WhatsAppak eta mezu elektronikoak erantzun, zure sare sozialetan zer dabilen ikusi, eguraldi-iragarpena kontsultatu... Eguna amaitu, eta konturatzen zara denbora gehiago eman duzula ordenagailuaren eta mugikorraren pantailari begira, inguruan dituzun paraje ederrez gozatzen baino. Teknologiaren erabileran, oreka bilatu behar duzu; ongizate digital deritzo horri, eta moda-modan dago. Zergatik ez duzu aprobetxatzen opor-garaia teknologiatik pixka bat deskonektatzeko?

Ongizate digitala

Egunerokoan, nahitaezko zereginik ez dugun orduetan, tabletari, mugikorrari, ordenagailuari eta gainerako trepetei begiratzen diegu, inertzia hutsez, ohitura bihurtu baitugu behin eta berriz begiratzea. Ongizate digitalak horri aurre egiteko proposatzen digu, ohitura teknologiko osasungarriak garatzen eta mantentzen ikas dezagun.

Teknologia orekaz erabiltzea lortzeko, hau da, benetan laguntza gisa erabiltzeko eta ez entretenimendu hutsez, komeni da aintzat hartzea zenbat eta zertarako erabiltzen ditugun Internet, sare sozialak, eta abar.

Googlek telefono mugikorra ahazten lagunduko dizu

Aplikazio asko daude begiak smartphonearen pantailatik urruntzen laguntzen dutenak, baina guk Googleren esperimentu hauek proposatu nahi dizkizugu, zoroak eta, aldi berean, oso dibertigarriak baitira.

Screen Stopwatch

Aplikazio honek esaten dizu zenbat denbora pasatzen duzun egunero mugikorrarekin. Desblokeatzen duzun aldiro, martxan jartzen da kronometroa. Deskargatu, eta ikusi ea zenbat denbora ematen duzun telefonoari lotua.

Activity Bubbles

Aurrekoaren antzekoa da; aplikazio honek burbuilaz betetzen dizu pantaila, telefonoa erabiltzen duzun denboraren arabera. Deskargatu, eta egiaztatu.

Desert Island

Googlek proposatzen dizu zure aplikazio funtsezkoenak bakarrik erabiltzea egun batez; zuk aukeratu ditzakezu aplikazioak. Gai izango zara? Instalatu zure mugikorrean, eta esaguzu.

Unlock Clock

Berez, ez da aplikazio bat. Pantaila-atzealde bat da, telefonoa zenbat aldiz desblokeatzen duzun adierazten dizuna. Deskargatu, eta zure ohiko liburutegian izango duzu.

Morph

Une bakoitzean behar dituzun aplikazioak bakarrik irekitzen ditu. Esate baterako, lanean ari baldin bazara, Gmail, Drive eta Calendar izango dituzu erabilgarri. Zuk aukeratzen duzu zer aplikazio irekiko diren egoera bakoitzean. Instalatu, eta aukeratu zureak.

Post Box

Aukeratu nolako maiztasunez jaso nahi dituzun WhatsAppen, postaren eta gainerako aplikazioen jakinarazpenak. Hala, ez duzu arreta galduko lanean ari zarenean. Probatu lehenbailehen.

We Flip

Talde bat deskonektatu nahi baduzu teknologiatik, esperimentu polita duzu hau. Denak elkartu arte itxaron behar duzu; gero, aktibatu etengailua. Taldeko norbaitek telefonoa desblokeatzen badu, amaitu egingo da saioa. Deskargatu, eta erabaki norekin nahi duzun deskonektatu.

Eta zuk zenbat denbora ematen duzu egunean mugikorrari lotuta? Egiaztatu ea benetakoa den zuk kalkulatutako denbora.