Nork esan du zientzia zientzialarientzat bakarrik dela? Ez da egia. Ricardo Mutuberria, zientzialari, dibulgatzaile, aholkulari eta komunikatzailea da, eta behin eta berriz saiatzen da erakusten zientzia dibertigarria dela eta gure ingurunea eta eguneroko bizimodua hobetzeko erabil dezakegula. Nola, baina? Biook elkartearen eta BBK Open Science Fest eta antzeko beste ekimen batzuen bidez ikasi dugu zientzia zientzialarien esku bakarrik egon dela luzaz baina orain “demokratikoagoa” da, eta “herritarren eskuetara itzuli da”.
Euskaltelen bloga. Batzuetan, zientzia aipatzen dugunean, saio-hodiak, formula zailak eta, beharbada,... Einsteinen aurpegia datozkigu burura! Baina egin al daiteke zientzia modu dibertigarrian?Ricardo Mutuberria. Bitxia da, baina Brooklyngo laborategi komunitarioak lelo hau du: “Gogoan duzu zientzia dibertigarria zen garaia?” Herritar guztiei zuzendua dago leloa baina, bereziki, ikertzaileei, mundu profesional oso lehiakorrean murgilduta baitaude. Zientzia oso dibertigarria da; izan ere, denok gara zientzialari: haurrak, makilatxo batzuk hartzen dituztenean ibai batean presa bat egiteko, zientzia egiten ari dira; armiarmei, inurriei, landareei begira egotea, hau da, natura behatzea eta hari buruzko galderak egitea, zientzia da; gizaki baten eta haren maskotaren arteko harremana ere zientzia da, animaliaren psikologia ezagutzera behartzen baitzaitu…
E.B. Herritarrek produkzio zientifikoan parte har dezaten lortu nahi du Biook zure elkarteak. Baina nola egiten da hori?R.M. Biooken helburuetako bat da jendearen parte-hartzea sustatzea produkzio zientifiko eta kulturalean, ingurumen-proiektuetan, hegaztiak identifikatzeko proiektuetan, inguruak berreskuratzeko proiektuetan, nekazaritza-eredu berrikoetan... Nahi adina aukera daude. Biookek, BBK Open Scienceren bidez, jendeak benetako zientzia egin dezan proposatzen du, urtarrilaren 18tik 20ra bitartean BBK Open Science Festen egin genuen bezala. Laborategi komunitario bat sortu nahi dugu, jendeak aukera izan dezan zientzia-proiektuak elkarlanean garatzeko. Proiektu horietatik, enpresa txikiak eta zenbait zerbitzu sortzen dira maiz, eta enpresa horiek gizartea eta ingurumena hobetzen lagundu dezaten da Biooken helburua.
E.B. Eta nola funtzionatzen du “Biología Do it Yourself (DIY) Biology, Zuk zeuk egin Biologia” mugimenduak?R.M. Duela 12-14 urte inguru sortu zen mugimendua: talde bat biltzen hasi zen biologia praktikatzeko asmoz ingurune akademikotik eta bioteknologiako enpresetatik kanpo. Esperimentuak egiten hasi ziren pixkanaka, ekipamendua fabrikatzen, eta mugimendua haziz joan zen, azkenean laborategi bat prestatu zuten arte; hala, lanean hasi ziren, eta gonbita egin zioten inguruko komunitateari, parte har zezan. Asko zabaldua da eredua Europan, eta Biooken eskutik heldu da gurera. Bilbon daukagu “Zuk zeuk egin biologia” mugimenduko 1. komunitatea; mugimendu hori eta herritarren zientzia ireki eta partizipatiboa sustatzen duen lehenengo erakundea da BBK Open Science. Hiru izartxo ditugu munduko mapan, eta laborategi komunitarioa sortzea bakarrik falta zaigu; aurten lortu nahi genuke.
E.B. DIYbio Bilbao sortu duzue berriki. Zer jarduera jarri dituzue martxan? Biologoak izan behar al dugu bisitan joateko?R.M. Zientzian, gizarte-berrikuntzan eta ingurumenean interesaturiko pertsona-talde batek osatutako komunitate bat da, eta helburua da komunitateak berak erregulatzea bere burua, hazteko eta bere burua gobernatzeko gai izatea, eta komunikazioa eta sinergiak bultzatzea proiektuak sortzeko edo zientzia egitera jolasteko. DIYbiorekin batera, programazio bat sortu dugu, BBK Open Science; urtarrilaren bukaeran egin zuen lehenengo ekitaldia (Biohacking eta Openlabs jaialdia) BilboRock-en. Bertaratutako jendea oso pozik gelditu zen, eta konturatu zen gai dela zientzia praktikatzeko eta oso dibertigarria dela gainera. Orain, jardunaldi batzuk egingo ditugu BilbaoArten, eta hainbat jarduera eskainiko ditugu; esate baterako, joko biotikoak edo biogenetikako jardunaldiak, gure arbasoen berri izateko gure DNAren azterketaren bidez.
