Muñatones gaztelua Bizkaian ondoen kontserbatutako Erdi Aroko gotorlekuetako bat da. Ezagutu nahi duzu? Zure bisita planifikatzeko jakin behar duzun guztia azalduko dizugu: noiz dagoen irekita, tarifak eta ordutegiak eta zer ikus dezakezun.

Gaztelu izena merezi duen Bizkaiko dorre bakarra da Muñatones gaztelua. Izan ere, gazteluen berezko kanpo-harresien ezohiko sistema dauka, eta, hari esker, defentsarako gotorleku estrategikoa izan zen Erdi Aroan.

Erdi Aroko gaztelu honek jabe bat baino gehiago izan ditu historian zehar. Urte askoan Salazar familiarena (eraikitzailea eta bultzatzailea) izan ondoren, Multzo Historiko-artistiko nazional izendatu zuten 1944an, eta, 1949an, Bizkaiko Foru Aldundiak multzo osoa eskuratu zuen, zaharberritzeko. Handik urte batzuetara, 1968an, Informazio eta Turismo Ministerioari laga zioten, turismo-paradore gisa erabiltzeko.

1973an, Petronor enpresak erosi zuen, eta markaren egoitza eta sinbolo bilakatu zuen. Gaur egun ere hala izaten jarraitzen du, baina horrek ez du esan nahi bisitatu ezin duzunik. Hori bai, barrutik ikusi nahi baduzu, bisita gidatu batean egin beharko duzu.

Zer ikus dezakezun Muñatones gazteluan

castillo munatones entrada

Irudia: Bizkaiko Foru Aldundia

Arku, ezpata eta korazak ikusiko dituzu Muñatones gaztelua bisitatzean. Baina, sartu aurretik ere, atentzioa emango dizute haren arkitektura itzelak eta defentsa-izaera sakonak. Ikusi beharrekoak:

  • Multzoa erabat inguratzen duen harresi-barrua.

  • Dorre nagusia. Gazteluaren erdigunea, jabeen bizileku izan zena. Diseinu bertikal eta soila, defentsarako diseinatua.

  • Ingurune naturala. Zelai eta bidexka ibilerrazek inguratzen dute gaztelua; beraz, paseatzeko eta paisaiaz gozatzeko aukera izango duzu.

Zergatik da Muñatones gaztelua Bizkaiko gaztelu bakarra?

castillo munatones dibujo

Irudia: Bizkaiko Foru Aldundia

"Gazteluen” arkitektura bereziak nabarmentzen du Muñatones gaztelua. Jatorrizko egitura sinplea eta eraginkorra da: bi esparru harresiztatu, babes-hobi bat eta dorre bat.

Erdiko dorre handi eta sendo bat du, 20 bat metrokoa, baita esparru bikoitz harresiztatu errektangular bat ere.

Badu bitxikeria bat ere: ez du behe-solairurako sarbiderik kanpoaldetik. Argiune bakarrak hiru gezileiho oso luze eta txaranbeldu dira.

Goiko solairuan, deigarria da altuera, eraikinaren garaiera osoaren ia bi heren hartzen baititu.

Hasiera batean, terraza bat baino ez zuen goiko solairuaren gainean, baina beste bi altuera gehitu ziren geroago. Bestalde, bizitokitarako zenbait harrizko jauregi eraiki ziren dorrearen inguruan; horrek asko aldatu zuen jatorrizko egitura.

Baina, zalantzarik gabe, Bizkaian parekorik ez duen defentsarako sistema da gotorleku honen alderdirik nabarmenena. Babes-hobi batek inguratzen du gaztelu osoa. Inoiz urik izan ez zuen hobi batek, hain zuzen.

Muñatones gazteluaren ordutegiak eta bisitak

Muñatones gaztelua barrutik ikusi nahi baduzu, kontuan izan aurrez erreserbatu behar dela nahitaez. Izan ere, bisita guztiak gidatuak dira eta toki mugatuak dituzte. Bisita gidaturik ez dagoenean, lasai ibil zaitezke kanpoaldean.

Bestalde, Muñatones gaztelua ez da urte osoan zehar irekitzen: ekainaren erdialdetik irailaren erdialdera egoten da irekita.

Bisita gidatuak 10:30ean eta 12:30ean egin ohi dira, eta ordubete irauten dute, gutxi gorabehera. Sasoi batzuetan (adibidez, udan), litekeena da bisita gehiago izatea, baita astegunetan ere, baina bisita erreserbatzeko unean informatzea duzu onena.

Sarrerak erreserbatzeko, 629271516 telefonora (El Pobaleko burdinola) deitu edo helbide elektroniko honetara idatz dezakezu: elpobal@bizkaia.eus.

Eta gogoan hartu hitzordu berezi hau: Muñatones gazteluak antzerki-formako bisita bat antolatzen du urtean behin, uztailean. Ezinbestekoa da erreserbatzea.

