2020. urtea beltz dator, oso beltz. Ez irakurle, ez gara Nostradamusen profezia batez ari, baizik eta mugikorren eta tableten pantailen joera berriaz. Beltza desira-objektu preziatu bihurtu da. Ikusi, bestela, Instagram, Facebook, YouTube, Linkedin edo Twitter. Whatsapp badirudi atzetik doala, baina aurten alde ilunera pasatuko da Whatsapp ere. Eta zuk, dena beltz ikusten duzu?

Beltzaren onena

Egunaren amaierarako bista nekatua izaten duzu, ezta? Eguna ordenagailuari eta mugikorrari begira pasatzen baduzu, badakizu zertaz ari garen. Bada, bi aukera dituzu pantailek eragiten duten begietako nekea murrizteko, farmaziara joatea betaurreko bila edo zure gailuetan modu iluna aktibatzea.

Esan beharrik ez dago mugikorra ohean edo zinean ikusten duten horietakoa bazara, zure aldamenekoek biziki eskertuko dizutela.

Eta zure mugikorreko bateriak ere txaloka hartuko zaitu. Beltza erabilita, zure telefonoak energia aurreztu ahal izango du, batez ere OLED pantailen kasuan. Distira gutxiago duenez, bateria gutxiago kontsumitzen du, eta, ondorioz, denbora gehiago egongo da kargatu beharrik gabe.

Android 10 eta iOS 13

Badakizu dagoeneko zer abantaila dituen, eta mugikorrean edo tabletan erabiltzeko irrikitan zaude. Baina nola? Momentuz, Android 10 edo iOS 13 sistema eragileak dituzten gailuetan bakarrik hauta daiteke modu iluna. Halakorik ez baduzu, itxoin egin beharko duzu zure mugikorra eguneratu arte. Hemen kontsultatu dezakezu zer mugikor diren bateragarriak Android 10 eta iOS 13 sistemekin.

Bitartean, modu ilunak zure PCan edo eramangarrian zer itxura duen begiratu dezakezu. Windows 10 eta macOSen duela zenbait hilabete hasi ziren kolore beltza eskaintzen, eta sistema eragile horietako aplikazioetan erabiltzen.

Modu iluna duten aplikazioak

Instagram, YouTube, Linkedin eta Twitter modu ilunaren abantailez konturatu ziren, eta berehala heldu zioten modako joerari. Kasu batzuetan, kolore beltza hautatu ahal izateko, aurrez konfiguratu behar da sistema eragilean, hala nola Instagramen; beste kasu batzuetan, berriz, zuzenean aplikazioan egin dezakezu; Twitterren, kasurako.

Facebook azken prestaketatan ari da, eta Whatsappek egun batzuk barru eskainiko du. Hala, etengabe txateatu ahal izango duzu hondo beltzaren gainean; emojiak gehiago nabarmenduko dira horrela!

Modu iluna gelditzeko etorri da. Zure iritzia ere jakin nahiko genuke. Nahiago dituzu kolore distiratsuak? Ala beltza erabiltzen hasiko zara?