Euskaltelek eta Alboanek bat egin dute Lurraren aldeko Mugikorrak kanpaina sustatzeko: erabiltzen ez diren mugikorrak berrerabili eta birziklatu nahi dira, proiektu humanitario eta ingurumenekoetan laguntzeko.
Kanpainari esker, parte hartu nahi duten guztiek aukera izango dute beren mugikor zaharrak Euskaltelek euskal geografia guztian dituen dendetan eta Bizkaia Euskaltel Digital Centerren (Bilboko erdigunean) entregatzeko. Dohaintzak errazteko, gailuak jasotzeko kaxak eta ekimenaren inguruko informazioa duten eskuorriak izango dira Euskaltelen saltokietan. Gainera, Euskaltelek Euskadin eta Nafarroan dituen 45 dendetako langileek mugikor zaharra entregatzeko aukeraren berri emango diete terminal berri baten bila doazenei, eta ekimenean parte hartzera animatuko dituzte.
Fernando Seco Euskalteleko Marketineko zuzendariak azaldu duenez, “gure ingurunea zaintzeko konpromisoa duen konpainia gisa, inpaktu positibo erreala sortzen duten ekimenak antolatzea ere badagokigu. Erantzukizunari eusteko modu hori gure eguneroko lanaren parte izatea nahi dugu, bai eta Euskaltelek gizartearekin duen harremanaren parte izatea ere”.
Bestalde, Julia Aramendi Alboaneko Enpresekiko Aliantzen arduradunak ekimenaren xedea zehaztu du: “herritarrak kontzientziatzea gailu teknologiko horien fabrikazioak duen inpaktuaren inguruan, bereziki haien osagaiei dagokienez. Gailuak birziklatzea eta berrerabiltzea bultzatzeaz gainera, haien fabrikazioaren inpaktua arrazionalizatzen du proiektuak, haien bizitza baliagarria luzatu eta ekintza humanitarioak finantzatzen baititu".
Berrerabiltzea, birziklatzea eta konpromiso soziala
“Lurraren aldeko Mugikorrak” ekimenak helburu bikoitza du: batetik, beste bizitza bat eman nahi die dagoeneko erabiltzen ez diren gailuei, berrerabiltzea eta birziklatzea bultzatuz, hondakin elektronikoen kudeaketa jasangarriago bat lortzeko; eta, bestetik, proiektu humanitario eta ingurumenekoetarako baliabideak sortzea lortutako funtsen bidez. Hala, beraz, pertsonengan eta ingurumenean inpaktu positibo bat eragiten lagunduko dute Euskaltelek eta Alboanek.
“Lurraren aldeko Mugikorrak” ekimenaren bidez, gizartearekin duen konpromisoari erantzuten dio Euskaltelek, bere lan-eremuko gizartea, ekonomia eta ingurumena babesten dituzten ekintzen bidez.
