2019. urterako asmo on bat betetzera animatzen zara? Ea zer iruditzen zaizun: 2018 amaitzean, utzi atzean gehiegikeriak, betekadak, gozoak, pintxo-potea… eta ongi etorri bizimodu osasuntsura. Lasai, errege-opila ez dugu kontuan hartuko, eta noizean behin, jan ahal izango dugu gutiziaren bat... Urte berria gauza onez beteta etortzea nahi dugu, eta osasuna da garrantzitsuena.

Borondate pixka bat eta... teknologia, besterik ez duzu behar. Zure mugikorrarekin eta App batzuekin, 2019an sasoian egongo zara eta gorputz lirain-liraina edukiko duzu. Beraz, eskatu Olentzerori edo Erregeei fitnesseko kolore biziko arropa, egun gutxi barru zure osasuna NONSTOP moduan egongo baita. Hasiko gara?

  • Runtastic. App asko dituen webgune bat da Runtastic, eta zure fitnesserako zure lagunik onena izango da. Ez du axola zeren zalea zaren, runninga, eskia edo snowboarda; bizikletaz ibiltzea edo igeri egitea gustatzen zaizun; zurea patinajea, mendian ibiltzea edo bela den, negu betean egon arren. Bertan zure kirol-jarduera erregistra dezakezu, zure aurrerapena monitorizatu, eta helburu berriak finkatu. Kirola egiten aspertzen diren horietakoa bazara, ez kezkatu: Runtasticek story running ere eskaintzen dizu, kirolarekin duten esperientzia kontatzen duten pertsonen bideoak dira, eta webguneko edozein app deskargatzean topatuko dituzu. Eta nahiago baduzu, musika-aukera bikaina izango duzu, kirola egiten duzun bitartean adorea emango dizuna.  Runningeko aplikazioko Runtastic Music fitxan ere aurki dezakezu. Runtastic doan bada ere, kirol-plan asko ordaindu egin behar dira. Premium bertsio bat du, eta hiru edo sei hilabeterako edo urtebeterako harpidetu zaitezke, esku-eskura izan ditzazun zure baldintza fisikoetara eta helburu desberdinetara egokitutako entrenamendu-plan guztiak. Hain da ezaguna web hau, eta hain zabalduta dago mundu osoan, ezen gadget bat ere garatu baitute: GPS erloju bat, ordenagailutik zure plan eta jarduera guztiak deskarga ditzazun.  Runtastic Running eskuragarri dago bai Androiderako, bai iOSerako, baina beste aukera hauek ere badira: Runtastic Steps zure ibilaldietan ematen dituzun pausoak zenbatzen dituena; Runtastic Resultsek ariketa- eta nutrizio-planak ditu; Runtastic Road Bike bizikletako planak egiteko da; eta Runtastic Mountain Bike mendiko bizikletan ibiltzeko; altimetroa ere badu, bai eta gluteoen entrenatzaile bat ere: Butt Trainer. Ikusi gehien gustatzen zaizuna, eta hasi kirola egiten. Ikusiko duzu, ezingo duzu utzi!

  • 30 eguneko kirol-erronka. Erronka bat proposatzen dizugu: jaitsi doan aplikazio hori zure Iphonean, eta jarri sasoian 30 egunetan. Gai izango zarela uste duzu? Appak ematen dizkizun entrenamendu-jarraibideei erreparatu besterik ez duzu: pixkanaka-pixkanaka, ikusiko duzu nola handitzen den ariketen intentsitatea eta nola hobetuko diren zure saioak; eta gainera, pisua galduko duzu. App honek aukera ematen du datuak Apple Healthekin sinkronizatzeko, eta entrenamenduen aurrerapen-erregistro automatikoa du. Programak irauten duen 30 egunetan, abdominalak, ipurmasailak eta gorputz osoa landu ditzakezu; taula horietako bakoitzak hiru maila ditu, oinarrizkotik hasi eta aurreratu arte. Probatzera animatzen zara?

  • Myfitnesspal. App hau primerakoa da 2018ko azken txanpan hartu dituzun kiloak kentzeko. Mystitnesspalt.com-en oinarrian dagoen ideia hau da: zenbat eta hobeto jakin zer jaten duzun, orduan eta errazagoa izango da pisua galtzea. Horretarako, doako App honek laguntzen dizu zure elikaduraren eta eguneroko jarduera fisikoaren erregistro osoa eramaten. Erabiltzen hasteko, erregistratu egin behar duzu, eta zure gorputzeko datuak sartu: pisua, altuera, adina, eta abar.  Ondoren, kontsumitu beharko zenukeen kaloria-kopuruaren estimazioa esango dizu, eta zeuk egokitu beharko duzu  kopuru horretara, kaloria-kalkulagailu bati esker. Zenbat eta zorrotzago eraman zure otorduen erregistroa, are hobeto kontrolatuko duzu zure burua. iOS eta Android sistemetarako dago eskuragarri.

  • Pocket Yoga. Yoga gustatzen bazaizu, aplikazio hau primerakoa da zuretzat. Aplikazio honen bidez, ariketa bakanak edo klase osoak aukera ditzakezu, eta ariketaren bat egiteko arazoak badituzu, mugimendu guztiak azaltzen dituzten bideoak daude, bai sinpleenak, bai konplexuenak. Aplikazioa doan deskargatu, esteraren aurrean jarri eta hiru jarduera, iraupenak eta zailtasun-maila aukeratu besterik ez duzu egin behar. App honek, halaber, jarreren hiztegi irudiduna du, eta jarrera bakoitzaren deskribapen zehatza egiten du, bai eta bakoitzaren onuren berri eman ere. iOS eta Android gailuetarako dago.

  • Seven. Sasoian jartzeko, pisua galtzeko edo muskulu-masa handitzeko egunero egin beharreko ariketek 7 minutu irauten dutelako izena du horrela (“Seven”) webguneak. Dena, nahi duzun tokian eta ondo datorkizunean, makinarik eta bestelakorik gabe. App hau deskargatu, ariketa egiteko ohitura hartu, eta errutinak pixkanaka hobetu besterik ez duzu, kirolarien maila izatera iritsi arte. Android eta IOS gailuetarako dago eskuragarri, eta oinarrizko mailan bakarrik da doakoa.

Prest duzu dena, beraz, urte berriari sasoi betean ekiteko. Orain, borondate pixka bat besterik ez duzu falta, oso denbora gutxian erabat osasuntsu egon zaitezen, eta itxura ederra izan dezazun. Animo!