B.E. Beraz, zientzialari amateurrak izanda, nahikoa... Jakina, baina zuk diozu hori: Biologian lizentziaduna zara, Bioteknologiako eta Mikrobiologia Aplikatuko masterduna eta, hori nahikoa ez dela, Komunikazio Zientifikoko masterduna ere bai... Zer egin dezakegu, baina, ezagutza zientifikorik ez dugunok?R.M. Ez da biologoa izan beharrik guregana etortzeko, ezta inondik ere. Bilbao Berrikuntza Faktorian gaude gu, eta gauza bakarra egin behar dute zientzia atsegin duten eta DIYBio Bilbao komunitatean parte hartu nahi duten guztiek: mezu bat bidali [email protected] helbidera, eta “Comunidad DIYbio Bilbao” aipatu, antolatzen hasiak baikara proiektu berriei ekiteko, finantziazioa bilatzeko, laborategi komunitarioa sortzeko eta interesatzen zaizkigun gai zientifikoak lantzeko. Patata-tortilla bat egiteko edo arrautza batzuk frijitzeko gai bazara, zientzia egiteko moduan zaude. Nik neuk, biologian hezkuntza formalean hainbat urte eman ondoren, karrera amaitu ostean laborategi batean sartu nintzen arte ez nekien zer arraio zen zientzia, ez bainuen inoiz praktikatu: sekula ez nituen kultibatu bakterioak edo zelulak, ez nituen erabili antigorputzak eta ez nekien zer zen benetan DNA erreplikatzea. Eta 21 urte nituelarik laborategi batean sartu nintzenean, zerotik hasi nintzen; nire ezagutza teorikoa lagungarri izan zitzaidan, baina ez pentsa, hainbeste ere ez.
E.B. Zientzia demokratizatzeko beharra aipatzen duzue zuen webgunean. Profesionalen mundu itxia da oraindik ere zientzia?R.M. Bi helburu ditugu: batetik, zientzia desmitifikatzea eta frogatzea denok garela zientzia egiteko gauza, eta, bestetik, zientzia demokratizatzea. Hasieran, amateurrek praktikatzen zuten zientzia: Mendel, Darwin, Marie Curie..., amateur gisa hasi ziren guztiak. Baina, halako batean, sozietate zientifikoak sortu ziren, profesionalizatzen hasi zen zientzia eta gero eta garestiago bihurtu zen zientzia praktikatzea, materialen era erreaktiboen kostuagatik eta abar... Eta, hala, azkenik, herrialde aberatsetako gizon gutxi batzuen esku gelditu zen zientzia. Zorionez, aldatzen ari da hori: materialak eta prozesuak askoz merkeagoak dira orain, eta edonon egin daitezke, ez laborategi batean nahitaez. Adibidez, gauza izugarriak egiteko aukera ematen digun neurozientziako ekipamendu bat erabiltzen dugu: esaterako, drone bat hegan eginaraztea gure garunetik eskura bidaltzen dugun bulkada elektriko baten bidez. Hori merke-merke egin daiteke gaur egun, neurozientzia laborategi profesionaletik kanpora ateratzeko ekipamendua garatu zuten gazte batzuei esker.
Zientzia profesionalek bahituta egon da luzaz, baina herritarren eskuetara itzuli da orainE.B. Bide batez, BBK Open Science jaialdia egin duzue berriki, ezta? Zer moduz atera da? Zer egin duzue zehazki?
R.M. Komunikabideetan eragin handia izan du jaialdiak. Adin askotariko jende ugarik parte hartu du; emakume asko izan dira adibidez, eta gurasoak, nerabeak, berrikuntzan diharduten profesionalak... Gure ustez, zientzia nahi du jendeak, eta praktikatu egin nahi du. Ez du nahi norbaitek kontatzea, besterik gabe, zuzenean bizi baizik.. Oso jaialdi ederra izan da, bete-betea.
E.B. Eta zein da azken helburua? STEM bokazioak piztea gazteen artean?R.M. Bai, azken helburua bokazio zientifikoak piztea da, emakumeak ezin direla izan zientzialari dioen aurreiritzia baztertzea... Baina, horretaz gainera, bokazio zientifikoa duenak praktikatzeko aukera izan dezan nahi dugu, eta jendeak ondo pasatzea, harremanak egitea, ikertzea eta gauza sortzaileak egitea Euskadiko ohiko aisialdi-lekuetatik kanpo (festa eta tabernetatik kanpo, alegia).
E.B. Hilaren 11n “Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna” ospatuko da. Nola anima ditzakegu neskak ikasketa eta lanbide teknikoak aukeratzera?R.M.Gaur egun gero eta nabarmenagoa da emakumeak direla nagusi biologian. Zoritxarrez, oraindik ez dira iritsi ardura-postuetara (gero eta gehiago dira, hala ere), baina emakume gehiago doktoratzen dira gaur egun gizonezkoak baino. Aldaketa izugarria da hori, eta oso denbora gutxian gertatu da gainera. Eta bada kontu interesgarri bat: gero eta emakume gehiago dira arrakasta lortzen dutenak ikerketa-zuzendari gisa, eta gero eta gehiago dira erabakiak hartzeko ardura dutenak eremu zientifikoan. Oraintxe ari da gertatzen aldaketa hori, baina alor batzuetan —ingeniaritzan, adibidez— gehiago ari da kostatzen. Neskei bideratutako programa bereziak prestatzea da gure helburua; eta gero, mutilak ere hor integratzea eta talde mistoak sortzea. Euskara ere ahalik eta gehien bultzatu nahi dugu, eta ekintza positiboak egin zailtasun gehien dituzten ikasleei laguntzeko, neskei bereziki.
E.B. Esker mila, Ricardo. Bureta eta saio-hodi artean ikusiko dugu elkar!R.M. Eskerrik asko zuei. Bureta, saio-hodi, legamia eta abarren artean ikusiko dugu elkar, bai, baina baita mendian, hondartzan, leku edo espezie bat berreskuratu behar den inguru batean edo bizia, zientzia eta artea aztertu nahi ditugun edozein lekutan.