Ba al dago ezer azkarragorik Eroskin ordaintzeko txartela ateratzea baino? Badago, bai: zure mugikorra, smartwatcha edo eskumuturreko adimenduna saltokiko terminalera hurbiltzea. Mugikorrarekin ordaintzeko ohiturarik ez badaukazu eta walleta, diru-zorro elektronikoa eta NFC zer diren ez badakizu, egunean jarriko zaitugu. Supermerkatuko ilaran zain daudenek eskertuko dizute.
Zertan datza mugikorraren edo erloju adimendunaren bidez ordaintzea?
Zure txartela saltokiko haririk gabeko terminalera hurbiltzearen pare-parekoa da. Kasu honetan, ordea, poltsan bilatu, diru-zorroa atera, txartela aurkitu, pasatu eta ilaran zain daudenak haserretu beharrean, nahikoa da mugikorra edo smartwatcha datafonora hurbiltzea.
Horretarako, zure telefonoak edo erlojuak NFCa eduki behar du. Hara hor lehen hitz ezezaguna. Bat bestetik oso hurbil dauden gailuen artean —kasu honetan, zure mugikorra eta saltokiko terminala— datuak unean bertan transmititzen dituen teknologia bat da.
Hain zuzen, horixe da lehen urratsa mugikorrarekin ordaintzen hasi nahi baduzu: zure terminalak NFCa duen jakin behar duzu. NFCa badu, ordainketa-aplikazio bat deskargatu behar duzu, eta aplikazioan zure txartela sartu. Hala, prest egongo zara mugikorrarekin ordaintzeko.
Ikus dezagun urratsez urrats prozesua.
Egiaztatu zure mugikorrak edo smartwatchak NFCa duen
iPhoneen kasuan, erraza da: iPhone 6tik aurrerako guztiek badaukate.
Zure mugikorrak edo erloju adimendunak Android-en sistema eragilea badu, bilatu NFC aukera. Ezarpenetako konektibitate-aukeretan, NFC botoia ikusiko duzu (ez du izen bera hartzen telefono guztietan). Aktibatzeko, etengailua irristatu besterik ez duzu egin behar. Aukera hori ikusten ez baduzu, zure telefonoa zahar samarra den eta NFCrik ez duen seinale. Kasu horretan, terminal berri bat erostea gomendatzen dizugu. Begiratu Euskaltelen mugikorren webgunean.
Deskargatu ordainketa-aplikazio bat mugikorrarekin
Mugikorrean, erloju adimendunean edo eskumuturreko adimendunean instala dezakezu. Ordainketa-aplikazioak berdinak dira gailu guztietarako. Hori bai, zure txartelak aplikazio horiekin bateragarriak direla egiaztatu behar duzu. Aplikazio bakoitzean ikus dezakezu hori.
- Apple Pay: iPhone bat edo Apple Watch bat baduzu.
- Google Wallet: Googleren diru-zorro elektronikoaren bertsio berria. Aurreko Google Pay instalatua bazenuen, eguneratu aplikazioa Play Storen. Androidetarako eta Wear OS duten smartwatch guztietarako balio du.
- Samsung Wallet: Samsung markako telefonoekin eta erlojuekin ordaintzeko. Aurreko kasuan bezala, Samsung Pay zaharraren bertsio berria da.
- Fitbit Pay: smartwatchetan eta Fitbit banda adimendunetan deskargatzeko.
- Bankuaren aplikazioa: gaur egun, ia banku guztiekin erabil daitezke aplikazio horiek. Hala ez bada, baliteke zure entitateak bere ordainketa-aplikazioa izatea. Hori instalatu beharko duzu.
Gehitu txartelak ordainketa-aplikazioari
Txartelak berdintsu konfiguratzen dira telefono eta erloju adimendun gehienetan.
Instalatu duzun ordainketa-aplikazioak lagunduko dizu urratsez urrats. Funtsean, gehitu nahi duzun txartelari argazki bat egin behar diozu, edo eskaneatu.
Baina, adierazi dugun moduan, aplikazioak esango dizu zer egin behar duzun. Zalantzarik baduzu, aplikazioaren ohiko galderetan begiratu dezakezu.
Segurtasuna mugikorrarekin edo smartwatcharekin ordaintzean
Inoiz ez baduzu erabili telefonoa edo erlojua denda batean ordaintzeko, normala da segurtasunari buruzko zalantzak izatea.
Lasaiago gera zaitezen, jakin behar duzu telefonoan instalatzen dituzun ordainketa-aplikazioek pantaila desblokeatzeko sistemaren bat erabiltzeko eskatzen dutela, dela eredua, PINa, pasahitza, aurpegi-ezagutzea…
Arriskua zure kreditu- edo zordunketa-txartelarekin bezainbestekoa da. Galdu egin dezakezu, edo lapurtu egin diezazukete. Arriskua bera da mugikorrarekin ere. Horrelakoetan, deitu lehenbailehen zure bankura.
Segurtasun-neurri gisa, egokia izan daiteke NFC aukera lehenespenez desaktibatuta edukitzea eta erabili behar duzunean aktibatzea. Eta beti-beti onartu zure gailuaren eguneratzeak, asko segurtasunarekin lotuta egoten dira eta.
Lagungarria egin zaizu gida hau? Bada, hasi mugikorrarekin edo erloju adimendunarekin ordaintzen. Ikusiko duzu zein azkarra den.