Google Maps sortu aurretik, seinaleei jarraitu behar zitzaien Gaztelugatxera iristeko. Eta, galduz gero, beti izaten zen bidegurutzean estrategikoki kokatutako bizilagun bat, turista guztiei nondik joan adierazten ziena.

Gaur egun, gutxi-asko gustatuko zaizun Google Maps-en ahotsak ordeztu du bizilagun hura.

Baina munduko mapa-aplikaziorik ezagunena ez da GPSa soilik. Uda datorren honetan, ikasi Euskaltelekin aplikazioari probetxua ateratzen.

Egokitu zure ibilbidea denbora errealeko egoerara

Lanera berandu iristen bazara, izan dadila ohean egin dituzun beste 5 minutu horiengatik, eta ez trafikoagatik.

Izan ere, Google Maps-ek automatikoki aldatzen du zure ibilbidea auto-pilaketak, errepide-mozketak edo bestelako gorabehera batzuk badaude.

Gauza bera egiten du garraio publikoa erabiltzen baduzu ere. Mapan ikus dezakezu nondik doan autobusa, eta lasterka hasi behar duzun geltokira iristeko. Gainera, ordutegiei buruzko informazioa ematen dizu, baita autobusean zenbat jende doan esan ere.

Ikasi hiria ezagutzeko eta turismoa egiteko beste modu bat

Bazkaltzeko leku bat topatzeko, ez duzu beste aplikaziorik ireki edo Interneten bilatu beharrik. Den-dena eskura duzu Google Maps-en. “Explore” fitxan, zugandik hurbil dituzun jatetxeak edo egin ditzakezun jarduerak iradokitzen dizkizu. Eta, bete-betean asmatzeko, zure gustuekin bat datozen edo ez esango dizute kidetasun-portzentajeek.

Orain, gainera, aukera duzu Maps-etik zuzenean jatetxeetan erreserbak egiteko, sarrerak erosteko edo ile-apaindegian hitzordua eskatzeko, Reserva con Google aukera berriari esker.

Era berean, joan nahi duzun lekuen zerrenda sor dezakezu, eta oharrak edo argazkiak erantsi gorde dituzun lekuei, lagunekin partekatu taldean bidaiatzen baduzu, edo local guideek egunero sortzen dituzten zerrendak kontsultatu.

Google Maps

Funtzio oso baliagarriak, guztia ezin hobeto irten dadin

Beste aukera batzuk, zure bidaia antolatzeko edo bidea gozatzeko probatu behar zenituzkeenak:

  • Gorde maiz erabiltzen dituzun helbideak, egunero sartu beharrik ez izateko. Gainera, historia aukera aktibatzen baduzu, egin dituzun bidaia guztiak kontsultatu ahal izango dituzu.
  • Kokatu puntuak mapan txintxeten bidez, eta partekatu beste pertsona batzuekin.
  • Deskargatu mapak, Interneteko konexiorik izango ez bazenu ere.
  • Neurtu bidean aukeratutako bi punturen arteko distantzia.
  • Sortu zure mapak Google My Maps tresnarekin, eta partekatu beste erabiltzaile batzuekin.
  • Ibili hirian galdu gabe, errealitate areagotuari esker. Aktibatu Live View, non biratu behar duzun adieraz diezazun denbora errealean. Aski duzu une horretan zein kaletan zauden fokuratzea zure mugikorrarekin.

Eta oraindik iritsi ez dena

Gehien erabiltzen den aplikazioetako bat dela jakinik, Googlek lanean jarraitzen du egunez egun aplikazioa hobetzeko. Laster, berrikuntza hauek iritsiko dira adimen artifizialaren eskutik:

  • Indoor Live View: Errealitate areagotuko seinaleak erabiltzen ditu eremu itxietan orienta zaitezen, hala nola saltoki handi batean edo aireportu batean. Baliagarria litzateke Ikean, ezta?
  • Airearen kalitatea: alergikoa bazara, oso lagungarri gertatuko zaizu airearen kalitateari buruzko Google-ren geruza berria.
  • Kutsadura gutxien sortzen duten ibilbideak: Google Maps-ek karbono-aztarnarik txikieneko ibilbidea lehenetsiko du, betiere iristeko zenbatetsitako denbora ibilbiderik azkarrenaren antzekoa bada.
  • Emisio txikiko eremuei buruzko jakinarazpenak: jakinarazpen bat bidaliko dizu auto kutsatzaileek ibiltzea debekatua duten eremu batean sartzen ari bazara.
  • Mugikortasun-aukerak pantaila berean: Fitxa aldatu gabe, zure helmugara iristeko zer ibilbide eta garraiobide erabil ditzakezun kontsultatu ahal izango duzu. Gainera, zure ohiturak ikasten ditu eta mugitzeko erabili ohi duzun modua lehenetsiko du: bizikleta, autobusa eta abar.
  • Xehetasun handiagoa mapetan, semaforoei eta oinezkoen pasabideei buruzko informazioarekin.
  • Testuinguruaren araberako informazioa: Zure etxepeko kafetegian ez da jende-kopuru bera egoten goizeko 8etan eta arratsaldeko 5etan, ezetz? Bada, Google Maps-ek esango dizu.

Has zaitez funtzio horiek guztiak probatzen zure hurrengo bidaian, eta eztabaida gutxiago izango dituzu autoan zure bikotekidearekin eta lagunekin ?.

Zein da zuretzat Google Maps-en aukerarik ezinbestekoena? Esaguzu iruzkinetan.