Larunbat arratsaldea. Uste baino gehiago luzatu da siesta, eta gainean duzu kalera irteteko ordua. 30 minutu gelditzen zaizkizu; prestatzeko denbora baduzu behintzat. Baina zerbait dabilkizu buruan bueltaka: Zer da, baina? Sutan utzi duzu esnea? Ez. Aititaren urtebetetze-eguna ahaztu zaizu? Hori ere ez. Ai ama! Ez duzu kargatu mugikorra! Izango al duzu gau osorako bateria smartphonean, 30 minutuz bakarrik kargatuz gero?
Halakoetan, aspaldi oparitu zizuten Power Banka erabil dezakezu, baina guk, badaezpada, gomendio batzuk emango dizkizugu smartphonea azkarrago kargatzen laguntzeko.
- Aktibatu hegazkin modua. Energia-krisi baten erdi-erdian baldin bazaude, saiatu ahalik eta gehien aurrezten kargatzen ari zaren bitartean: ez WiFirik, ez daturik, ez GPSrik. Jarri telefonoa hegazkin moduan. Hala, funtzio guztiak aktibatuak izanda baino % 10 bateria gehiago izango duzu.
- Itzali telefonoa. Beste aukera bat da. Ez badituzu behar erlojua, alarma, egutegia edo beste edozein funtzio, hobe smartphonea itzaltzea. Azkarrago kargatuko da, bateriak ez duelako beste baliabiderik erabili beharko karga-prozesuan.
- Konektatu elektrizitate-sarera. Ez konektatu USB ataka batera. Entxufe batean USB ataka batean baino % 20-% 50 denbora gutxiago beharko du telefonoak kargatzeko. Eta USB bat erabiltzea beste erremediorik ez baduzu, egiaztatu telefonoa ez dela sinkronizatzen ari. Badakizu zergatik, ezta? Hori da: bateria gehiago kontsumitzen da.
- Kendu zorroa. Inoiz nabarituko zenuen mugikorra kargatzen ari denean ohi baino gehiago berotzen dela, ezta? Normala da. Baina bateria kargatzeko abiadura alderantziz proportzionala da smartphonearen tenperaturarekiko. Horregatik, garrantzitsua da zorroa kentzea telefonoa kargatu bitartean: hala, tenperatura ez da igoko maila normaletik gora, eta optimizatu egingo da karga.
- Kargagailu ofizial bat erabili. Itxura, larako eta kolore bera izan arren, kargagailu ofiziala erabiltzea gomendatzen dizugu, hau da, mugikorra erostean eman zizutena, horrekin kargatzen baita ongien telefonoa. Kalitate eskasagoko beste kargagailu batzuk erabiltzen badituzu, polikiago kargatuko zaizu telefonoa ziur asko.
Tira, uste baino lehen piztu ahal izan duzu smartphonea, ezta? Dagoeneko jakingo duzu mito hutsa direla energia aurrezten duten aplikazioak, ezta? Ez baduzu bateriarik gabe gelditu nahi, jarraitu smartphoneko bateria aurrezteko 11 gomendio hauei.
Eta hurrengoan, gogoratu smartphonea kargatu behar duzula etxetik atera aurretik! Bateria azkar kargatzeko beste gomendiorik baldin baduzu, idatzi iruzkin bat.