Ohiturek agintzen dute, eta are gehiago urteko garai hauetan. Baina, onar ezazu, Gabonetan ohitura duzu Gorbeiara igotzeko, Gabon gaueko eta Gabon zaharreko afaria baino lehen koadrilarekin tragoxka batzuk hartzera joateko, San Silvestre lasterketa batean korrika egiteko... Ohitura horiek dagoeneko tradizio bihurtu dira, eta hutsik egin gabe beteko dituzu. Horietako zein jarriko duzu zure zerrendan?
- Gorbeiara igotzea: ohitura zabalduenetako bat da urtarrilaren 1ean edo abenduaren 31n, goizean, Gorbeiara igotzea, eta tontorrean xanpainarekin topa egitea edo tontorrera otarrainxkak eramatea. Gurutzea eta pottokak dira urtez urte ohitura honek duen jarraitzaile-kopuruaren lekuko. Orain gainera, Gabon-garai osora zabaldu da ohitura, eta bereziki eguraldi oneko eta haizerik gabeko egunetan igotzen da jendea, horri esker errazago igotzen baitira azken metroak eta tontorrera iritsi aurreko aldapa.
- San Silvestre lasterketa: eta kirolari buruz ari garela, ezin aipatu gabe utzi San Silvestre eguneko lasterketak, jai handiak baitira. Fenomeno horrek Galdakaon du jatorria, 1961ean, eta, urtez urte, jarraitzaile gehiago ditu. Abenduaren 31ko herri-lasterketek tokia hartu dute Gabonetako agendan, eta tradizio bihurtzeko bidean dira: Bilbo-Errekalde, Getxo (Areeta), Durango, Gasteiz, Beasain, Donostia... Urteari beste modu batera agur esateaz gainera, jendeak Gabonetako ezaugarriren bat eramaten du soinean, eta, ondoren, trago batzuk hartzera joaten da, afaltzera joan aurretik. Dibertigarria dirudi, ezta?
- Kalera irtetea: guztia ez da kirola, eta kuadrillakoekin elkartzea Gabonetako beste ohitura klasikoetako bat da. Baina, adi, etxean mahats-aleak jan ondoren Urte zahar gauean ateratzeaz gain, orain moda berria da Gabon gauean ere ateratzea. Eta are gehiago lagunekin edo lehengusu-lehengusinekin trago batzuk hartzea edo pintxo batzuk jatea, tripa-festaren aurretik. Horrela, gainera, ez dugu mahaia prestatu beharko. Bai, orain afaldu aurrekoak ere gustatzen zaizkigu.
- Kalez kale kantari ibiltzea: Gabonetan, kale jendetsuenetan, abesbatzak eta lagun-taldeak Gabon-kantak (Olentzero, Hator-hator...) kantatzera ateratzen dira, eta, bide batez, dirua biltzen dute kausa solidario baterako. Gabonak girotzen dituzte, ezta?
- Izotz gaineko irristaketa-pistak: Javier Fernández txapelduna bezala ibiltzea zaila izango da, baina urtero saiatzen zara barre pixka bat egiteko. Patinatzera joatea ere Gabonetako ohitura bihurtu da, eta Euskadiko txoko guztietan dago pistaren bat: Bilboko izotz-pista ekologikoa, Andre Maria Zuriaren plazako izotz-pista eta txirristak... Aitzakiarik ez duzu patinak janzteko.
- Azoketara joatea: egun berean patinatzera joanez gero, plan bikaina duzu Gabonetako ohiko arratsalde bat pasatzeko. Pistekin batera, herriko erdialdean postuak jartzea da udalek egindako beste aukeretako bat turistak eta jendea erakartzeko. Merezi du inguratzea, artisauren baten lan bat erosteko edo zuhaitzean jartzeko iruditxoren bat erosteko.
- Jaiotzak eta beste ohitura batzuk: eta ohitura horiek guztiak Gabonetako klasiko bihurtzen ari diren arren, ezin ditugu galdu betiko ohiturak: Jaiotzak ikustera joatea, Olentzerori gutuna idaztea, loteria erosteko ilaran itxarotea, errege-opila jatea, kabalgatetan goxokiak jasotzea munduko gauzarik garrantzitsuena balitz bezala...
Eta zuri, ohiturak gustatzen zaizkizu ala abangoardia zalea zara? Kontatu zer ohitura dituzuen Gabonetan zuen etxean. Eguberri on!!