Bizkaiko Golkoan kutsadura plastikoaren aurka borrokatzeko Ulysses proiektu zientifikoak alderdi teknologikoa indartu du Euskaltelekin. Gaur egin da aurkezpena Bizkaia Euskaltel Digital Centerren, eta han izan dira Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritzaren Saileko foru-diputatua, Luz Usamentiaga Euskalteleko presidentea, Bernard Seco Ulysses proiektuko zuzendaria eta María C. Uyarra AZTIko ikertzailea. Aurkezpenean iragarri denez, Euskaltelek bat egingo du Data for Science Fundazioak sustatzen duen Ulysses proiektuarekin, itsas zaborraren inguruko eta Bizkaiko Golkoan duen portaeraren inguruko ezagutza hobetzeko; proiektuan parte hartzen dute, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Elecnor Fundazioak eta AZTIk.

Euskaltelek 5G teknologia darabilten gailuak emango ditu, hamar arraun-taldek erabil ditzaten ohiko entrenamendu-saioetan. Mikroplastiko flotatzaileen monitorizatze zientifikoa jarriko zaie gailuei, ibilbideak lokalizatzeko. Gailu horiei esker, zehaztasunez jakin ahal izango da non hartzen diren laginak, eta estuarioetako zenbait puntutako mikroplastikoen presentziari eta haien tipologiari buruzko informazio erabilgarria zabaldu ahal izango da.

Lankidetza honen bidez, indartu egiten da Euskaltelek euskal ekosistema berritzailearen eragile gisa duen zeregina, erakunde publikoen eta sektore estrategikoen arteko elkarlana sustatuz. Konpainiaren inbertsio historikoa 4.900 milioi euro ingurukoa da, eta diru hori, batez ere, telekomunikazio-sare modernoenak garatzeko erabili da. Konpainiak, zeinak duela gutxi hiru urterako 200 M €-ko inbertsio-plan gehigarri bat iragarri baitzuen, 5G estaldurarik onena eskaintzen dio EAEko herritarren % 97ri, eta, bere zuntzarekin, 1,25 milioi etxe eta negoziotara iristen da 251 udalerritan.

Euskaltelen parte-hartzearekin, Ulysses proiektuak beste aurrerapauso bat eman eta alderdi teknologikoa indartu du. Luz Usamentiaga Euskalteleko presidenteak hau adierazi du: “Euskaltelen uste dugu teknologiak pertsonen eta ingurunearen babesaren zerbitzura egon behar duela. Ulysses proiektuan parte hartuz, itsas inguruneari buruzko ezagutza zientifikoa sortzen lagunduko dugu gure konektagarritasunari eta digitalizazioari esker, eta gure itsasoen kontserbazioa babestuko dugu”.

Bizkaiko Foru Aldundiak ere parte hartu du ekitaldian; izan ere, Ulysses proiektuan dihardu 2025etik, itsas ingurunea ezagutzen eta babesten laguntzeko. Testuinguru horretan, Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritzaren Saileko foru-diputatuak nabarmendu duenez, “erakundeen, zientziaren eta teknologiaren arteko lankidetza funtsezkoa da gaur egungo ingurumen-erronkei aurre egiteko. Euskaltelek Ulyssesekin bat egiteak beste bultzada bat eman dio proiektuari, aukera emango baitigu hobeto ezagutzeko hondakin plastikoek nola jokatzen duten Bizkaiko Golkoan, eta, gainera, lagunduko baitigu itsasoetako kutsaduraren aurkako soluzio eraginkorragoak bilatzen. Izan ere, gure itsasoa babestu ahal izateko, lehenbizi ezagutu egin behar dugu, eta mota honetako proiektuak lagungarriak dira ezagutza zientifikoan oinarritutako erabakiak hartzeko eta Bizkai jasangarriago bat eraikitzen jarraitzeko”.

