Ondo jatea eta edatea gustatzen zaigu Euskadiko herritarroi, eta bikain pasatzen dugu lagunekin edo senideekin elkartzen garenean afari bereziren batean; Gabon gauekoan, adibidez. Afaldu ondoren etortzen da Olentzero, opariz betea; biharamunean —Eguberri eguna—, berriz, berriro elkartzen gara, bezperako afarian sobratutakoa bazkaltzeko eta opariez gozatzeko.
Gabonetako menuak
Beharbada ez zenuen jakingo Euskadin aza eta azalorea izan direla Gabonetako afariko hasierako tipikoak. Zer dela eta? Gure baratzeetan beti izan ditugun sasoiko barazkiak direlako. Nafarroan, berriz, azalorearen ordez kardua edo borraja afaldu ohi zen. Egun, aldatu samarrak dira ohitura horiek, eta ohikoagoak izaten dira bestelako zizka-mizka batzuk (otarrainxkak, hestebeteak, entsaladaren bat, barraskiloak saltsan...). Baina onena ondoren etorri ohi zen: bisigua, labean egina, baratxuri frijituarekin, piperminarekin eta ozpin pixka batekin. Izugarria! Zoritxarrez, oso jende gutxik eros dezake bisigua —eta angulak— gaur egun eta, horien ordez, txitxarroa afaldu ohi da (bisigua bezain gozoa), edo bakailaoa, zenbait eratara prestatua: Bizkaiko erara, ajoarrieroa, pil-pilean egina...
Haragia nahiago zuten familietan, berriz, baserrian hazitako kapoia prestatu ohi zen. Erreta —batzuetan, betea— zerbitzatu ohi zen jaki gozo hori, saltsa eta frutak hornigai zituela. Egun, kapoiaren ordez arkumea edo antxumea prestatu ohi dira, labean. Bai gozoak horiek ere...
Postrea ere jango zenukeela? Bada egin lekua urdailean intxaur-saltsari (intxaurrez, esnez, kanelaz eta azukrez egina), sagar egosiei, gaztainei eta, Nafarroan, muxu goxoari (krema erre moduko bat: xumea eta izugarri gozoa).
Eta Gabon gaua denez, afariaren ondoren datoz etxeko txikientzako magia eta ilusioa. Horra une egoki-egokia zenbait pertsonaia mitologokori edo Olentzerori buruzko gure istoriorik gogokoenak kontatzen hasteko.
Olentzeroren istorio desberdin bat
Bada asko gustatzen zaigun istorio bat, agian oraindik entzun ez duzuna. Dio istorioak maitagarri bat bizi zela basoan, prakagorriak zeritzen iratxo batzuekin, eta halako batean ume bat aurkitu zuela garo artean. Maitagarriak, harriturik, hau esna zion:
Olentzero deituko zaitugu, gertakari zoragarria baita zu aurkitu izana. Bizitza osoan izango duzu indarra, ausardia eta maitasuna.
Ondoren, seme-alabarik ez zuten senar-emazte batzuei eman zien haurra maitagarriak. Berehala adoptatu zuten umea senar-emazteek, eta inguru hartan hazi zen Olentzero, gizon indartsu, maitagarri eta onkote bihurtu arte, eta aitari ikazkin-lanetan laguntzen zion. Bakarrik geratu zenean, honetaz ohartu zen Olentzero: behar zutenei laguntzeak egiten zuen egiazki zoriontsu. Horrenbestez, jostailuak prestatzeari ekin zion, eta neska-mutikoei banatzen zizkien, herrira ikatza saltzera jaisten zen bakoitzean. Hala, bada, umeen artean neguero opariak banatzen hasi zen Olentzero, eta oso pertsonaia maitatu bihurtu zen.
Halako batean, ekaizte gogor batek sutea piztu zuen zenbait lagun bizi ziren etxe batean. Olentzerok, bi aldiz pentsatu gabe, etxera sartu eta manta batekin estali zituen han bizi zirenak. Bizirik atera zituen, baina habe handi bat erori zitzaion gainera, eta bere bihotz handi hura betiko geldiarazi. Une hartan azaldu zitzaion maitagarria, eta honela mintzatu zitzaion:
Olentzero, gizon ona izan zara: besteen alde jardun zara bizi osoan, eta zeure bizitza ere eman duzu beste batzuk salbatzearren. Horregatik, hemendik aurrera Euskal Herriko bazter guztietan neska-mutikoentzako opariak presta ditzazun nahi dut.
Harrezkeroztik, neguero, urtea amaitzean, Euskal Herriko zoko guztietara joaten da Olentzero jostailuak banatzera.
Ederra istorioa, ezta? Zuri besteren bat kontatu bazizuten eta gurekin partekatu nahi baduzu..., gustura asko irakurriko dugu!