Apirilaren 28an hil zen San Prudentzio. Arabako zaindari bihurtuta, haren omenez ospatzen dira San Prudentzio jaiak, Arabako probintzian oso ezagunak. Hala, "Erretretaren" doinuek edo "Danborradak" milaka lagun biltzen dituzte urtero Gasteizen eta Armentiako erromeria herrikoi handian.

Tradizioa, gastronomia, jaia eta debozioa ezin hobeto uztartzen dira San Prudentzio egunean. Horretan oinarritzen dira egunaren arrakasta eta ospea. Gehiago jakin nahi duzu San Prudentziori eta haren jaiei buruz?

Noiz da San Prudentzio 2024?

San Prudentzio eguna apirilaren 28an ospatzen da.

Baina Araban jaia pixka bat luzatzea erabaki dute 2024an, 29 astelehenera pasatuz eta egun hori ere jaiegun bihurtuz.

San Prudentzio 2024ko egitaraua

Motorrak berotzen joateko, 2024ko San Prudentzio jaiek badute pregoilaria.

Murgian jaiotako Teresa Ibañez Axpe aktorea aukeratu dute, antzerkian, zineman eta telebistan zenbait hamarkadatako ibilbidea duena.

Salbuespenezko pregoilaria, ekitaldiz betetako egitarau baterako.

Izan ere, egun handiaren bezperatik maiatzaren 1era arte, San Prudentzio jaietan denetik pixka bat egiteko denbora dago.

​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​​

San Prudentzio jaietako jarduerak

san prudencio plaza
Irudia: Diputación Foral Araba

Antzerkia, ikuskizun piroteknikoak, berbena, kalejirak, dantza eta folklorea egongo dira, bai eta Arabako plater tipikoen lehiaketak, ardo-dastaketak eta txistorra-banaketa ere.

Eta jai guztietan bezala, ez dira faltako kuadrillak eta haien jarduera-agenda.

San Prudentzio jaietako unerik gogoangarrienetako bi "Erretreta" eta "Danborrada" dira, biak egun handiaren bezperan.

San Prudentzio eguneko hitzordua landan izaten da, Armentian.

Jaia maiatzaren 1ean amaituko da. Estibalizko Andre Mariaren egunean, erromerian igotzen da Estibalizko Santutegira. Ospakizun herrikoia izaten da, eta beti izaten dira patata-tortilla lehiaketa, "herri-kirolak" eta dantza-lehiaketak.

San Prudentzio jaiak: "Erretreta"

Esan bezala, ohikoa da San Prudentzio jaietako ekitaldien egitaraua apirilaren 27an hastea Gasteizen, jaiaren bezperan.

Arabako Foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko tronpetariek eta atabalariek Probintzia plazako balkoietan jotzen duten "Erretreta"k markatzen du jaiaren hasiera. 20:00etatik aurrera, "Erretreta"ren tronpeta-doinuak 15 minutuan behin entzuten dira.

"Erretreta" XIX. mendeko tradizio bat da, bere esentzia eta sinbolismo guztia gordetzen duena, udaletxetik Probintziako Jauregira lekualdatu den arren.

San Prudentzio jaietako "Danborrada"

San Prudentzio jaietako beste ekitaldi ezagunenetako bat apirilaren 27ko gaueko “Danborrada” da. Probintzia plazan hasten da, eta Gasteizko kaleak zeharkatzen ditu txistuen eta danborren doinupean.

Danborrekin eta mantalak eta kapelak jantzita, Arabako elkarte gastronomikoetako ordezkariek hartzen dute parte danborradan.

Gastronomiak protagonismo handia du San Prudentzio jaietan. Egun horretan, ohikoa da familiek eta kuadrillek perretxiko-nahaskia eta barraskiloak jatea. Begiratu Euskadiko perretxikoei buruzko blogaren gure postean perretxikorik onenak non aurki ditzakezun jakiteko;)

“Eguneko danborrada” handia (arratsaldean, 18:00etan, gutxi gorabehera) haurrena da. 7 eta 14 urte bitarteko umeek osatzen dute, eta danborrak eta kupelak jotzen dituzte zenbait lanbidetako jantziekin: sukaldariak, miñoiak, kantinerak, urketariak, soldaduak, majoretteak...

San Prudentzio Danborrada 1975etik ospatzen da, eta Donostiako Danborrada ospetsuan inspiratuta dago.

San Prudentzio Armentian

San Prudentzio egunean bertan goiz hasten da jaia, 09:00etan, "San Prudentzioren Zortzikoarekin".

Gero, Armentiako zelaietara lekualdatzen da, Santuaren erlikiak gurtzen diren tokira. Meza, prozesioa, azoka eta merkatu txikia egiten dira, eta erromeria herrikoi handia ospatzen da.

Nor zen San Prudentzio?

san prudencio quien era
Irudia: Basotxerri, CC BY-SA 4.0, via Wikimedia Commons

Arabako jaiez hainbeste hitz egin eta gero, zeure buruari galdetuko diozu: nor zen San Prudentzio?

San Prudentzio Armentian jaio eta bizi izan zen, gaur egun Gasteizko udalerriari dagokion herrixka batean. Han dago haren gorpuzkinak gordetzen dituen eliza.

Bizitza osoa eman zuen penitentzian eta otoitz egiten leku apartatu batean. Anakoreta izan zen, eta, 15 urte zituenetik, ebanjelizatzen eta sendaketa miragarriak egiten aritu zen. Mundutik isolatuta bizi izan zen Soriako herri txiki batean, baina Tarazonako (Zaragoza) gotzaina ere izan zen.

Santua da VIII. mendetik, eta Arabako Lurralde Historikoaren zaindaria XVII. mendearen erdialdetik.

Duela urte asko hasi ziren San Prudentzio apirilaren 28an ospatzen, haren heriotzaren urteurrenean. Arabako jai horiek Euskadiko ospakizun ezagunenetako bat bihurtu dira.

Goiburuko irudiaren iturria: Assar, CC BY-SA 3.0, via Wikimedia Commons.