“Egun on. Uste dugu norbaitek lapurtu egin dituela zure kreditu-txartelaren datuak, eta seguruena blokeatzea da. Zoaz hurbilen duzun sukurtsalera txartel berri bat jasotzeko”. Horrelako dei bat jaso baduzu, iaz delitu informatiko baten biktima izan ziren 11.806 pertsonetako bat zara. Ia 12.000! Sustoa ez zaizu pasatuko pixka batean, baina dei horrek arreta jartzen eta oinarrizko neurri batzuk hartzen lagunduko dizu.

Euskalteletik beti esan dizugu ziberdelituak gehitzen ari direla urtetik urtera. Hamaika modutan bihurtu zaitezke pirata informatikoen biktima: Internet bidezko erosketetan, posta elektronikoaren bidez, seguruak ez diren WiFi sare publikoetan gakoak lapurtuz... Ertzaintzaren delitu-memorian ikus daiteke nola ari den hazten delitu-mota hori: 2018an, aurreko urtean baino % 43 delitu informatiko gehiago izan zen; ia denak iruzurrak. Horregatik, lehenbailehen gogorarazi nahi dizugu zer egin behar duzun estatistika horren parte izan ez zaitezen.

Badago urrezko arau pare bat, gauza guztiei aplikatu behar zaizkienak, onlineko erosketei batez ere: zentzuz jokatu, eta ez fidatu sinestezinak diruditen eskaintzez. Sekulako maukak, % 70eko deskontua eskaintzen dutenak, ez dira existitzen, eta are gutxiago webgune narras batean agertzen badira... Gogoan izan: itxura onegia badu egia izateko, gezurra den seinale. Aplikatu onlineko erosketetan iruzurrik egin ez diezazuten emandako aholkuak, eta nahi adina erosketa egin ahal izango duzu, sustorik eta ezustekorik gabe.

Baina, erosketekin ez ezik, posta elektronikoarekin ere adi ibili behar duzu: haren bidez sartzen dira piratak zure ordenagailura, infektatzeko edo zure datuak eta zure dirua lapurtzeko. Jo dezagun lanean ari zarela eta zure bankuaren mezu bat jaso duzula esanez pasahitza lapurtu dizutela eta esteka batean sartu behar duzula aldatzeko. Egiazkoa irudituko zaizu: bankuaren irudia du, haren logotipoa... Dena berdina da. Gainera, nola dakite piratek zein diren nire bankua eta nire helbide elektronikoa? Beraz, zure erabiltzaile-izena eta pasahitza sartu, eta aldatu egin dituzu. “Pasahitza ongi aldatu duzu”. Hori uste duzu zuk, baina ez: ustez zure bankuak bidalitako mezu hori piratek bidali dizute, eta zuk zure pasahitza eman diezu. Aski dute hori zure kontu korrontea husteko. Eta, konturatzen zarenean, esaten diozu zure buruari: Nola liteke nire bankutik bidali dizkidaten milaka abisuei —halakorik ez egiteko abisuei— kasurik ez egitea?

Norbaitek beste baten identitatea hartzeari phishing esaten diogu, eta bide horixe erabiltzen dute gehien lapur digitalek. Horregatik, gogorarazi nahi dizugu Euskaltelen inoiz ez dizugula eskatuko zure daturik posta bidez. Eta, bestalde, badira tresnak zure kontua hackeatua izan den edo ez jakiteko.

Interneten egunero gertatzen diren iruzurretako batzuk baino ez dira hauek. Zibergaizkileei buruz gehiago jakin nahi baduzu, irakurri Asier Martínez Zibersegurtasuneko Euskal Zentroko adituari egindako elkarrizketa, eta errepasatu ziberdelinkuentziaren biktima ez bihurtzeko eman zizkigun aholkuak.

Horietako batzuk gogoraraziko dizkizugu guk:

  • Segurtasuneko pasahitz sendoak erabili zure kontuetarako.
  • Egiaztatu erosketak egin dituzun orrialdearen segurtasun-agiriak.
  • Inoiz ez egin banku-eragiketarik edo txartel bidezko eragiketarik ordenagailu edo WiFi sare publikoak erabiliz.

Baina batez ere: zure datu pertsonalak, bankuko datuak edo txartelarenak webgune batean sartu aurretik, hiru aldiz pentsatu!