Presta zaitez hilaren 11 eta 12rako, Europako errugbi-partidarik onenak izango baitituzu... etxe ondoan!
Beharbada ez zinen konturatuko oraindik, baina Champions Cupen, Challenge Cupen eta Continental Shielden finalak jokatuko dira asteburu honetan Bilbon eta Getxon. Europako errugbi-taldeen txapelketarik onenak dira hiru horiek. Frantziako, Ingalaterrako, Eskoziako, Irlandako, Errusiako eta Alemaniako 100.000 errugbizale inguru espero ditugu asteburuan, eta, beraz, kolorez eta giro onez beteko dira gure kaleak.
Final horiek bizi nahi badituzu, parte hartu gure bost sarrera bikoitzeko zozketan, eta eskuratu ostiraleko partidarako sarrerak. Baina, batez ere, prestatu hiria ezagutzeko eta eta kirol-ekitaldi hau grinaz bizitzeko. Txapelketak iraun bitartean, The Groovies musika-taldeak (gure gogokoenetako bat!) Fun-Rock-Soul musika eskainiko du hirigunean barrena ibiliko den agertoki-kamioi batean (Bilbao Centrok babesten du ekitaldi hori). Horretaz gain, hainbat Fun Zone prestatuko dira hirian errugbiaz gozatzeko, hasi San Mamesetik eta Areatzaraino, bai eta Casilda Iturrizar parkean ere. Zurekin izango gara une oro, eta, nola ez, Continental Shielden finalean egongo gara, Getxo Kirolaken elkarlanean.
Zorabiatzen hasita? Bada, argi ibili! Denbora gutxi gelditzen da, eta badira jakin beharreko kontu batzuk asteburuaz topera gozatzeko, ezer huts egin gabe.
Horien berri emateko, lau aditu elkartu ditugu, eta errugbiari buruzko ikastaro trinko bat eman digute. Errugbi-jokalariak izan dira laurak, eta inork baino hobeto dakite zein den kirol horren egoera Euskadin eta nolako eragina izango duten Europako finalek.
Ezagutu nahi dituzu? Hauek dira: Iker de Irala, Universitario Bilbao Rugby taldeko jokalari ohia eta zuzendaritza-taldeko kidea; Ignacio Mújica,Unai Zaldunbide, Nagore Rueda eta Orzuri Aresti. Orzuriren seme batek aitaren zaletasun berari heldu dio.
Bostakk diote sekulako eragina izango dutela Bilbon eta Getxon jokatuko diren Europako finalok eta mugarri izango direla errugbiak Euskadin duen oihartzunean eta zale-kopuruan. Ikerrek dioenez (Universitario Bilbao Rugbyko zuzendaritza-taldeko kidea), taldeek hazteko aprobetxatu behar dituzte finalok; horixe egin dute, hain zuzen, Gipuzkoan, TOP14 Frantziako liga ospetsuko hainbat partida jokatu baitira han (munduko errugbi-txapelketarik ospetsuena da hori). Hala ere, ez dute baikorregi izan nahi, ondo baitakite Euskadin beste kirol batzuk errugbiaren aurretik daudela eta oraindik ere bide luzea dagoela egiteko. Beraz..., nondik hasiko gara?
Ez dirudi beste kirol batzuekiko aldea zaleekin lotua dagoenik. Ignaciok dio finaletarako salgai jarri diren sarrerak hemengo eta Estatuko gainerako lekuetako jendeak erosi dituela.
Horregatik, Ignaciok eta Ikerrek uste dute baliabideak, babesleak eta azpiegiturak falta direla. Bilbon errugbi-zelai bakarra dago, eta klubak hazten jarraitu nahi du —orain, maila bakoitzean bi talde ditu—, baina ezin du, zelai bakarrarekin ez baita nahikoa. Horri gehitu behar zaio ez dela errugbirik irakasten Euskadin eskolaz kanpoko kirol gisa, eta, horregatik, txikiek ez dute aukerarik kirol hori egiten hasteko, Orzuri eta Nagoreren iritziz. Pena da; Ignacioren ustez, ez dago errugbia probatu duen eta gustatu ez zaion umerik. Edonork egin dezake kirol hau, edozein motatako ezaugarri eta gaitasun fisiko nahiz psikikoak izanik ere. Honela laburbiltzen du Nagorek: “Beste kirol askotan, balio duzu edo ez duzu balio; errugbian, berdin dio korrika egiten duzun edo ez, altuagoa edo txikiagoa zaren, beti dago postu bat zuretzat”.
Egia da. Hirurak bat datoz: kirol honetan “mota guztietako neska-mutikoek” har dezakete parte: sendoenek hobeto egiten dituzte plakaketak; garaienak perfektuak dira baloia hartzeko, eta txikienak arduratzen dira melean jartzeaz; azkarrenak, berriz, markatzen saiatzen dira… Guztiek dute beren tokia taldean.Eta, gero, “hirugarren denbora”... Ai ene! Ez pentsa partidaren luzapen-denbora denik, edo aldagelan partidari buruz egindako hausnarketa bat... Ez, ez, festa bat da, eta kirol honen ohitura oso zabaldu bat. Halaxe da. Kirol honetan hainbesteko garrantzia dute fair playak eta laguntasunak, partidak amaitutakoan bi taldeek elkarrekin bazkaltzen edo askaltzen dute. “Familia bat bezala da; berdin dio talde batekoa edo bestekoa zaren”.
Eta giro hori, jokalarien artean ez ezik, ikusleen artean ere sumatzen da. Talde desberdinetako jokalariek elkarrekin egiten dute festa zelaitik kanpo. Ikerrek dioenez, errugbizaleak “oso baketsuak” dira, eta bat egiten dute partida bakoitzean errugbia handi egiten duten balioekin. Eta horren erakusgarri da beti elkarrekin egoten direla Fun Zonen eta elkarrekin ospatzen dutela kirol-festa. Halaxe gertatuko da asteburu honetan San Mamesko zabaldegian. Halakoxea da errugbia.
A! A, eta errugbian jokatzen jakin ez arren festan parte hartu nahi duzuenontzat, oinarrizko arau hauek azaldu dizkigute gure lau lagunek:
- Baloia atzerantz pasatzen dute, “karramarroek bezala”. Bitxia, ezta? Baloia eskutan izanez gero bakarrik egin dezakete aurrera, eta norbaiti pasatuz gero, hark atzerago egon behar du. Baloia aurrerantz eroriz gero, jokoa eten eta mele bat egiten da.
- Puntu gehien lortzen duenak irabazten du: horretarako, entseguak egin behar dira, hau da, baloia markako lerroaren atzean jarri behar da eskuekin; entsegu bakoitzak bost puntu balio du.
- Entsegu bakoitzaren ondoren, transformaziorako aukera bat dago: baloia lurrean jarri, eta ostikoz jotzen zaio, eta baloiak H-aren barrutik pasatu behar du. Transformazio bakoitzak bi puntu balio du.
- Faltei zigor-kolpe esaten zaie. Kolpearen ondoren, aukera hauek ditu baloia eskuan duen taldeak: H-aren barruan sartzen saiatu, 3 puntu lortzeko, mele bat egin, bandara jaurti metroak irabazteko eta touche bat egiteko, edo zuzenean eskuz jokatu...
Dagoeneko baduzu kirol honetaz gozatzeko behar duzun guztia. Finaletan ikusiko dugu elkar!