Oso motel kargatzen diren orriak, ikustea lortzen ez duzun bideo eta irudiak, exekutatu ezin diren eguneraketak... zure datu-kopuruaren muga gainditu duzun seinale dira horiek guztiak.

Eta mugikorrean datu-kopururik gabe gelditzea Internet gabe gelditzea bezala da. Salduak sentitzen gara halakoetan, zer egin ez dakigula, Euskaltel WiFi sareko abiadura handiko puntu batera konektatuta gaudenean izan ezik, noski. Internet gabe gelditzea zer den baldin badakizu, ez duzu berriz nahiko halako ezustekorik. Eta datu gehien «lapurtzen» dizuten aplikazioak zein diren jakiteak arazo hori saihesten lagunduko dizu.

Cisco Interneterako sareen AEBko enpresa liderrak smartphoneetako zerbitzu nagusien kontsumoaren berri eman du. Hauek dira ondorioetako batzuk:

Streaming bidezko musika

Streamingak aldatu egin du musika kontsumitzeko modua. Nahi duzun guztia entzun dezakezu, inora deskargatu gabe. Aukera aparta… Baina kontuz. Spotify, Apple Music, Deezer zerbitzuek 72 MB/ordu inguru kontsumitzen dute. Hau da, musika 48 orduz etenik gabe entzunez gero, akabo edozeinen datu-tarifa.

Sare sozialak

Facebookek 1.500 milioi erabiltzaile aktibo inguru ditu munduan. Askoren bizitzan txertatua dago, beraz. Smartphonean eraman nahi dugu egun osoan, baina kontuz! Facebookeko horman barrena nabigatzeak 1 Mb/min kontsumitzen du; bideoen erreprodukzio automatikoak, 4 Mb/min;  ohar soil bat idazteak, 150 kb; eta  aplikazioa hasteak soilik, 0,4 Mb.

Eta nahiz Mark Zuckerberg-ek sortutako sare soziala den guztien buru, sare sozialetako aplikazioek orduko 90 MB inguru kontsumitzen dute. Beraz, nahikoa litzateke 24 orduz jarraian sare sozial batean aritzea 2 GB-ko datu-tarifa bat osorik kontsumitzeko.

Gogoan izan Facebooken bideoen Autoplay aukera desaktiba dezakezuka; hori eginez gero, izugarri murriztuko duzu datu-kontsumoa.

Bideoak eta argazkiak

Baina bada aurrekoak baino zerbitzu are «jatun»agorik. Bideoak erreproduzitzeko aplikazioak, esaterako (batez ere, YouTube, gehien erabiltzen dena). Ikus-entzunezko edukiak ikustea dugu itxarongela batean, metro-geltoki batean edo autobusean ematen dugun denbora errazago pasatzeko aukera kutunenetako bat. Baina kontuz: streaming bidez ikusten dugun bideo batek 247,5 MB/ordu zurrupatzen du batez beste. Eta HDk, berriz, hamar aldiz gehiago!

Azken hilabeteotan, indar handia ari da hartzen Instagram. Facebooken aplikazio hori erabiltzaileek kargatzen dituzten argazki eta bideo laburretan dago oinarritua. Bai, aplikazio horrek ere gure datu preziatuak “lapurtzen” ditu. 15 segundoko bideo batek 10 Mb inguru kontsumitzen du. Nahikoa da aplikazio hori egunean hiru aldiz erabiltzea 1 GB-ko datu-tarifa finkoa oso-osorik kontsumitzeko.

Berehalako mezularitza

Mugikorreko aplikazioen errepaso honetan, ezin ahaztu WhatsApp. Gure harremanak zilipurdikatu dituen berehalako mezularitzako zerbitzu mugikor hori ez da, teorian behintzat, beste asko bezain arriskutsua, datuen kontsumoari dagokionez. Mezu bat bidaltzeak 0,94 kb kontsumitzen du. Zenbat bidaltzen dituzu egunean?

Badira beste aukera ezagun gehiago ere, hala nola Facebook Messenger (36,36 kb, mezu geolokalizatu bat bidaltzea) eta Skype, zeina hitz egiteko ez ezik berehalako mezularitza gisa ere erabil baitaiteke; 66 kb kontsumitzen du bidaltzen den mezu bakoitzeko.

Kontuan izan: Kaliforniako Hegoaldeko Unibertsitatean egindako azterketa baten arabera, doako aplikazioek ordainpekoek baino askoz datu gehiago kontsumitzen dute: % 79 gehiago, zehazki. Horren arrazoia da doako aplikazioek askoz ere publizitate gehiago txertatzen dutela.

Hori guztia jakinik, bi gauza hartu behar dituzu aintzat abiadura handian nabigatu nahi baduzu: batetik, aukeratu zure aplikazio gustukoenak erabiltzeko aukera emango dizun datu-tarifa bat, eta, bestetik, baliatu Euskaltel WiFi ahal duzun guztietan, abiadura handiko Internetez gozatzeko zure tarifako datu bakar bat ere kontsumitu gabe. Ez berriro gelditu daturik gabe!