Hacker batek ordubete baino gutxiago beharko luke zortzi karaktere baino gutxiagoko pasahitz bat deszifratzeko. Hori diote, behintzat, adituek. Horregatik, ahalik eta gako seguruenak aukeratu behar ditugu. Nola? Pasahitz sendoa sortzeko emango dizkizugun aholkuak kontuan hartuta.
Eta inoiz ahaztu ez dakizkizun, modu seguruan nola gorde azalduko dizugu.
Pasahitz seguru bat izateko aholkuak
Ane1986 ez da pasahitz ona. Askotan, gure izena, jaiotze-urtea eta horrelakoak erabiltzen ditugu pasahitzetarako.
Bada, ez da egokia.
Luzera eta konplexutasun handiko pasahitz bat izatea funtsezkoa da hackea ez dezaten. Behintzat, lana zaildu egin behar diegu pasahitza lapurtu nahi digutenei.
Eta, kasu honetan, zenbat eta luzeagoa, orduan eta hobea; eta, halaber, zenbat eta osoagoa, hobea. Gure pasahitza sortzeko moduak baldintzatuko du pasahitzak zibererasoekiko duen eraginkortasuna.
Ikus dezagun zer hartu behar den kontuan adituen ustez pasahitzak seguruak eta sendoak izan daitezen:
- Ahalik eta luzeena izatea: zenbat eta karaktere gehiago, orduan eta hobeto. Zortzi baino gehiago badira, hobeto.
- Maiuskulak eta minuskulak nahastea.
- Karaktere alfanumerikoak izatea; eta, ahal dela, aleatorioak.
- Karaktere bereziak sartzea, hala nola izartxoa (*) edo galdera-ikurra (?).
Halaber, garrantzitsua da aldizka pasahitza aldatzea.
Astuna irudituko zaizu agian, baina ohitzea da kontua, zibererasoei edo gure pasahitzak legez kanpo biltegiratzeari aukerarik ez emateko.
Pasahitz modularrak, aukera seguruagoa
Gomendio horiek guztiak konbinatzeko modu bat pasahitz modularrak dira: Pasahitza sortzeko, zenbait hitz erabili, karaktere edo sinbolo jakin batekin lotuak.
Formula honekin, konplexutasuna eta denbora irabaziko dituzu; izan ere, pasahitzak sortzeko modua arrazionala izanik, ez zenituzke hain erraz ahaztu behar. Pasahitz modularrak sortzeko modu hauek erabil ditzakezu, besteak beste:
- Zure maskotaren izena-zure NANa-ezkondu zinenetik pasatu diren urteak: Trotsky-35847598-02
- Zure ezizena*zure maskotaren izena*izan duzun auto-kopurua: Pocholín*Toulouse*2
- Seme-alaba kopurua%zure urtebetetze-eguna&zure lehen katuaren izena: 4%23121977&Coral
Saiatu beti hitz berak ez konbinatzen pasahitza hautatzeko. Ezta lotura-karaktere berak ere.
Pasahitz asko badituzu, erraz gogoratzeko modu bat izan daiteke lotura-karaktere hori edo ordena aldatzea.
Nola egiaztatu zure pasahitza segurua den edo ez
Pasahitza aukeratu ondoren, egiaztatu ea behar bezain segurua den.
Webgune eta tresna asko daude horretarako. Kaspersky da horietako bat. Aukera ematen du segurtasun-mailari buruzko informazioa jasotzeko, eta behar bezain segurua ez bada, hobetzeko.
Pasahitzen segurtasun-maila aztertzen duen beste webgune bat Ciberprotector da. Kasperskyren teknika bera erabiltzen du. Nahikoa da pasahitza idaztea, eta segurua den ala ez adierazten du.
Pasahitz seguruak kudeatzeko tresnak
Orain, badituzu pasahitz seguruak. Zer egin behar duzu haiek gogoan hartzeko? Zure pasahitz guztiak gordetzeko, pasahitzen kudeatzaileak edo administratzaileak erabiltzea gomendatzen dizugu.
Zenbaketa-programa batzuk dira, eta zure pasahitz eta datu guztiak gako bakar baten bidez zifratuta gordetzen dituzte (master password delakoa). Hala, nahikoa da pasahitz bakarra hartzea gogoan beste guztietara sartzeko.
NordPass da horietako bat. Pasahitzen kudeatzaile zifratu bat da, zazpi nabigatzailerekin bateragarria eta erabilera errazeko arkitekturakoa.
Beste asko ere badaude, ordea.
Azken gogorarazpen bat: zortzi karaktere baino gutxiago dituzten pasahitzak ordubetean baino gutxiagoan deszifra daitezke.
Hala ere, esan dizugun guztia aplikatzen baduzu, hackerentzat zailagoa izango da. Adituek diotenez, 3.000 urte beharko lirateke gutxienez hamabi karaktere eta letra larriak, xeheak, zenbakiak eta sinboloak konbinatzen dituen pasahitz bat deszifratzeko.
Orain, iruditzen zaizu merezi duela denbora pixka bat gehiago ematea zure posta elektronikoko, Facebookeko edo Amazoneko kontuko pasahitza askoz seguruagoa izan dadin, ezta?