Inoiz pentsatu duzu nola dakien Netflixek zer telesail gustatuko zaizun El desorden que dejas ikusi baldin baduzu? Zientzia-fikzioa dirudi; baina ez, adimen artifiziala da. Entretenimendu-plataformek datu pila bat biltzen dituzte erabiltzaileen esperientzia hobetzeko eta pertsonalizatzeko.
Adimen artifiziala inguruan daukazu eguneroko bizitzan, eta ez zara konturatu. Netflixen, Amazon Prime Videon edo Spotifyn dago, besteak beste. Nola, baina?
- Gomendio pertsonalizatuak: Gehien gustatuko zaizkizun filmak, telesailak edo abestiak zein diren jakitea ezinbestekoa da harpidedunei eusteko eta plataformen erabilera areagotzeko. Bete-betean asmatzeko, zure gustu berdinak dituzten beste erabiltzaile batzuei gustatu zaien edukia gomendatzen dizute, edo iraganean zuri gustatu zaizunaren ahalik eta antzekoena proposatzen dizute.
- Bilaketa adimenduna: Bilatzailean testua sartzen duzunean, erakusten duen emaitza zure kontsumo-profilaren eta adimen artifizialeko eredu baten ustez benetan esan eta bilatu nahi duzunaren araberakoa da. Gainera, film, telesail edo abestien edukia aztertzen dute, zure bilaketarekin bat datozen emaitzak eskaintzeko.
- Karatulak automatikoki eta modu pertsonalizatuan sortzea: Zenbat aldiz erabaki duzu zer film ikusi nahi duzun karatula ikusita bakarrik?? Entretenimendu-plataformek badakite zer erakutsi behar dizuten zure interesa pizteko: drama, komedia edo aktore jakin batzuk gogorarazten dituzten irudiak. Gainera, irudi eta produktu bakoitzaren kokapena ere ez da edonolakoa: interesatzen zaizuna erraz aurkitzeko diseinatuta dago.
- Edukien postprodukzioa: Netflixek eta Amazon Prime Videok, adibidez, adimen artifizialeko ereduak erabiltzen dituzte edukiaren kalitatea berrikusteko eta azpitituluak eta soinua doitzeko, akatsik egon ez dadin.
- Konexioaren kalitatea: Ideia bat izan dezazun: Netflixek Interneteko munduko banda-zabaleraren % 15 kontsumitzen du. Hortik atera kontuak. Karga-denbora egokia izateko eta filmak ahalik eta kalitate handienarekin ikusteko, eskualde bakoitzerako zer banda-zabalera behar den aurreikusi behar du Netflixek. Horri esker, zerbitzarietako eta sare-konexioetako gastua optimiza daiteke.
Ikusten duzunez, adimen artifiziala oso bizkorra da, eta lagundu egiten die Netflixi, Amazon Prime Videori edo Spotifyri zure erabilera-esperientzia hobetzen, datu hauei esker: zer eduki, noiz eta non entzun edo ikusi duzun, zer gailu erabiltzen dituzun hura erreproduzitzeko, noiz eteten edo noiz azkartzen duzun erreprodukzioa, noiz egiten duzun scroll eduki bat gustatu ez zaizulako, eta zer bilaketa egiten duzun.
Horregatik dauka horrenbesteko arrakasta streamingak entretenimenduaren munduan.
Artikuluaren egilea Ignacio Vilaplana da, Euskaltelen adimen artifizialaren arloko arduraduna.