Gasteiz Euskadiko hiriburu administratiboa da, eta hiri-ekologismoaren eta mugikortasunaren zutabeetako bat. 70 kilometro baino gehiago ditu oinezko eta txirrindularientzako ibilbideetan, eta eraztun berde zoragarri bat, Armentia, Zabalgana eta Salburuako parkeek osatua. Hori guztia dela eta, bizitzeko hiri onenetako bat da. Izena, Nueva Victoria, Nafarroako Sancho VI.ak jarri zion, 1181. urtean fundatu zuenean. Baina Gasteiz abizenaz, gutxi dakigu. Batzuen ustez, mendixka baten izena zen, eta harresiz inguratutako antzinako eremua ikusten zen handik; beste batzuek diote baseliza batetik datorrela... Eta guk eransten duguna da hiri zoragarri bat dela, eta historia sinestezinekoa eta bitxikeria ugari dituela. Ezagutu nahi dituzu?

Erdi Aroko iragana

Bazenekien zaldun tenplarioak, zeinak Erdi Aroko legenda askoren jatorria baitira, Araban ere ibili zirela? Ordena hori 1118an sortu zen, erromes kristauak Leku Santuetan babesteko. Erdi-monjeak eta erdi-gerlariak ziren, eta paté gurutzeagatik identifikatzen ziren; erdira hurbildu ahala, besoak estutzen zaizkion gurutze-mota da hori. Lurralde osoan sakabanatuta dauden eliza erromaniko askotan ageri da gurutze hori; adibidez, Tuestan, Santa Columban edo Iruña-Veleiako aztarnategian. 1181. urteko hiribildua sortzeko agirian eta hiriko hainbat leiho eta faroletan ere ageri da. Izan ere, batzuek diotenez, Donostiako Kontxako baranda eta Bilboko baldosa hiri horien ikurrak diren bezala, gurutze hori litzateke Gasteizko ikurra.

Andresito mamua, legenda bat baino gehiago

Izan duzu inoiz Andresito mamuaren berri? Aspaldiko kondaira baten arabera, haur bat ibiltzen da gauero Olagibel kalean, Zerga Agentziaren egoitzaren inguruan. Eraikina San Frantzisko komentu zaharraren gainean eraikita dago. Komentu hori XX. mendearen hasieran eraitsi zuten, eta, ziur aski, ehorzketa ugari egongo ziren han. Eraikinaren jabe zenak madarikazio bat egin omen zuen eraikin berriaren kontra. Izan ere, eraikin berria altxatu zenetik, funtzionario, bizilagun eta segurtasun-zaindari askoren lekukotasunak hasi ziren, gauez zarata arraroak, korrikaldiak eta pilota-boteak entzuten zirela ziotenak. Fenomeno horiek urte luzez isilean egon baziren ere, eraikineko segurtasun-zaindariek zioten haur bat eta agure bat eskutik helduta ibiltzen zirela eskaileretan behera edo eraikineko korridoreetan agertzen zirela, begirada galduta. Inguruko bizilagunek esaten zuten haurren barreak entzuten zituztela, eta funtzionarioek, berriz, altzariak tokiz aldatuta agertzen zirela egunero. Handik denbora batera, grabaketa bat ere agertu zen: haur agertzen zen, lotarako bata zuri batez jantzia, batzuetan pilota bat zeramala beso azpian, eta beste batzuetan, berriz, patinete bat. Ez dakigu egia izango den ala ez, baina misterioak indarrean dirau. Polizia Nazionalak ere denbora luzez hitz egin zuen gai honetaz bere web-orrian. Zerbaiten seinale?

Ama Zuriaren putzua

Pentsa zenbat urtegi dauden gaur egun Gasteizen... Bada, XIX. mendearen amaieran putzu bat zulatzen hasi ziren, Andre Maria Zuriaren plazan ura aurkitzeko asmoz. Garai hartan, hornidura-arazoak zeuden, eta Udalak azterketa bat egin zuen putzu bat zulatzeko lekurik onena aurkitzeko. M. Alphonse F. Richard izeneko ingeniari frantses batek erabaki zuen eremu hoberena garai bateko merkatu-plaza zela, gaur egun Andre Maria Zuriaren plaza dagoen lekua, hain zuzen. Eta... voilà! 1877. urtean hasi ziren lurra zulatzen..., baina, bost urte geroago, putzuak kilometro bateko baino gehiagoko sakonera zuenean, gelditzeko erabakia hartu zuten, eta bi gauza lortu zituzten horrela: lehena, ur-tantarik ez aurkitzea, eta, bigarrena, putzu horren sakonerak munduko errekorra haustea. Azkenean, Udalak El Campillon ur-depositu bat eraikitzea erabaki zuen, eta ura Gorbeiatik eramatea. Natur Zientzien Museoan dagoen plaka batek ingeniaritzaren porrot horren berri ematen du. 

Karta-sorta, mundu guztian barrena

Ez baldin badakizu ere, bada James Bond 007 agentearekin lotzen zaituen kontu bat: biok jokatu duzue duela 150 urte Heraclio Fournierek Gasteizen sortu zuen enpresako kartekin. Gasteizko enpresa mitiko horrek egiten ditu lagunekin tutean eta musean aritzeko erabiltzen dituzun kartak, bai eta munduko kasinorik dotoreenetan —Monakon, Estorilen, Venezian, Manilan...— pokerrean eta blackjackean aritzeko erabiltzen direnak ere. Enpresak 1.500 karta-mota ditu, urtean 14 milioi karta-sorta egiten ditu, eta hiriko enpresarik ezagunenetako bat da. Bestalde, inoiz pentsatu duzu zer esan nahi duten karta-sortako paloek? Antzinako gizarte-klaseak irudikatzen dituzte: urreek, monarkia; kopek, Eliza; ezpatek, noblezia; eta bastoiek, herri xehea.

Gasteizko beste bitxitasunen bat ezagutzen baduzu eta gurekin partekatu nahi baduzu, idatzi iruzkin bat. Gustura asko irakurriko dugu!