Euskaldunok tradiziozale amorratuak gara. Eta, hain garai seinalatuak izanik, Gabonetan egiten dira ospakizunik bikainenetako batzuk. Eguberrietan etortzen zaizkigu Olentzero eta Mari Domingi bisitan, Gorbeiara igotzeko aprobetxatzen dugu, gilin-galana entzuten dugu kaleetan… Horiexek dira Euskal Herriko Gabonetako tradiziorik ezagunenetako batzuk.

Gabonei ongietorria egiteko tradiziorik goiztiarrena: San Tomas azoka

Berez-berez eta egutegiari zorrotz begiratuta Eguberrietako ospakizun tipikoa ez bada ere, esan genezake San Tomas egunak markatzen duela gure Gabon-jaien hasiera.

Abenduaren 21ean ospatzen da tokirik gehientsuenetan, hala nola Donostian, Bilbon, Azpeitian, Lekeition, Irunen, Hondarribian… Baina Arrasaten egun bat geroago izaten dira santamasak, abenduaren 22an, alegia.

Eta nola ospatzen dugu hemen San Tomas azoka? Dotore-dotore baserritar jantzita, musika-doinu alaiekin, nekazaritza-azokak bisitatuz, eta, nola ez, gure talo goxo-goxoak dastatuz.

Apurka-apurka girotzen hasteko, turroia, bisigua edo bakailaoa pil-pilean iritsi aurretik.

Olentzero eta Mari Domingi, Gabonetako euskal pertsonaia klasikoak

Olentzero y Mari Domingi
Iturria: Donostia Kultura

Olentzero eta Mari Domingi dira Gabonetako protagonista nagusiak; guretzat, baina baita etxeko txikientzat ere!

Abenduaren 24 gauean, gure ikazkin tripontziak eta Mari Domingik opariak banatzen dituzte etxez etxe.

Olentzerori eta Mari Domingiri buruzko xehetasun guztiak jakiteko, irakurri gure blogeko post hau.

Gabonetako euskal tradizioa: Gorbeiara igotzea

Diotenez, Urteberri goizean Gorbeiara igotzea da urteari ekiteko modurik onena.

Oso tradizio ezaguna da, eta gero eta jende gehiago erakartzen du. Batzuk gauez igotzen dira, Urteberri egunean gurutzearen barrenean eguna zabaltzen ikusteko.

Aholku bat: negu bete-betean izaten denez, eraman ekipamendu egokia, ezustekoak eta egoera konplikatuak saihesteko. Komeni da, era berean, eguraldiaren iragarpenari kasu egitea. Izan ere, mendi-bide hori ez da paseotxo huts bat; gogorra da, eta baliteke hotzak pasada handi samarra ematea ondo prestatuta joan ezean.

Marijesiak, Gabonetako nahitaezko tradizioa Euskal Herrian

Marijesiak. Ezagunak egiten zaizkizu? Gabon-kanta tradizionalak abesten dituzten gizon-emakumeak dira. Errondan ateratzen dira, Eguberri egunaren aurreko bederatzi gauetan.

Aspaldiko tradizioa da, urteak joan eta urteak etorri Gernika aldean oraindik ere ospatzen dena, baita Busturialdeko zenbait herritan, Arratian eta Zeberion ere.

Gernikan, hain justu, goizaldean hasten da erronda, Andra Mari elizaren atarian, eta elizaz eliza egiten dituzte geldialdiak, harik eta eguna zabaldu arte. Oso tradizio berezia da, belaunaldiz belaunaldi igaro dena.

Gabonak Euskadin: Artzainen Jaia Bastidan

Gabon eta Eguberri egunak oso bereziak dira Bastida aldean. Hain zuzen ere, Artzainen Jaia egiten dute Arabako herri horretan —interes turistikoko jai aitortua da—.

Jesus Haurra jaio ondoko Artzainen Gurtza oroitarazten du, eta XVI edo XVII. mendeetatik datorren tradizio bat da.

12 artzainez osatutako taldeak izaten dira protagonista, Cachimorro buru dutela; guztien artean, koplak errezitatzen eta musikarik gabe dantzatzen dute.

Gabonetako tradizioak: jaiotzak Euskadin

Jaiotzazaleen elkarteek erakusketa bikainagoak egiten dituzte urtetik urtera, eta Bilbon eta beste zenbait hiritan 50 jaiotza ere egoten dira ikusgai, han-hemenka banatuta.

Bizkaiko Jaiotzazaleen Elkarteak, esaterako, jaiotza-ibilbide bat antolatzen du: tamaina eta estilo guztietako jaiotzak izaten dira ikusgai.

Diotenez, San Frantzisko Asiskoak sortuak dira miniatura zoragarri horiek: antza denez, 1223an erabaki zuen lehenbiziko jaiotza muntatzea, Jesukristoren jaiotza irudikatzeko.

Mendeak joan eta mendeak etorri, tradizioak jarraitu egin du, eta Bizkaiko hiriburuan ere topa daitezke makina bat adibide gaur egun, hala nola Bilboko Aste Santuko Pausoen Museoan, Euskal Museoan, Arte Sakratuarenean, Burtsa Eraikinean, Domus VI-Miraflores egoitzan… Hori gutxi balitz, Bilboko Itsas Museoan ere egoten da jaiotza bat, itsas ukituarekin prestatua.

Gabon-jaietan nahitaez ikusi beharrekoa izaten da Donostiako Gipuzkoa plazan aire zabalean jartzen duten jaiotza ikusgarria.

Bisitatxo bat merezi duten jaiotza gehiago ere izaten dira Gipuzkoako hiriburuan, hala nola Aldundiaren jauregian, Artzain Onaren katedralean, Intxaurrondoko Beharkon edo Loiolan, Atari Ederreko lorategietan.

Gasteiz aldean, berriz, jaiotza monumentala ipintzen dute Florida parkean; horixe da, hain justu, gurean jartzen duten jaiotza harrigarri eta ezagunenetako bat.

Arabako hiriburuan, Karmen elizan eta Aita Karmeldarren komentuko klaustroan, Arabako Jaiotzazaleen Elkartearen erakusketa bitxi bat ere ikus dezakezu; 30 urtez baino gehiagoz egin dute.

Xehetasunez beterik egoten da.

Astotxo Eguna: ehunka urteko Gabonetako euskal tradizioa

Errege egunaren ondorengo lehen igandean, Lazkaok Itun Berriko pasarte bat antzezten du, zeina duela sei mendetatik errepikatzen baitute.

Hain zuzen ere, San Josek, Andre Mariak eta Jesus haurrak asto gainean Egipto aldera ihes egin zutenekoa, Herodes erregeak bi urtetik beherako haur guztiak hiltzeko agindua eman ondoren.

Astotxo Eguneko kale-antzezpenean, 200 lazkaotarrek baino gehiagok parte hartzen dute urtero.

Gure Gabonetako beste herri-tradizio bat: Berako gilin-galana

Urtezahar arratsaldean, Berako neska-mutikoek herriko kaleak zeharkatzen dituzte, abarkak, atorra beltza eta lepoko zapia soinean dituztela. Gilin-galan abesten dute, herritarren ordainsariaren esperoan: fruitu lehorrak, mandarinak eta gaztainak.

Gauean, nagusiek hartzen dute lekukoa, eta herriko kaleetan zehar ibiltzen dira Dios te salve, ongi etorri abestuz.

Halaxe ospatzen ditugu Gabonak gurean, betiko tradizioak ahaztu gabe. Eta geuk ere halaxe opa dizuegu: Eguberri on!

Iturria: Turismoa Euskadi.