eta beti dago Interneten nabigatzeko aukera seguru eta erraz bat. Besteren bat ezagutzen baduzu edo esan nahi badiguzu zer moduz moldatu zareten etxean hemen gomendatutakoekin, idatzi!