Idazle izatea duzu amets? Aspalditik duzu zure eleberria edo poema-liburua argitaratuta ikusteko gogoa? Literatura gustuko baduzu, eta idazten duzuna jende guztiak ezagutzea nahi baduzu, guk zure lana zabaltzen lagundu nahi dizugu.
Orduak ematen badituzu buruari eragiten eta emozioak eta istorioak paperean jartzen, oraintxe da unea idatzita daukazun guztia tiraderatik ateratzeko. Baina seguru zeure buruari galdetuko diozula: nola egin dezaket neure liburua argitaratzeko?
Liburua Amazonera igo
Argitaratzeko modurik errazena (eta merkeena, noski) zure idatziak Amazonera eramatea da. Pentsa ezazu argitaletxeek, urtean, milaka eskuizkribu jasotzen dituztela. Ez dute beti denborarik eta ahalmenik hori dena gainbegiratzeko. Ondorioz, autoreek autoediziora jo beharra daukate hainbatetan.
Idazle handi asko hasi ziren horrela, beren eleberriak autoeditatuz. Eta, horretarako, Amazonek Amazon KDP (Kindle Direct Publishing) plataforma jartzen dizu eskura, zure lana argitara dezazun. Gainera, prozesua oso azkarra da. 72 orduan, gutxi gorabehera, zure liburua eskuragarri egon daiteke munduko milioika erabiltzailerentzat.
Gero, hatzak gurutzatzea besterik ez da falta, eta, zorte pixka batekin, zure liburua salduenen zerrendan ikustea, Unai Elorriaga, Eva García Sáenz de Urturi edo Ricardo Alía idazleenekin batera, esaterako.
Zein dira nire liburua Amazonen argitaratzeko baldintzak?
Liburua idaztea da zailena. Horrek eskatuko dizu denbora gehien. Eskuizkribua daukazunean, Amazonek zenbait parametro ezartzen ditu, plataformara igotzen diren obrek gutxieneko kalitatea izan dezaten.
- Liburua ondo idatzita egotea: Inori ez zaio gustatzen ortografia-akatsak dituen liburu bat irakurtzea, edo esaldiak moztuta dauzkana, edo kontatzen ari dena ulertzen ez dena. Horregatik gomendatzen dizugu liburua idatzi ondoren zuzentzea. Editore-zuzenketa bat (ertz batzuk leuntzeko) eta zuzenketa ortotipografiko bat egitea. Egiaztatu, halaber, estiloa egokia dela argitaratzen duzun liburu-motarako.
- Maketazioa eta azala: Liburua, hasiera batean, begietatik sartzen zaigu. Zure liburuak azal polita edo interesgarria badu, produktua erakargarriagoa izango da irakurlearentzat. Beraz, diseinu eta maketazio onak izatea zure liburuaren arrakastaren parte garrantzitsua da. Edo, gutxienez, aurkezpen-gutunik onena.
- Amazon KDPko kontu bat irekitzea: Amazonen kontua baldin baduzu jada, sartzeko datu berak erabiltzen dira. Ez baduzu konturik, zuzenean Amazon KDPn ireki dezakezu bat. Urrats hori garrantzitsua da, kobrantza-bideak eta zerga-karguak konfiguratu behar direlako. Horrela, hurrengo errenta-aitorpena egin behar duzunean, dena egunean izango duzu Ogasunari begira.
Zer urrats egin behar ditut liburua Amazonen argitaratzeko?
Tira, egin dezagun errepasoa:
- Idatzia duzu liburua.
- Berrikusia eta zuzendua dago eta ez du akats gramatikalik ez ortografikorik.
- Baduzu azal bat.
- Lana maketatuta dago.
- Kontu bat ireki eta konfiguratu duzu Amazon KDPn.
Eta orain, zer? Bada, igotzeko edo inprimatzeko prozesua hasi behar da.
Puntu honetan, bi aukera daude: ebookaren bertsio elektroniko bat igo, edo liburuaren paperezko bertsio bat egin, azal bigunekoa. Prozedura bera da bietarako. Erabakia hartutakoan, igotzeko prozesua hasten da:
- KDPko kontuan sartzean, zuzenean hasteko pantaila agertzen da.
- Hautatu zein liburu-mota argitaratu nahi duzun: sortu Kindle ebook bat edo azal biguneko liburu bat.
- Kindle liburu edo ebookaren informazioa edo xehetasunak bete. Amazon KDPk datu batzuk eskatzen ditu, oso beharrezkoak, bere katalogo zabalaren barruan antolatzeko: hizkuntza, liburuaren izenburua, izan daitezkeen azpitituluak, egilea, deskribapena...
- Igo zuzenean azal biguneko ebooka edo liburua. Honelako fitxategiak onartzen ditu: Microsoft Word (doc/docx), HTML (zip, htm edo html), Kindle Create (KPF), MOBI eta EPUB, formaturik gabeko testua (txt), testu aberastuko formatua (rtf) eta Adobe PDF (pdf).
- Igo liburuaren azala. Hemen, irudi bat eskatuko dizu.
Puntu horretan, liburu osoaren aurrebista ikus dezakezu jada. “Ados” sakatzean, Amazonek fitxategia bihurtzen du. Prozesuak minutu batzuk beharko ditu.
Zer onura dakarkit Amazonen argitaratzeak?
- Ondoren, Amazon KDPk liburuaren eskubideak eta prezioa aukeratzeko eskatuko dizu. Erabaki behar duzu, orobat, zer lurraldetan kaleratu behar duzun, bai eta etekinak edo royaltyak ere (%35ekoak edo %70ekoak izan daitezke). Ebooken kasuan, lehenengo aukera izango da. Royaltyak fitxategiaren pisuaren arabera aldatzen dira.
- Orain, Amazon KDPren onespena besterik ez da falta. Izan pazientzia pixka bat, 72 bat ordu igaro daitezke eta. Jakinarazpen bat iritsiko zaizu postara: eskuragarri dagoela zure liburua. Alegia, jendea has daitekeela jada erosten.
Azkenik, zure liburuari bultzada bat emateko aukera eskaintzen du Amazonek. Zeure kontura egin dezakezu marketina, edo Amazonen egin. Kontua da zure liburua sustatzea, ahalik eta pertsona gehienek ezagut dezaten eta salmentak lor ditzazun. Aukera bat da liburuaren prezioa sustatzea Kindle Countdown Dealsen bidez. Beste aukera bat, publizitate-kanpaina bat egitea Amazon Advertising.ekin.
Horrekin, prozesuaren amaierara iritsi zara. Hartu arnasa, gozatu, eta zorionak eman zeure buruari, liburua argitara atera delako. Orain, itxarotea dagokizu, sal dadin eta etekin ekonomikoak eta literarioak jaso ditzazun. Gogoan izan lehia handia dagoela eta ez dela beti erraza izaten, baina ez dago ezer ederragorik norbaitek irakur zaitzan baino.
Ausartzen zara zeure liburua argitaratzera? Ausartzen bazara, zorte on. Eta falta zitzaizun azken bultzada eman badizugu, gogoratu eta gure aipamen txiki bat egin esker onetan.