Ederra litzateke Euskaltelen telebistaren antzeko zerbitzu bat izatea, baina audiorako, ezta? Denetarik entzuteko aukera izatea: irratsaioak, ingelesezko eskolak, coachingari buruzko hitzaldiak... Nahi duzun guztia, mp3 formatuan, nahi duzunean entzuteko zure mugikorrean. A ze pagotxa, ezta?

Oraindik ezagutzen ez badituzu, bada garaia podcasten munduan buru-belarri sartzeko. Izan ere, Googlek berak bere podcasta sortu du, City Soundtracks; eta Apple, berriz, lehendik zeukana hobetzen ahalegindu da.

Oso erraza da: nahikoa duzu interesatzen zaizun audioa deskargatzea; hala, nahi duzunean entzuteko aukera izango duzu, bai offline, bai streaming bidez. Aukera bat zein bestea egin, aplikazio pila dago audio-edukirik onenak nahi duzunean entzuteko aukera ematen dizutenak. Batzuk aukeratu dizkizugu guk, horien artean gehien atsegin duzuna hauta dezazun.

iVoox.

Ezagunena da. Aplikazio honen bidez, era guztietako audioak entzun, parteka eta deskargatu ditzakezu: irratsaioak, hitzaldiak, audioliburuak... Funtzio asko ditu: esate baterako, izena eman dezakezu zure podcast gogokoetan, jakinarazpenak jaso ditzakezu, erreprodukzio-zerrendak egin audioak etengabe entzuteko, audioak kategoriaka bilatu, eta abar. Eta, gainera, bateragarria da Chromecastekin.  Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.

TuneIn Radio.

Doako aplikazio honek kirol, albiste, musika eta irratiko audioen munduko bildumarik handiena du: 4 milioi podcast baino gehiago mugikorrean entzuteko prest. Android Wear gailuetan erabil dezakezu, edoGoogle Chromecast bidez, bai eta Apple Watchen bidez ere. Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.

Podcast & Radio Addict.

Aplikazio hau kudeatzaile bat da, audioen podcastak, bideoak, Youtubeko kanalak eta mugikorreko jarioak ordenatzen lagunduko dizuna. Funtzio asko ditu honek ere: audioak deskargatu ditzakezu edo streaming bidez entzun, erreprodukzio-zerrendak edo widgetak osatu, eta nahi duzun orduan itzaltzeko programatu. A, eta doakoa da, eta Chromecastekin bateragarria. Play Storen eskuratu dezakezu .

Podcast Radio Música – CastBox.

Aplikazio honen bidez, 400.000tik gora podcast, irrati, audioliburu eta talk show izango dituzu eskura, besteak beste, mugikorrean entzuteko edo streaming bidez. Gainera, aintzat hartzen ditu zure zaletasunak, eta, haietan oinarriturik, gomendioak egiten dizkizu. Eta zure audioak ere igo ditzakezu. Chromecastekin bateragarria da. Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.

Podcast Republic.

Podcastak, audioliburuak eta Youtubeko kanalak eta erreprodukzio-zerrendak kudeatzeko eta erreproduzitzeko behar duzun guzti-guztia aurkituko duzu hemen. Gainera, zure harpidetzak eta atalen erreprodukzio-egoerak sinkroniza ditzakezu zenbait gailutan: hala, entzuten utzitako puntuan has zaitezke berriz entzuten, eta zuk nahi duzun gailuan (ez nahitaez entzuten hasi zinen gailu berean). Androiderako bertsioa bakarrik dago.

Podcast Player.

Doakoa da, ez du iragarkirik, eta 300.000 saio baino gehiago eskaintzen ditu, hainbat gaitakoak: albisteak, zientzia, fitnessa, entretenimendua, musika... Gainera, hodeian dago, eta nahi duzun gailu guztietan sinkroniza ditzakezu zure datuak. Eta automatikoki itzaltzen da begiak ixten bazaizkizu. Chromecastekin ere erabil daiteke, eta Androiderako bertsioa ere badago.

Podcast Go.

Bilaketak kategoriaka egiteko aukera ematen du, eta 300.000 podcast baino gehiago entzun ditzakezu konexiorik gabe, edonon eta edonoiz.

Android bertsioa dago.

Stitcher Radio.

iOSerako bertsioa bakarrik dago. Doakoa da, eta 65.000 podcast baino gehiago eskaintzen ditu (albisteak eta askotariko gaiak). Zuzenean entzun daitezke, edo deskargatuta.

TED.

Edukiak dira aplikazio honen alderdirik erakargarriena: AEBko izen bereko elkartearena da, eta gai askotariko hitzaldiak entzuteko aukera ematen du: hezkuntza, negozioak, teknologia, zientzia, sormena... Mugikorrean entzun ditzakezu, edo Chromecast eta Android TV bidez. Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.

Orain arte esandakoez gain, Android eta iOSen audioko plataforma ofizialetan ere entzun ditzakezu podcastak. Eta gauza bera gertatzen da musika-kanalik ezagunenekin: SoundCloud eta Spotify, esaterako.

  • Google Play Music: Androiderako bertsioa dago.
  • Podcasts: iOSerako bertsioa dago.
  • SoundCloud: Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.
  • Spotify: Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.

Podcast-bilatzaileak

Aplikazio horiek guztiak podcast-bilatzaileak dituzte, kategoriaka edo gaika bilatzeko, baina kanpoko bilatzaileak ere erabil ditzakezue gehien interesatzen zaizkizuen podcastak bilatzeko. Hona bilatzaile horietako pare bat, interesatuz gero:

Baduzu, beraz, behar duzun guztia podcastetan murgiltzeko. Beraz, jarri aurikularrak, eta entzun audiorik onenak. Eta informazio aipagarriren bat ahaztu zaigula iruditzen bazaizu, idatzi iruzkin bat edo jarri gurekin harremanetan sare sozialen bidez. Ziztu bizian handituko dugu zerrenda!