Bazenekien Halloween-ek euskal jatorria ere baduela? Ez, ezta? Estatubatuarrek mundu osora zabaldu badituzte ere trick or treat delakoa, kalabazak eta mozorro beldurgarriak, guk joan den mendearen erdialdetik ere beldurtzen genuen jendea kalabazetan begiak eta ahoak zulatuz eta barruan sua jarriz.

Berrizen, adibidez, elizako kanpandorrean kalabaza bat jartzen zen gauez, barruan kandela bat piztuta zuela: irudia beldurgarria zen... Eta Oiartzunen eta Zizurkilen antzeko zerbait egiten zuten jendea beldurtzeko. Mutrikun, berriz, kalabazak etxe-atarietan jartzen zituzten, eta auzokoek kanta bat abesten zuten Xesteroren, haien lurperatzailearen, kontra: “Xesteron kontra, animen alde...”. Arabar Errioxan, kalabazen ordez erremolatxak eta patata handiak erabiltzen zituzten garezurrak egin eta jendea ikaratzeko...

Egia esan, ez dakigu zergatik izan dugun ahaztua hainbeste denboran Santu Guztien Egunaren bezperan kalabazak hustu eta kandelekin argitzeko ohitura hori. Baina guk ohitura hori Halloween Estatu Batuetatik iritsi aurretik genuen. Eta, gainera, kauserak eta santu-hezurrak ditugu!

Egia esan, Halloween-en jatorria oso aspaldikoa da. Irlandan, tribu zeltek egun horietan Samhain izeneko jaialdi pagano bat egiten zuten, uzta-amaiera eta urte berriaren hasiera irudikatzeko, eta jaialdi hartan sortu zen.

Zeltek uste zuten gau horretan bizidunen eta hildakoen mundua bereizten zituen atea irekitzen zela eta hildakoen mamuak harat-honat ibiltzen zirela. Bada, hildakoen arimak noraezean ibil ez zitezen edo espiritu maltzurren eskuetan eror ez zitezen, zeltek sututako ikatzez betetako arbiak kale-argi gisa erabiltzen zituzten, arimak gidatzeko eta espiritu gaiztoak uxatzeko.

Gainera, haien jainkoen jaiotza ere ospatzen zenez, haurrek herrixkako etxe guztietatik opariak jasotzen zituzten, druidek opariekin erritu sakratu bat egin zezaten.

Baina erromanizazioa iritsi zenean, galdu egin ziren druidak eta haien ohiturak. Gero, kristautasuna iritsi zen, eta Gregorio IV.a Aita Santuak erabaki zuen Samhain jaialdia Santu Guztien Egun bihurtzea (All Hallows’ Eve), IX. mendearen erdialdean.

Askoz geroago, XVIII. mendean, irlandar askok Estatu Batuetara emigratu, eta Samhain jaialdia berreskuratu zuten, eta Jack O’Lantern-en kondaira sortu zen. Baserritar maltzur bat zen Jack O’Lantern. Deabruak berak infernutik bota zuen engainatzeagatik, eta lurrean noraezean geratu zen sututako ikatza zuen arbi huts batekin egindako kale-argi batekin. Badakizu zer aldatu zen mende bat geroago? Arbiaren ordez kalabaza erabiltzen da, zuloak egiteko errazagoa baita. Eta horrela izan da gaur arte.

Hori guztia jakin eta gero, lehen baino gogotsuago gaude Halloween ospatzeko; beraz, aukeratu mozorro beldurgarri bat, eta presta zaitez beldurrezko gau batez gozatzeko.