Azaroa hilabete aspergarria dela? Oraindik ez dituzu ikusi ekarri dizkizugun plan guztiak. Halloweenen biharamuna gainditu ondoren, presta zaitez Behobia-Donostian eta Herri Krosean izerdi patsetan jartzeko. Horietaz gainera, eSporten lehiaketarik ezagunena ere hil honetan dugu: GameGune. Eta, horiek gutxi balira, Vetusta Morla, Go!azen eta Delaporte ere bai. Azaroan, egin korrika, jolastu eta abestu gurekin.

Kirola

55. edizioa du aurtengoa Behobia - Donostia lasterketak, eta azaroaren 10ean egingo da, igandearekin. Hogei kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte-hartzaileek, Irungo Behobia auzo txikitik Zurriolako itsas pasealekuraino, Donostiaren erdi-erdian. Han izango gara gu, Gaintxurizketa eta Mirakruz gainak gainditu eta Errenteriatik edo Kaputxinoetatik pasatu behar duten korrikalari ausartei laguntzen. Lasterketan parte hartzen dutenek esaten dute behin probatuz gero ezin dela utzi. Ausartuko zara? Zatoz gurekin txapeldunak animatzera.

Eta, motorrak berotzeko, ez galdu Behobiaren aurretik, hilaren 9an eta 10ean, Irungo Ficoban egingo den azoka. Izan ere, dena ez da korrika egitea: hitzaldiak, erakustokiak eta jarduera asko izango dituzu aukeran.

Astebete duzu indarberritzeko eta berriz zapatilak janzteko. Izan ere, Herri Krosa hilaren 17an (igandearekin) egingo da Bilbon. Baina lasai, lasterketa klasikoaren ibilbidea 10 kilometrokoa da. Hiri barruko ibilbidea da, Kale Nagusian hasi eta amaitzen dena, eta lagunartean nahiz familiarekin egin dezakezu, zure erritmora. Gutxi gorabehera 8.000 korrikalarik parte hartzea espero da. Haietako bat izango zara? Hemen duzu aukera.

Teknologia

Kirolik fisikoenetik burutsuenera. Kirol elektronikoetako handienak lehiatuko dira azaroaren 23an Gameguneren edizio berri batean (Euskaltel Konekta Fundazioak antolatzen du, Euskaltelen Derioko egoitzan). Lehiaketa beterano honek bideojokoen zale onenak bilduko du, eta ez dira faltako CS:GOko munduko jokalaririk onenak ere. Lehiaketa ikusgarria izango da. Ez duzu huts egingo, ezta? Gogoan izan, hala ere, streaming bidez ere ikusi ahal izango duzula, Twitch plataformaren bidez.

Agenda noviembre Gamegune

Kultura

Ba al dakizu Vetusta Morla taldeak Kursaal en joko duela hilaren 1ean eta 2an (ostiralarekin eta larunbatarekin)? "Mismo sitio, distinto lugar” bira arrakastatsuaren azken kontzertuak izango dira. Madrildarren laugarren estudio-albumak platinozko diskoa jaso berri du (lehen ere jaso zituzten platinozko diskoak Un día en el mundo eta 15151 diskoengatik; bigarren hori, zuzenekoa). Etorri nahi duzu Puchorekin Te lo digo a ti abestera?

Eta Go!azen gustuko baduzu, ez sufritu; gero eta gutxiago falta da azaroaren 22an ETB1en denboraldi berria hasteko. Ezin duzu itxaron telebistan ikusi arte? Zatoz lehen kapituluren aurrestreinaldietara. Primizian eta pantaila handian ikusi ahal izango duzu, azaroaren 10ean Iruñeko Baluarten, eta azaroaren 15ean Donostiako Kursaalen. Duela egun batzuk Xabi Zabaletarekin hitz egin genuen, Goazenen sortzaileetako batekin. Eta denboraldi berriari buruzko kontutxo batzuk kontatu zizkigun...

Eta azaroari agur esateko, kontzertu oso berezi bat prestatu dugu Euskaltelen bezeroentzat esklusiban. Sol Músicak Delaporte bikotea dakarkizu azaroaren 30ean, larunbatarekin, Bilboko Azkena Aretora (musika elektronikoaren eta poparen nahasketa bat egiten dute). Sandra Delaportek eta Sergio Salvik dantzan jarriko zaituztete Como Anoche disko berriko abestiekin. Energia, freskotasuna eta giro ona hilabetea amaitzeko.

Ez dugu zalantza-izpirik; hil honetan primeran pasatuko duzu. Asteburu guztietarako dituzu planak. Azaroan, egin korrika, jolastu eta kantatu, eta gero kontatu guri.