Muñatones gazteluaren tarifak

Adierazi dugunez, Muñatones gaztelurako bisitak gidatuak dira. Hauek dira prezioak:

  • Muñatones gazteluaren tarifa orokorra: 3,50 €

  • Muñatones gazteluaren tarifa murriztua: 2,50 € 26 urtetik beherakoentzat, 60 urte baino gehiago dituztenentzat, desgaitasunen bat duten pertsonentzat, langabeentzat, pentsiodunentzat, familia ugarientzat eta 10 helduk baino gehiagok osatutako taldeentzat.

  • Eskolentzako eta aisialdiko taldeentzako tarifa: 1 €

  • Muñatones gaztelurako doako sarrera: 12 urte arteko haurrak, irakasleak, gidariak eta prentsa; ziurtagiriak aurkeztu behar dira. Doan sar zaitezke, halaber, Museoaren Egunean (ostirala), Museoen Nazioarteko Egunean (maiatzaren 18a), tokiko jaiegunetan eta Nagusi Txartelaren edo ICOM txartelaren erabiltzailea bazara.

Bestalde, Muñatones gaztelua eta El Pobaleko burdinola bisita batean ezagutzeko aukera ere baduzu. El Pobaleko burdinolaren berri emango dizugu jarraian.

El Pobaleko burdinola

castillo munatones ferreria pobal

Irudia: BizkaiKOA

Euskadin ondoen kontserbatutako burdinola da El Pobalekoa, baita jatorrizko makineriak funtzionamenduan jarraitzen duen bakarra ere.

Duela mende batzuk burdina nola lantzen zen eta harekin eguneroko tresnak nola egiten zituzten ikas dezakezu "museo bizi" honetan. Bisitan, sutegia piztuko da,

burdina gori-goria kolpekatuko da, olaren eta gabiaren funtzionamendua ikusiko duzu eta galdaketa-labea eta harrizko hauspoa nolakoak diren jakingo duzu.

El Pobaleko burdinola ere Salazar leinuko kide batek eraiki zuen; hain zuzen, Otxoa Salazarrek, Lope Gartzea Salazarren bilobak. XVI. mendearen hasieran sortu zen, eta funtzionamenduan jarraitu zuen 1965 arte.

Non dago El Pobaleko burdinola? Muñatones gaztelutik oso gertu dago, El Pobal auzoan, Muskiz eta Sopuerta lotzen dituen errepidearen ondoan.

El Pobaleko burdinolarako bisitak

El Pobaleko burdinolarako bisita guztiak gidatuak dira. Beraz, ezinbestekoa da aldez aurretik erreserbatzea. Muñatones gaztelurako bisita erreserbatzeko telefono eta helbide elektroniko berak erabil ditzakezu, eta biak batera bisitatzeko aukera ere aprobetxa dezakezu.

El Pobaleko burdinolarako bisita gidatua, erakustaldi eta guzti

  • Larunbatak: 11:00, 12:00 eta 13:00.

Muñatones gaztelua eta El Pobaleko burdinola batera bisitatzeko tarifak

  • Sarrera orokorra: 4,50 € (3,50 gaztelua + 1 € burdinola).

  • Murriztua: 3,50 € (2,50 gaztelua + 1 € burdinola).

  • Eskolentzat: 2 € ikasleko.

Non dago Muñatones gaztelua?

castillo munatones interior

Irudia: Bizkaiko Foru Aldundia

Ingurune berde batean dago Muñatones gaztelua, kostaldetik gertu. Zehazki, San Martin orubean, Muskiz udalerrian.

Autoz joateko asmoa baduzu, kontuan izan gazteluak ez duela berariazko aparkalekurik. Hala ere, erraza izaten da sarreratik gertu tokia aurkitzea.

Muskizko herrigunean ere utz dezakezu autoa (gaztelutik bost bat minutura dago), eta oinez egin gaztelurako bidea.

Gaztelua, eraiki zenean, ibaiko kai baten ondoan zegoen, kostalderako bide-bidean; gaur egun ez dago kai hori. Toki estrategikoa zen Erdi Aroko Bizkaian (XIV. mendea), bandoen gerrak eta euskal nobleziako leinuen arteko gatazkak nagusi ziren garai hartan.

Muñatones gazteluaren historia

castillo munatones torre

Irudia: Muskizko Udala

1339an hasi ziren Muñatones gaztelua eraikitzeko lanak, Juan Lopez Salazar historialari eta Libro de las Bienandanzas e Fortunas obraren egile ezagunak dorre gotortu bat eraikitzeko agindu zuenean.

XV. mendean, haren oinordeko Lope Gartzea Salazarrek gotorlekua zabaldu eta defentsarako multzo nabarmen bilakatu zuen.

Salazar familiak bezalatsu, Muñatones gazteluak lotura handia du garai hartan Euskadin izan ziren bandoen arteko gerrekin eta nobleziako leinuen arteko gatazkekin. Horregatik du halako defentsa-sistema sendoa. Bizkaiko gaztelu “bakarra” da.

Erreserbatu bisita, eta zatoz Muñatones gaztelua ezagutzera. Eta egin argazki bat eremuaren sarreran dagoen ezpata itzelaren ondoan: Erdi Aroko Euskadin sartzen ari zarela irudituko zaizu.

Goiburuko irudia: BizkaiKOA