Ingurumen-monitorizaziorako hamar arraun-talde

Ekimen honen alderdi zientifikoa Ulysseseko bazkide teknologiko eta zientifikoa den AZTI zentro teknologikoak garatzen du. Jasotako milaka datuak ezagutza baliagarri bilakatzeko metodologiak diseinatzea eta baliozkotzea da haren lana. Hala, itsas hondakinak Bizkaiko Golkoan nola mugitzen, pilatzen eta zabaltzen diren ulertuko dugu. Lan horren bidez, itsasora iristen diren hondakinak prebenitzeko, arintzeko eta kudeatzeko neurri eraginkorragoak garatzeko behar den oinarri teknologikoa sortzen laguntzen du zentro teknologikoak.

María C. Uyarra AZTIko ikertzaile eta itsasoko eta kostaldeko ingurumen-kudeaketako adituak azpimarratu du hau dela helburua: “hondakinak non pilatzen diren aurresateko eta itsasoan zaborra garbitzeko neurri eraginkorragoak diseinatzeko aukera ematen duen ezagutza bilakatzea datuak”.

Proiektuaren fase honetan, Surfing for Science proiektuak erabilitako laginketa-sistema baliozkotu du AZTIk, Rowing for Science jarduera berrian aplikatzeko. Hala, hamar arraun-talde ekarriko ditu ingurumen-monitorizazioko prozesura. Entrenamenduetan, Euskaltelek emandako 5G teknologiako gailuak erabiliko dituzte batel eta trainerillek, kostaldeko hainbat puntutan laginak hartzean egindako ibilbidea geolokalizatzeko; horri esker, informazio gehiago izango dugu euskal kostaldean zabor eta mikroplastikoek duten presentziaren inguruan.

Isuntza arraun-taldearen ontzi batean egin dira proba pilotuak, sistema gainerako klubetara zabaldu aurretik.

AZTIko adituak nabarmendu duenez, “arraun-taldeen parte-hartzeari esker, kostaldeko behaketa-puntuak areagotzeko eta itsas zaborrei buruzko ikerketarako balio handia duen informazioa eskuratzeko aukera dugu”.

Bizkaiko Golkotik itsasora

Euskaltelek lankidetzan dihardu, halaber, AZTIk zuzentzen duen Juvena kanpaina ozeanografikoarekin ere; 2003an abiarazi zen kanpaina Bizkaiko Golkoan, antxoa gaztearen egoera ebaluatzeko eta itsas ekosistemaren kondizioak karakterizatzeko. Kanpainan laguntzaile dira, halaber, Eusko Jaurlaritza, Emma Bardán ontzia (Nekazaritza eta Arrantza Ministerioa) eta Ángeles Alvariño ontzia (Espainiako Ozeanografia Institutua).

Testuinguru horretan, Ulysses proiektuak, AZTIren bidez, jitoan dauden zurezko 240 gailu zabaldu ditu: 120 Traveller, satelite bidezko geolokalizazio-sistemadunak, eta 120 Wooden (herritarren parte-hartzea behar da haiek berreskuratzeko). Hondakinek itsaso zabalean duten portaera aztertzea eta haien garraioa eta metatzea baldintzatzen dituzten prozesuak hobeto ulertzea da helburua.

Bernard Seco Ulysses proiektuko zuzendariaren ustez, ahaleginen batura hori da, hain zuzen, proiektuaren gakoetako bat: "Gure eskerrik beroena eman nahi diot Euskalteli proiektu honetan duen parte-hartze baliotsuarengatik. Izan ere, haren teknologiari esker, datuak gure ekosistema eta gure itsasoak hobetuko dituzten ekintza zehatz bihurtzeko funtsezkoa den informazioa jaso eta prozesa dezakegu. Halaber, bereziki aipatu nahi dut Elecnor Fundazioa. Anbizio handiko proiektu zientifiko konplexu honen alde egin zuen lehen instituzioa izan zen, eta harro gaude zenbait urtetako ahaleginaren eta lanaren ondoren fruituak jasotzen hasiak garela ikusteaz.”