Lekurik gabe gelditu zara mugikorrean eta konturatu zara 3.000 argazki eta 500 bideo dituzula gordeta? Hain dago beteta zure smartphonea, WhatsApp eguneratzeko aukerarik ere ez duzu?
Zuk ere izan duzu inoiz halako arazorik, ezta? Bada, soluzio erraz eta eroso bat dakarkizugu: gorde zure argazki eta bideoak hodeian. Hodeiko zure zerbitzu gogokoena erabiltzen baduzu argazkiak eta bideoak gordetzeko, zure gailu guztietan izango dituzu ikusgai. Zure kezka bakarra argazki dotoreak egitea izango da, eta Instagramera edo Pinterestera igotzea…, eta, jakina, itxurakeriaren errege edo erregina bihurtzeko trikimailurik onenak bilatzea.
Jakin nahi duzu nola gorde ditzakezun automatikoki zure argazki eta bideoak hodeian? Nahikoa duzu zuretzat aukeratu ditugun aplikazioetako bat deskargatzea eta pauso erraz batzuei jarraitzea. Baina gogoan izan aplikazio bakoitzaren pribatutasun-politikaren xehetasunak irakurri behar dituzula, ezustekorik ez izateko.
Google Fotos
Hodeian nahi adina argazki eta bideo doan gordetzeko aukera ematen dizun aplikazio bakarra da, baina gehienez ere 16 Mpx-eko eta 1080 p-ko bideoak gorde daitezke. Play Storen edo iTunesen deskargatu, eta sartu aukera honetan: Ajustes>Crear Copia de Seguridad y sincronizar. Eta ez baduzu daturik gastatu nahi, aukeratu kopia etxeko WiFia edo WiFi Kalean zerbitzuak aktibatuak dituzunean egitea. Gogoan izan: Google Fotosek zure argazkiak biltegiratzen jarraituko du, baita aplikazioa desinstalatu baduzu ere. Beraz, ez baduzu kopiak egiten jarraitu nahi, sinkronizatzeko eta segurtasun-kopia egiteko aukerak desaktibatu behar dituzu aplikaziotik edo Googleren ezarpenetatik.
iCloud
Appleren hodeiko biltegiratze-zerbitzua da, eta argazkiak automatikoki gordetzeko aukera ere ematen du. Abantailetako bat zerbitzuaren esklusibotasuna da, argazkiak Appleren zerbitzarietan gordeta gelditzen baitira zuzenean. 5 GB ematen ditu doan, eta leku gehiago nahi izanez gero, ordaindu egin behar da. Aktibatzeko, joan Ajustes de Fotos y Cámara aukerara, desaktibatuFototeca de iCloud, eta markatu Optimizar el almacenamiento del iPhone.
One Drive
Microsoftek 5 GB ematen dizkizu, doan, mugikorreko argazki eta bideoak hodeira igotzeko automatikoki. Aktibatzeko, sartu ezarpenetan, bilatu Carga de Cámara aukeren artean: aktibatu, eta aukeratu zer igo nahi duzun. Oso intuitiboa da, eta, argazkiez gainera, WhtasAppeko bideoak eta irudiak igotzeko aukera ere ematen du One Drivek. Eta Officerekin eta Skyperekin integratua dagoenez, lanean zaudela bideo-deiak egiteko ere erabil dezakezu. A! Eta segurtasunari dagokionez, One Drivek ez ditu inorekin partekatzen zure argazki eta fitxategiak, salbu eta karpeta publikoan gordetzen badituzu edo zuk partekatzea aukeratzen baduzu. Deskargatu aplikazioa Androiderako edo iPhonerako.
Dropbox
Dropboxek ere aukera ematen du mugikorreko argazkien segurtasun-kopia automatikoak egiteko. Nahikoa da zerbitzuko ezarpenetan sartzea eta aukeratzea zer nahi duzun igo hodeira: argazkiak eta bideoak edo irudiak bakarrik. A! Eta datuak gastatu gabe ere egin dezakezu. 2 GB ematen dizkizu gordetzeko, baina leku gehiago hartzeko aukera ematen du. Deskargatu Dropbox Play Storen edo iTunesen.
Mega
Ez da ezagunenetako bat, baina 50 Gb ematen dizkizu doan. Kopia automatikoa aktibatzeko, zoaz Camera Uploads botoira, eta, han, erabaki WiFi sare baten bidez bakarrik egin nahi duzun kopia edo berdin zaizun datuak gastatzea. Android eta iOS sistemetarako dago erabilgarri.
Flickr
Bukaerarako utzi dugu Flickr, aukera guztiak ematen baititu: hodeian 1.000 Gb gordetzeko aukera, doan! Eta argazkien sare sozialik onenetako bat da gainera. Flickr zale amorratuak gara gu!
Zure argazki eta bideoak automatikoki hodeira igotzeko, aktibatu Auto Uploadr zure profileko Menutik, eta aukeratu zer konexio-motarekin igo nahi dituzun. Eta kito! Baina kontuz ibili, zure argazkiak edonork ikusteko moduan konfiguratua baitago kontua hasieran. Aukera hori aldatzeko, zoaz Configuración de la Cuenta aukerara, eta kudeatu han baimenak.
Eta, orain, lekua egin duzunez telefonoan eta biltegiratze-mailaren barra berriz berde dagoela ikusirik, deskargatu bideoak mugikorrarekin editatzeko 10 aplikaziorik onenak edo gazteen artean arrakastarik handiena duenetakoren bat. Eta aplikazioren bat gomendatu nahi badiguzu, idatzi iruzkin bat! .