Gezurrez, albiste faltsuz eta bideo eta irudi manipulatuz inguratuta bizi gara. Eta eduki biral hori zure sare sozialetan partekatzen duzu, askotan fake news bat dela konturatu ere egin gabe. Are gehiago gaurkoa bezalako egunetan, zeinetan informazioz gainezka baikaude. Ikusten eta entzuten duzun guztia ez da egia; horregatik, lagundu egingo dizugu fake news eta false news direlakoak identifikatzen, trikimailu batzuekin.
Fake news eta false news
Ziria sar ez diezazuten, fake newsak eta false newsak zer diren jakin behar duzu.
Sare sozialetan milioika bideo eta argazki partekatzen dira, horietako asko Photoshop-ekin edo inori kalterik egiten ez dion iragazkiren batekin ukituak. Bestelakoak dira, ordea, deepfakes direlakoak, hots, faltsutze sakonak, errealitatea desitxuratzen duten bideoak, adimen artifizialeko eta Deep learningeko teknikak erabiliz eginak. Paradoxikoa badirudi ere, tresna horiek berak erabiltzen dira fake news direlakoak identifikatzeko.
Funtsean, egiten dutena da pertsonen faltsutze sakonak sortu, adimen artifizialari eta ikasketa automatikoari esker. Bideo horietan, edukiak konbinatzen dira, edo eduki berriek jatorrizkoak ordezkatzen dituzte edo haien gainean jartzen dira, egiazko edukiak direla sinetsarazteko. Hala, tranpa egina dago.
Teknologia-arloko erraldoiek (Facebook, Google, Microsoft, Instagram...) jokabide hori ezabatu nahi dute, besteak beste erabiltzaile faltsuak, troll-kontuak, botak eta pertsonak direlakoan aritzen diren kontu automatizatuak identifikatzeko. Horretarako, aztertzaile eta egiaztatzaile independente mordoa erabiltzen dute; besteak beste Maldita.es, espainiarra. Gaia interesatzen bazaizu, hemen irakur dezakezu gehiago.
Eduki faltsua zuk zeuk detektatzeko aholkuak
Zuk ere detekta ditzakezu fake news direlakoak. Lehen urratsa: sen ona erabiltzea. Zenbait gauza, hainbesteraino dira ez sinestekoak, ezin dituzu inola ere sinetsi. Detektibe ona izan nahiz ez, egin kasu trikimailu hauei:
- Kontuz argazkiekin: zerbaiti itxura txarra hartzen badiozu, bilatu Googlen argazkia: nondik datorren, nork atera zuen eta noiz argitaratu zen.
- Begiratu URLari: batzuetan, albiste baten URLak arrastoren bat eman diezaguke. Askok benetako orrialdeen eta orrialde fidagarrien URLa imitatzen dute. Konparatu zure nabigatzaileko barra erabilita.
- Ez fidatu titular maltzurrekin: esaldi harrigarriak eta harridura-ikur asko izan ohi dituzte. Oso arraroa egiten bazaizu, gezurra izango da seguru asko.
- Egiaztatu iturria: albistea edo irudia ezagutzen ez duzun orri edo kontu batean ikusi baduzu, frogak ematen ez badituzte eta adituak aipatu baina haien izenik ematen ez badute, bilatu informazio gehiago, iturri fidagarri batetik datorrela egiaztatzeko.
- Bilatu iruzurra: ortografia-akatsek, hala moduzko erredakzioak, diseinu oso eskasak... lagundu diezazukete pentsatzen fake news bat dela.
- Jarrera kritikoa izan beti: bazter guztietara bidaltzerako, pentsatu egia den edo ez. Litekeena da zu konturatu gabe zuri iruzur egitea.
- Salatu plataforman: aurreko guztia kontuan hartuta uste baduzu fake news bat dela, salatu. Argitaratzeko aukeretan ia beti agertzen da salatzeko botoia. Hala, gezurrak zabaltzeari utziko diozu.
Espero dugu aholku hauei jarraituz ez dizutela ziria sartuko. Eta besteei lagundu nahi badiezu eduki faltsua identifikatzen, partekatu artikulu hau sare sozialetan.