Balmasedako Aste Santua Euskadiko ezagunenetako bat da. Ekitaldi garrantzitsuenak azken afariaren edo Pilatoren aurreko epaiketaren errepresentazioak eta prozesioak dira. Hementxe duzu Balmasedako 2024ko Aste Santuko egitarauari buruzko informazioa.

Balmasedako Aste Santua Euskadiko ezagun eta ikusgarrienetako bat da.

700 bat herritarrek hartzen dute parte aktiboki Kristoren Pasioa irudikatzen duen Gurutze-bidearen errepresentazioan.

Milaka bisitari erakartzen ditu hango Aste Santuak urtero, eta jarduera eta programazio zabala du.

Balmasedako 2024ko Aste Santuko programa:

semana santa balmaseda programa
Iturria: Asociación Vía Crucis de Balmaseda

Balmasedan, kaleetako txoko guztiek, herritarren arropak eta makillajeak errealismo harrigarriz irudikatzen dituzte Kristoren bizitzako azken orduak.

Une gorenak Kristoren Pasioko Ostegun Santuko gaua eta Ostiral Santuko goiza dira, eta XIX. mendearen amaieratik errepresentatzen da.

Denboraren poderioz, pertsonaiak eta agertokiak gehitu dira, errealismoa eta ikusgarritasuna irabazi dira, baina funtsa galdu gabe.

Hartu kontuan 2024ko Balmasedako Aste Santuko ekitaldi eta prozesioen datak.

Balmasedako Aste Santuan ezinbestekoa den ezer ez galtzeko, hemen duzu Asociación Vía Crucis Viviente de Balmaseda elkarteak ezagutarazi duen ibilbidea.

Erramu-igandea Balmasedan: 2024ko martxoaren 24a

  • 08:30: Gurutze-bidearen jatorriaren errepresentazioa.

Pazko aurreko igandean, 14 penitentziagile, bizkarrean gurutze bana hartuta, erromesaldian irteten dira Mojazelai kaletik Kolitzara.

Balmasedako gurutze-bidearen jatorriaren errepresentazioa da. Izan ere, zenbait adituk diotenez, gurutze-bide horrek XV. mendearen amaieran hiribilduak nozitu zituen izurriteen aurkako erreguteak ditu jatorri.

Ostegun Santua Balmasedan: 2024ko martxoaren 28a

  • 19:00: "Urratsen prozesioa". San Severino plazatik abiatuta, erromatarrek eta penitentziagileek pausoekin batera egiten dute bidea. Penitentziagileek, burua estalita, oinutsik egiten dute ibilbidea, egurrezko gurutzeak soinean hartuta.

  • 21:30: "Azken afaria. Ekitaldi horretarako, sarrera erosi behar da Asociación Vía Crucis Viviente de Balmaseda elkartearen webgunean, toki-kopurua mugatua baita.

Ikuskizun horretan, hauek antzezten dira: Apaizen Kontzilioa, Azken Afaria, Olibondoen Baratzeko otoitza, Jesusen atxiloketa eta apaizen aurreko epaiketa, Kaifas buru zutenekoa.

Ostiral Santua Balmasedan: 2024ko martxoaren 29a

  • 09:30: "Pilatoren aurreko epaiketa". Antzezpen horretarako ere sarrerak erosi behar dira. Lehenik eta behin, Judas urkatzen dute. Gero, pretorioan, Jesus epaitzen dute Pontzio Pilatoren aurrean.

  • 10:30: "Gurutze-bidea". Ekitaldi horretan, "Pilatoren aurreko epaiketa"-ko pertsonaiekin eta pausoekin batera, Magdalenak, Ama Birjinak, Veronikak eta apostoluek desfilatzen dute.

Balmasedako Aste Santuko ekitaldi ezagunenetako bat da. Agertoki handi batean, Kristoren kalbarioaren azken etapak errepresentatzen dira, hilobira eraman artekoak.

  • 19:00: “Ehorzketaren prozesioa”. Pausoen kalitateak eta pertsonaien goibeltasunak solemnitate handia eta nor bere baitan biltzeko giroa ematen diote prozesio horri.

  • 21:30: "Isiltasunaren prozesioa". Guardia Erromatarrak hilerriraino laguntzen die Hilerriko Kristoren eta Andre Maria nahigabetuaren pausoei, erabateko isiltasunean. Errespontsuaren ondoren, Kristoren pausoa bere ohiko lekuan jartzen da.

Balmasedako Aste Santuaren jatorria

semana santa balmaseda procesion
Iturria: Asociación Vía Crucis de Balmaseda

Balmaseda, Enkarterrin, Bizkaiko lehen herria da, eta hango Aste Santua eztabaidarako gaia da oraindik.

Autore batzuek 1480an sortu zela esaten duten arren, 1771koa da Aste Santua ospatzen zela baieztatzen duen lehen agiria; izan ere, orduan aipatu ziren lehenbiziko aldiz “Aste Santuko prozesioak” udal-agiri batzuetan.

XIX. mendean, Balmasedako Aste Santuko elementu berrien aztarna dokumentalak agertu ziren. “Penitenteak” edo “nazarenoak”, “fariseuak” edo guardia erromatarreko soldaduak aipatzen ziren jada garai hartako agiri ofizialetan. Balmasedako Aste Santuko elementu bereizgarrienetako bat bihurtu ziren, eta bizirik iraun dute gaurdaino.

Balmasedako Nazarenoa

XIX. mendeko azken hamarkadan, Aste Santuko pertsonaia nagusia – “Nazarenoa” edo “Jesukristo”– lehen aldiz aipatzen duten dokumentuak gorde ziren; une horretatik aurrera hitz egin dezakegu Balmasedako Jesukristoren pasioaren errepresentazioaz.

Balmasedako Aste Santuko beste mugarri bat 1963an gertatu zen, orduan gehitu baitzen zalantzarik gabe eszenifikazio ororen une gorena dena: "Gurutziltzaketa”.

Tradizio eta sinbolismo handiko ekintza liturgikoak dira, euskal iruditeria aberatsarekin eta penitentziako pausoekin batera Balmasedako Aste Santuaren errepresentazioa ezinbesteko hitzordu bihurtzen dutenak.

Oraindik planik ez baduzu, ez izan zalantzarik eta etor zaitez; kontuan izan, hala ere, garraio publikoa dela aukerarik onena, Balmasedak ospe handia baitu, eta ekitaldi guztiak oso jendetsuak izaten baitira.

Goiburuko irudiaren iturria: Asociación Vía Crucis de Balmaseda.