Maiatzean, Balmaseda Erdi Aroko herri alai bihurtzen da egun pare batez. Kaleak apainduta, herritarrak aproposko jantziak soinean dituztela eta jarduera mordoa, familia osoak gozatzeko pentsatuta. Hurrengo lerroetan, xehetasun gehiago emango dizkizugu Balmasedako Erdi Aroko Azokari buruz.

Aurten, maiatzaren 13an eta 14an egingo da Balmasedako Erdi Aroko Azoka. Eszenaratze zainduak erakarrita, hamaikatxo bisitari erakartzen ditu urtero, eta Euskadiko Erdi Aroko merkatu ezagunenetako bat bihurtu da.

mercado-medieval-balmaseda-turismo

Balmaseda: Erdi Aroko herria Enkarterrin

Balmaseda Enkarterrin dago, Kadagua ibaiaren ertzean, eta Bizkaiko lehen hiribildua da.

XII. mendean, Balmasedak merkataritza-jarduera oparoa zuen. Kokaleku aproposa zen hiri gotortu bat sortzeko: mendiak buelta guztian eta ibai batek zeharkaturik. Gainera, erromatarren garaiko galtzada batek Gaztelako eta Bizkaiko ibilbide komertzialekin lotzen zuen, eta horri guztiari esker eskuratu zuen Balmasedak forua.

1199ko urtarrilaren 24an, Lope Sánchez de Mena Bortedoko jaunak Logroñoko Forua eman zion, eta, hala, Bizkaiko Jaurerriko lehen hiribildu bihurtu zen.

Gaur egun, Balmaseda hiribildu indartsua da, kalexka estuz eta harriztatuz betea. Hirigune historiko zaindua, harrizko etxe dotoreak eta Erdi Aroko zubi ikusgarri bat ditu. Azokaz gainera, aski ezaguna da Balmasedako Aste Santua ere.

mercado-medieval-balmaseda-historia

Balmasedako Erdi Aroko Azokaren historia

Maiatzeko bigarren asteburuan, garai bateko usadioetara bueltatzen da Balmaseda, orduan antolatzen baitute Erdi Aroko merkatua.

1999. urtean izan zen lehenbiziko edizioa, Balmaseda sortu zela zortzi mende bete zirenean; harrezkero, urtero egiten dute,

lehenbiziko merkatu hark izan zuen arrakasta ikusita.

Izan ere, eraldatu egin zuten Balmaseda —eta eraldatzen jarraitzen dute— Erdi Aroko merkatu enblematikoa egiteko.

mercado-medieval-balmaseda-actividades

Balmasedako Erdi Aroko Azoka: kale apainduak eta garai bateko jantziak

Balmasedako alde zaharra balkoietatik zintzilik ipinitako estandarte koloretsuz eta zutoihalez apaintzen dute, eta, horrekin batera, lastoz estaltzen dituzte kaleak.

Balmasedarren beren partaidetza da ospakizunaren funtsezko zati bat, herritarrik gehienak garai bateko jantziak soinean dituztela irteten baitira kalera.

mercado-medieval-balmaseda-oficios

Balmasedako Erdi Aroko Azokako jarduerak

Erdi Aroko Azokari ekiteko, herritarrek berek prestatutako eta interpretatutako antzezlan bat izaten da: urtero herriko gertaera nabarmen bat antzezten dute.

Une horretatik aurrera, sekulako giroa eta algarak nagusi Balmasedako kaleetan: eskujokoak, saltokariak, komedianteak, trobadoreak, kalejirak, sorginak, gortesauak, juglareak, buruhandiak, ekilibristak, akrobatak, falkoneroak... baita suge-sorgintzaileak ere.

Txikienentzat, berriz, animazio-jokoak, magia-ikuskizunak, zirkua eta txotxongiloak.

Gau-partean, musika eta su artifizialak.

Balmasedako Erdi Aroko Azokako postuak

Erdi Aroko merkatu jendetsua izaten da ospakizunaren protagonista nagusietako bat.

San Severino plazan elkartu ohi da, eta 200 postu baino gehiago izaten dira. Merkatariek eta artisauek beren produktuak aurkezten eta saltzen dituzte haietan, eta modu tradizionalean prestaturiko sendabelarrak, larruzko produktuak edo lurrinak aurkituko dituzu. Izaten da gozokirik bazterretan, baita txakolina ere, noski.

mercado-medieval-balmaseda-musica

Erdi Aroko lanbideak eta judutegia

Balmasedako Erdi Aroko Azokako giroan bete-betean murgiltzeko, zer modu ederragorik garai hartako lanbide tipikoei buruzko datuak eta bitxikeriak eskaintzen dituzten tailer eta jardueretara joatea baino. Nabarmentzekoak dira beira-putzegileak, errementariak, harginak, ehuleak edo iruleak, bai eta Erdi Aroko beste lanbide batzuk ere, hala nola zeramika modelatzea, txanponak egitea edo saskigintza.

Horretaz gainera, Erdi Aroko kanpamentuak ere izaten dira, gerlarien ohiturak eta eguneroko bizimodua bertatik bertara ikusteko.

Garai bateko judutegia ere birsortzen dute, hura izan baitzen Balmasedako merkataritza-jardueraren muina urte luzeetan.

Beraz, baduzu plana maiatzaren 13 eta 14rako. Zatoz zortzi mende pasatxoko historia duen Bizkaiko hiribildu honetara, eta gozatu Balmasedako Erdi Aroko Azoka ospetsuaz.

Argazkia: Ayuntamiento de Balmaseda, Turismo Encartaciones.