Gure mugikorren arazo nagusietako bat da erabiltzen ez ditugun aplikazioekin betetzen ditugula. Beraz, aldian behin garbiketa egitea komeni da.

Horietako bat ezabatu nahi dugunean iristen da ezustekoa.

Aplikazio batzuk ezinbestekoak iruditzen zaizkigu, eta beste batzuk, nahiz eta arraroak edo bitxiak izan, asko erabiltzen ditugu gure egunerokoan.

Seguru denok dauzkagula horrelako aplikazio bitxiak edo xelebreak: ez ditugu asko erabiltzen, mugikorrean dauzkagula aitortzeak lotsa ematen digu, baina behar ditugunean hortxe dauzkagu, laguntzeko, edo, besterik gabe, ondo pasatzeko. Hona hemen aplikazio bitxi batzuk, uste baino gehiago erabiltzen ditugunak.

SnoreClock

Denok egin dugu zalantza noizbait zurrunga egiten dugun ala ez. Bikotekidearekin lo egiten baduzu, hark esan diezazuke; bakarrik lo egiten baduzu, ordea, ezingo duzu jakin. Bada, SnoreClock daukazu horretarako. Doako aplikazio honek gauez egiten dituzun zarata guztiak kontrolatzen ditu.

Funtzionamendu sinplea du. Nahikoa duzu mugikorra ohe ondoan jartzea eta "SnoreClock"en botoi gorria sakatzea. Hurrengo goizean, zure lo-orduetako soinu-informazio guztia izango duzu: jakingo duzu zurrunga egin duzun, lo zaudela hitzik egin duzun, beste zarataren batek esnatu zaituen...

Lo zaudela giten eta esaten duzun guztiaren berri izango duzu aplikazio honekin, eta iOS eta Android telefonoetarako dago erabilgarri.

Hold the Button

Seguru askotan galdetu diozula zure buruari pazientzia neur daitekeen ala ez, edo inoiz pentsatuko zenuen pazientzia amaigabea duzula, lagun astun hori jasaten duzulako. Horietakoa bazara, orain zure pazientzia neur dezakezu, eta uste zenuen adinakoa den ikusi.

Hold the Button aplikazioaren helburua erabiltzaileen pazientzia neurtzea da. Eta nola egiten du hori? Bada, telefonoa eta botoi bat erabilita.

Zenbat denboran zaude prest zure smartphonearen pantaila sakatzen egoteko? Bai, horixe besterik ez da: sakelako telefonoaren pantailan botoi bat sakatuta edukitzea. Pazientzia agortu arte. Lehiaketa izan daiteke, edo zure mugak ikusteko erabil dezakezu. Zenbateko pazientzia duzun besteekin konparatzeko, lortutako emaitzak beste erabiltzaile batzuekin partekatzeko aukera ematen du Hold the Buttonek.

Android eta iOS sistema eragilea duten gailuetan erabil daiteke.

Story Board

Komikiak gustuko badituzu, ikaragarri gustatuko zaizu aplikazio hau. Story Board aplikazioa gai da edozein bideotatik abiatuta komikiak sortzeko: bideoklipak bineta bihurtzen ditu.

Orain, zeure komikiko protagonista izan zaitezke. Zure abenturak grabatu eta aplikaziora igo besterik ez duzu egin behar. Lagunak inbidiatan edukiko dituzu. Android telefonoetarako bakarrik dago eskuragarri.

Fake Call

Aplikazio hau Androiderako nahiz iOSerako dago eskuragarri, eta, haren bidez, gezurrezko dei bat jaso dezakezu. Horretarako, konfiguratu egin behar duzu tresna, eta zein ordutan eta zein kontaktutatik deitzea nahi duzun hautatu. Hau da, zuk erabakiko duzu ustez nork deituko dizun.

Aplikazioa doakoa da, eta ez zaio benetako deirik egiten telefonoan instalatua duen pertsonari. Deiaren itxura egiten da, baina aukeratzen duzun pertsonak ez dizu benetan deitzen. Merkaturatu zenetik, 100.000 aldiz baino gehiagotan deskargatu da.

