Euskadi moda-modan dago... Tira, lehen ere bai, baina orain gehiago. Izan ere, film ikusgarrietarako agertoki aparta da Euskadi, eta azken urteetako nobelarik arrakastatsuenetako batzuetan ere ageri da. Bai, Handia eta Errementari dira gure herri eta hiriak agertu diren azken filmetako bi, eta, horietaz gainera, zenbait liburuk ere —best seller batzuk ere bai tartean— gu aukeratu gaituzte beren istorioak girotzeko. Zein diren jakin nahi duzu?
La ciudad de la lluvia
Aho-zabalik utziko zaitu Alfonso del Ríoren thriller honek. Aurten argitaratu da, eta Bilbon dago girotua, 80ko hamarkadako Bilbon zehazki. Oso erakargarria da istorioa: Alain Athleticeko jokalari gazteak aitonak beti ezkutuan gordetako argazki zahar bat aurkitzen du, duela berrogei urtekoa. Argazkian, besteak beste, aitona ageri da, Bilboko enpresaburu baten ondoan. Eta desagertu egin dira biak, batere arrastorik utzi gabe. Alain, orduan, Mariarekin jarriko da harremanetan, enpresaburuaren bilobarekin, eta ikertzen hasiko dira biak. Ikerketak Berlinera eramango ditu, Alemaniako nazien garaira. Nor dira argazkiko pertsona horiek? Nor dabil haien atzetik, eta zergatik? Ez galdu irakurtzeko aukera.
El silencio de la ciudad blanca
Eva García Sáenz de Urturi gasteiztarraren best seller hau gaur egungo Gasteizen dago girotua, eta, 150.000 ale baino gehiago saltzeaz gain, film baterako inspirazio-iturri ere izan da. Erritoetan oinarrituriko hilketa batzuek hiria nola asaldatzen duten erakusten du liburuak. Hilketak, gainera, une oso berezi batean ari dira gertatzen: Tasio Ortiz de Zárate, duela 20 urte antzeko hilketa batzuengatik atxilotu zuten arkeologo bat, espetxetik atera berria denean. Ez du itxura txarrik, ezta? Bada... bigarren zati bat ere badu: Los ritos del agua; Euskadiko beste zenbait leku ezagun ageri dira hemen: adibidez, San Adriango tunela, eta San Bizente aldapa.
Baztango trilogia, Dolores Redondok idatzia.
Dolores Redondo donostiarra da, baina Nafarroan bizi da aspaldi, Baztanen, zehazki. Eta beti jakin du hor kokatu nahi zuela nobela beltzeko bere trilogia, Amaia Salazar foru-polizia protagonista duena. Zirraragarria da istorioa: neska gazte baten hilotza azaltzen da Baztan ibaiaren ertzean, eta, horren ondorioz, jaioterrira itzuli behar du hilketetako inspektoreak. Han hasiko da pertsonaia mitologikoak eta hilketa basatiak nahastuko dituen istorioa. Ai ama... Lehenengo liburua, Zaindari ikusezina, Basajaunen itzalak betetzen du; bigarrena, Hezurren ondarea,Tarttaloren erreinua da. Eta azkena Ekaitzari eskaintza, berriz,Inguma deabruaren eremua da, egileak trama argitzeko erabiliko duena. Hasiera-hasieratik harrapatzen zaitu trilogiak.
La capital del mundo
Izenburu hori izanik, zein izan daiteke agertokia? Jakina! Bilbo! Gonzalo Garrido egilearen jaioterria. Aurkikuntza batekin hasten da nobela: hiriko zientzialari ezagun baten gorpua azaldu da eraikin eraitsi batean. Poliziak lehenbailehen itxi nahi du kasua, eta suizidiotzat jotzen du gertakaria. Alargunak, ordea, ez du sinesten bertsio hori, eta Ricardo Malpartida hiriko bazter ilunenak ezagutzen dituen detektibeari eskatzen dio ikertzeko zer gertatu den benetan. Eleberri aparta da, eta merezi du irakurtzea, intriga-liburuak atsegin badituzu.
La ciudad de los ojos grises
Félix González Modroñoren nobela hau ere Bilbon dago girotua. XX. mendearen hasieran zirkunstantzia ilun samarretan Bilbon hilik agertu den emakume bat da istorioaren abiapuntua. Nobelaren protagonista, Alfredo Gastiasoro arkitektoa, Bilbora itzuli da Parisetik, aspaldiko maiteari agur esatera, eta aurrerapen ekonomikoaren ondorioz guztiz itxuraldatua dagoen hiri bat ikusiko du; horrez gainera, hainbat eta hainbat galdera izango ditu Izarbe maitearen heriotzaz. Amak hilzorian dagoelarik semeari esango dionak galdera askorentzako erantzuna aurkitzen lagunduko dio Alfredori. Interesgarria, ezta? Bada, ez itxaron gehiago, eta hasi irakurtzen!
Eta zuk? Ezagutzen duzu gure herri eta hiriak agertzen diren beste nobelaren bat? Bada, emaguzu horren berri, iruzkin batean!