Abenduaren 3a oso data garrantzitsua da gure egutegian; izan ere, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. Nola ospatuko duzu zuk? Guri ez zaigu plan hoberik bururatzen euskarazko liburu on bat irakurtzea baino. Aukeratzen laguntzeko, Euskalteleko lankideei eskatu diegu beren liburu gogokoenetakoren bat gomendatzeko. Zein dira zureak?
Eider Rodriguez lankideak oso oroitzapen ona du Gotzon Garateren Goizuetako ezkongaiak liburuari buruz. Institutuan nahitaez irakurri beharrekoetako bat zen, eta, urte asko igaro diren arren, gogoan du oraindik: “Erabat harrapatu ninduen; berriro irakurtzeko amorratzen nago". Nobela beltzaren zale itsua da Eider, eta, haren ustez, genero horretako istorio handien elementu guztiak ditu Goizuetako ezkongaiak eleberriak. ele Euskara-mailari dagokionez, esan du ez dela oso zaila, baina "hiztegia eskura izatea" gomendatzen du.
Iratxe Nuñezek gazte-literaturaren alde egin du, eta irakurri dituen hiru liburu hauek gomendatu dizkigu: Jara Bartzelonan, Jasone Osororena; Ninak ospa, Marliese Aroldena; eta Urtebete itsasargian, Miren Agur Meabek idatzia. Horrela hurbiltzen da gure haurren irakurketetara: "gazteen sentimenduez dihardu, eta gazteen ikuspuntutik eta gazte-hizkeran idatzita dago". Euskara ulerterraza ote duen galdetu diogu, eta euskara-maila ona duten 14 urtetik gorako irakurleentzat gomendatu digu.
Eta beste genero oso desberdin bat irakurtzera animatzen gaitu gure lankide Ainara Dañobeitiak, eleberri historikoa. Oso itxura ona du haren gomendioak: Sorgin belarra / Hierba de Brujas, Toti Martínez de Lezearena. Irakurtzeko dituen liburuen zerrendan dauka, eta azaldu digu zergatik: "Totiren beste eleberri historiko batzuek lehen pertsonan biziarazten dizkizute beste garai batzuk; denboran atzera eramaten zaituzte. Kasu honetan, istorioa Nafarroako Pirinioetan gertatzen da, eta seguru nago gauza bera gertatuko zaidala. Badakit asko gustatuko zaidala!". Ez dugu spoilerrik egin nahi; beraz, hauxe besterik ez dizuegu esango: XVI. mendearen hasieran Nafarroan gertatu zen sorgin-ehiza du ardatz.
Eleberri grafikoak gehiago gustatzen bazaizkizu, Javier de Isusiren Baleak ikusi ditut argitalpena gomendatzen digu Josek. Josuneren aukera Aitaren Etxea da, Karmele Jaioren azken lana, "maskulinotasuna transmititzeko moduez eta, oro har, generoak emakumeengan eta gizonengan duen eraginaz hitz egiten baitu".
Zer iruditzen zaizkizu gure lankideek proposatutako irakurgai horiek? Ospa ezazu Euskararen Nazioarteko Eguna, eta esaguzu zer liburu gomendatuko zenigukeen.