Badakizu Nazioarteko Paella Lehiaketa bat egiten dela Getxon eta, gainera, munduko paella-lehiaketarik zaharrena dela? Hogei paellaren arteko lehiaketa inprobisatu gisa sortu zenak 200 paella biltzen ditu gaur egun, eta Euskadiko jai gastronomiko handienetako bat da, gainera. Hona hemen Aixerrotako paellen historia eta agenda.

Uztailean, Bizkaiko Getxo herria paellaz, paella-ontziz eta paella-sukaldariz betetzen da, guztiak ere Nazioarteko Paella Lehiaketako sari bat lortzeko asmoz eta, bide batez, ondo pasatzeko eta paella goxo-goxo bat jateko irrikaz.

Aurten, uztailaren 25ean, osteguna, izango da paellaren hitzordu nagusia.

Aixerrotako 2024ko paella-lehiaketaren egitaraua

paellas aixerrota cartel 2024
Iturria: Itxas Argia

Itxas Argia elkarteak antolatzen du paella-lehiaketa. Euskal kultura bultzatzeko asmoz gazte-talde batek 1958an sortutako elkartea da, eta, gaur egun, Getxoko Andra Mari auzoko bizitza sozial eta kulturaleko erreferentzia ezaguna da.

Prest dago 2024ko egitaraua, eta getxotarrak hasiak dira beren sukaldeak egun handirako paratzen.

Aixerrotako 2024ko paella-lehiaketaren egitaraua

  • 10:30: Paella-lehiaketan izena emateko tartea

  • 12:00: Lehiaketarako deia txalaparta bidez (TXALAPARTA ZAHARRA)

  • 12:05: Aurreskua

  • 12:10: Itxas-argia dantza taldeko txikien dantza-emanaldia

  • 13:30-14:30 Paella-aurkezpena

  • 17:30: Sari-banaketa

  • 18:30: Erromeria Garilak 26 taldearekin

Jarduerak eta Aixerrotako paellak antolatzeko modua

Gastronomiarekin batera, musikak eta dantzak ere badute lekua, baina beti bezain sendo eusten zaio une gozoak partekatzeko eta ondo pasatzeko irrikari.

Aurten ere, Itxas Argiak tona bat egur eta 300 kilo arroz inguru banatuko ditu Algortako zelaietan, parte-hartzaile ofizialen artean, eta aurrez erreserbatu eta esleitutako partzeletan banatutako berrehun olanaren gerizpean arituko dira jo eta su sukaldariak.

Beste batzuek nahiago dute "Bronx" izeneko eremua ekitaldirako, hots, eremu ez-ofiziala, eta hainbat kaseta prestatzen dira han; kaseta horietako batzuk diskoteka bihurtutako eraikin erraldoi moduko batzuk izaten dira, podium eta guzti.

Goiz-goizetik, gogor aritzen dira lanean lagun-talde eta kuadrillak, denak ere lehiaketako paellarik onena prestatu nahian. Sukaldea muntatu, sua piztu, osagai guztiak prestatu..., asko dira eginbeharrak.

Aixerrotako paellen sariak

paellas aixerrota concurso
Iturria: Turismo de Getxo

Ohiko dantzen ondoren, epaimahaikideen mugimenduei jarraitzen diete denek, prestatutako eta erakusmahaietan paratutako paella guztiak dastatzen hasten baitira. Zer hartzen du kontuan epaimahaiak?

Funtsezkoak dira zaporea eta arrozaren punttua, baina, horietaz gain, Aixerrotan bada beste osagai funtsezko bat: sormena. Izan ere, ez gara ari paella-lehiaketarik puristenaz: Aixerrotako paellek berezko estilo eta arauak dituzte.

Badira, adibidez, sumendi- edo aza-formako diseinu exotikoak, bai eta lehiaketarako propio jantzitako paella-sukaldariak ere: nobilleroz zein legionarioz jantziak, esate baterako...

Ea norentzat diren 2024ko paella-sariak.

Non egiten dira Aixerrotako paellak?

paellas aixerrota getxo
Iturria: Turismo de Getxo

Bizkaiko Zubia —Zubi Esekia ere deitua— Gizadiaren ondare izendatu zuen UNESCOk 2006an, eta berak egiten digu ongietorria Getxon.

Arrantzale-herri bat da Getxo, portu zahar xarmagarri batekin eta hondartza paregabe askorekin: Areeta, Ereaga eta Barinatxe edo La Salvaje deiturikoa.

Getxoko kostaldean, Galea pasealekua daukagu, eta han, inguruko leku turistiko ezagunenetako bi: Galeako gotorlekua eta Aixerrotako haize-errota.

Eta errotatik metro gutxira, milaka lagun elkartzen dira urtero Aixerrotako Nazioarteko Paella Lehiaketaz gozatzeko. 2024koa 69. edizioa da.

Aixerrotako paella-lehiaketaren historia

Aixerrotako paellak 1956an egin ziren Getxon lehen aldiz, "Irurena" elkarteko Damián Ayo, Antonio Bilbao eta Félix Yurrebaso lagun-taldeak bultzatuta.

Dena dela, lehiaketa ez zen Aixerrotan egiten garai hartan Lehiaketaren lehen hamahiru edizioak Azkorriko zelaietan egin ziren.

Urtez urte, gero eta ezagunago egin zen festa, baita Euskaditik kanpo ere, eta Alemaniako, Frantziako edo AEBko lehiakideak ere hartu zituen.

Esate baterako, 1962an, 7.000 pertsona inguru bildu zituen, kontsulorde amerikar bat ere bat tartean, eta 150 paellak hartu zuten parte lehiaketan.

Eta hiru urte geroago, 1965ean, honela zioen Gaceta del Nortek: "239 paella, Azkorriko zelaietako lehiaketan" [...] "Paella-lehiaketa gero eta gehiago ari da hazten".

Ordurako, milaka bisitari eta sukaldari biltzen zituzten Getxoko paellek, baita izen handiak ere, euskaldunak zein Singapurretik edo Australiatik etorriak; gero eta ospe handiagoa hartu zuen lehiaketak, eta komunikabideetako goiburuak betetzen zituen.

2024ra itzulita, paellarik originalenak prestatu edo ikusi nahi badituzu, ez huts egin Aixerrotako paellak Getxon uztailaren 25ean.

Argazkia: Turismo Getxo.