Mugikorren ahalmena, abiadura eta moldakortasuna asko hobetu dira azken urteotan, baina bateriaren iraupenak haien ahulgunea izaten jarraitzen du. Smartphone baten erabilera normala denean, ez oso bizia, egunero kargatu behar izaten da, eta hura kargatzeko garaia desegokia izan daiteke guretzat. Hala, badira trikimailu batzuk telefono adimendunen bateriari ahalik eta zukurik gehien ateratzeko eta haren balio-bizitza luzatzeko. Adi!
- Apaldu pantailaren distira
Gure gailuan bateria gehien kontsumitzen duen elementuetako bat da pantaila. Kontsumoa murrizteko modu eraginkorra da haren argitasuna kontrolatzea. Smartphone batzuek badituzte distira ingurunera egokitzeko aukerak. Beste aukera bat da argitasun-maila baxuagoa eskuz ezartzea.
- Datuak itzali
Bateriaren energia-kontsumoa murrizteko, komeni da datuen transmisioa desaktibatzea behar ez denean; alegia, 3G edo 4Ga, GPSa, bluetootha, NFCa, eta, jakina WiFi-a desaktibatzea. Hegazkin modua aktibatuta ere asko murrizten da kontsumoa, sare-mota guztietatik deskonektatzen baita terminala. Baina, kontuz! Jakin egin behar da noiz egon nahi dugun edo noiz egon gaitezkeen konektatuta. Eta, ondoren, ez da ahaztu behar berriro modu arruntzera itzultzea!
- Eguneratu telefonoa
Aldizka eguneratu zure gailuaren sistema eragilea eta aplikazioak; hala, haren errendimendua hobea izango da, eta bateriak gehiago iraungo du. Smartphone gehienek noizean behin gogorarazten digute eguneraketak badaudela, eta onartu besterik ez dugu egin behar.
- Itxi erabiltzen ari ez zaren aplikazioak
Atzeko planoan martxan dauden aplikazioak izan daitezke bateria bizkorregi ahitzearen arrazoia. Erraza da konponbidea: beti itxi erabiltzen ez dituzun aplikazioak.
- Adi ibili widget-ekin
Widget gehienek, hala nola albisteen eta metereologiaren berri ematen dutenek, etengabe egon behar dute konektatuta. Hala, haietan etengabea da datu-trafikoa, eta, beraz, bateriaren kontsumoa. Zaindu instalatutako widget-ak.
- Desaktibatu posta elektronikoaren eta sare sozialen jakinarazpenak
Mezu elektronikoak (batzuetan, gainera, kontu batekoak baino gehiagotakoak elkartuta) eta sare sozialetako mezuak (hala nola Twitter-ekoak eta Facebook-ekoak) etengabe sartzen badira, alferrik kontsumitzen da bateria ez badugu informazio hori etengabe egiaztatu beharrik. Hala, sarrerako postontzia edo nahi dugun sare soziala komeni zaigunean eskuz eguneratzea da aukera bat.
- Iraupen laburreko itxarote-pantaila
Bateria aurrezteko trikimailu on bat da telefonoa konfiguratzea itxarote-pantailaren iraupena laburra izan dadin. Hala, gailuak gutxiago kontsumitzen du begiratzen ez diogun denbora osoan. Nahiz eta badiren batzuk minutu batez ere telefonoari begiratu gabe egon ezin dutenak! (gogoan izan ordua ikusteko telefonoa blokeatuta egon daitekeela)
- Ahal dela ez erabili bibrazio-sistema
Benetan behar ez baduzu, eta bateria aurreztu nahi baduzu, bibrazio modua desaktibatzea duzu onena. Tonu normal bat erabilita edo telefonoa isilik edukita baino gehiago kontsumitzen da bibrazioarekin. Ukipen-erantzunak (edo feedback haptikoak) ere kontsumo handia du, eta erabiltzaileari ez dio ekarpen handirik egiten.
- Saiatu telefonoa muturreko tenperaturetatik kanpo mantentzen
Ez da komeni gailua eguzkitan luzaro uztea, ezta oso tenperatura altuetan edo baxuetan ere. Haren funtzionamendu egokiari eragin diezaioke horrek, eta, beraz, bateriari ere bai.
- Kargatu telefonoa bateria ia agortuta dagoenean
Komeni da bateria kargatzeko orduan ohitura onak izatea, haren bizitza ahalik eta gehien luzatzeko. Hala, bateria kargatzeko, itxaron % 20an egon arte, eta, erabat agortzen bada, hobeto. Entxufatutakoan, berriz, itxaron guztiz kargatu arte.
- Hobe da korronte-hargunera konektatuta kargatzea
Mugikorra kargatzeko, paretara entxufatutako kargagailu bat erabiltzea da onena, USB-atakek oso intentsitate txikia ematen baitute normalean (0,5 ampere).