Clap Phone Finder

Seguru behin baino gehiagotan ibili zarela mugikorraren bila etxean edo bulegoan. Bada, aplikazio honek aurkitzen lagunduko dizu. Aplikazio bitxia edo xelebrea dirudi, baina oso erabilgarria ere bada. Nahikoa duzu txalo egitea zure telefonoa aurkitzeko; telefonoa jotzen hasiko da, dar-dar egingo du, edo linterna piztuko da.

Android telefonoetarako balio du, eta doakoa da.

Encuentra el coche aparcado

Merkataritza-zentroetan edo aparkaleku handietan zeure burua kokatzea kostatzen zaizun horietakoa bazara, hauxe da zuretzako moduko aplikazioa. Ez duzu gehiago izango autoa ez aurkitzeko beldurrik. Aplikazio honi esker, minutu gutxian aurkituko duzu.

Encuentra el coche aparcado aplikazioak GPSa eta mugikor-sareak erabiltzen ditu autoaren kokapena memorizatzeko, eta, telefonoaren nabigatzailearen bidez, ibilgailua aparkatu duzun tokiraino eramaten zaitu. Ez zara gehiago kotxea non utzi duzun gogoratu ezinik ibiliko. Android telefonoetarako dago erabilgarri.

Velocímetro

Gaur egun oso ohituta gaude egiten ditugun urratsak zenbatzen dituzten aplikazioak erabiltzen. Velocímetro hori baino gehiago da, ordea. Izenak iradokitzen duenez, zein abiaduratan zoazen adierazten dizu aplikazio honek.

Oso erabilgarria da korrika egitea edo bizikletaz ibiltzea gustatzen bazaizu. Une oro zein abiaduratan joan zaren jakin ahal izango duzu. iOSerako nahiz Androiderako dago eskuragarri.

Prueba de Amor

Maitemintzen garenean dena da zoriontasuna, baina, harremana amaitzen denean, horrenbeste denbora alferrik galdu izanaren damua izaten dugu. Orain, egoera hori aurrea har diezaiokegu. Prueba de Amor aplikazioak maitasun-harreman batek arrakasta izateko zenbateko probabilitatea duen kalkulatzen du, tartean diren pertsonen izena eta zodiako-zeinua oinarri hartuta.

Egileek diote datu horiekin nahikoa dela harremanak arrakasta izateko zenbateko probabilitatea duen kalkulatzeko. Eta 40.000.000 deskarga baino gehiago ditu. iOSerako eta Androiderako dago erabilgarri.

RunPee

Zinema gustatzen bazaizu, hona hemen zuretzako moduko aplikazio bat.a Guztioi gertatu zaigu noizbait zinema-aretoan film bat ikusten ari garela komunera joateko gogoa sartzea, eta joateko une onena zein den ez jakitea, ez baititugu eszena garrantzitsuenak galdu nahi. Zalantzak argitzen lagunduko dizu RunPeek.

Ikusten ari zaren filma hautatu eta kontagailu bat aktibatu besterik ez duzu egin behar. Une “ez hain garrantzitsu”ren bat iristean, aplikazioak abisatu egingo dizu eta komunera joan ahal izango duzu. iOSerako eta Androiderako dago erabilgarri.

Bloqueo Detox

Eta aplikazio horiekin guztiekin hainbeste denbora pasatu ondoren, Bloqueo Detox erabiltzea izan daiteke hurrengo urratsa. Gure mugikorra aldi baterako blokeatzeko balio du, arreta galdu ez dezagun. Android telefonoetarako dago erabilgarri.

Aplikazio hori instalatzean, mugikorra erabili ezin duzun edo erabili nahi ez duzun aldia zehaztu behar duzu, eta aplikazioak tarte horretan mugikorra erabilgarri ez egotea eragingo du.

Denok dakigu aplikazio hauek ez direla ezinbestekoak, baina jakin-min hutsez edo denbora-pasa, eskura nahi izaten ditugu. Batzuetan lagundu egiten digute, eta beste batzuetan une dibertigarriak pasarazten dizkigute. Milioika erabiltzailek erabiltzen dituzte; beraz, ez gara hain arraroak. Seguru zure mugikorrean horrelako beste aplikazio batzuk ere badauzkazula. Aitortuko diguzu zeintzuk dauzkazun? ;)