Ikusi duzu semea edo alaba zizarearena egiten azkenaldian? Edo Griezmannek gol bat sartzen duenean dantza egiten duen bezala dantza egiten?
Lasai, ez dira erotu. Fortnite jokoaren zaleak dira. Zortzi urte baino gehiagoko seme-alabak baldin badituzu edo XXI. mendean jaioa baldin bazara, Fortnite eta PUBG ezagutuko dituzu, seguru. Azken urtean arrakastarik gehien lortu duten onlineko bideojokoetako bi dira: milioika nerabek, Vinderbuseko lagunekin elkartu, eta Dorre Garaietan edo Lurpeko Zuloan lur hartzen dute, helburu bakar bat buruan: azkenak izatea Ekaitzaren Begian.
Ezaugarri komun asko dituzte Fortnitek eta PUBGek: ekintza-jokoak dira, pertsonaiek imintzio eta dantza superdibertigarriak egiten dituzte, plataforma askotan jokatzen dira... Eta Battle Royale izeneko joko-motakoak dira biak, puri-purian dagoen joko-mota batekoak. Call of Duty Black Ops 4 jokoa merkaturatzear dago, eta, Battle Royalek lortutako arrakasta ikusirik, joko-mota hori bera erabiltzea erabaki du. Eta, horretaz gainera, youtuber gehienek joko horiek aukeratu dituzte edukia sortzeko eta milioika jarraitzaile entretenitzeko.
Guztiz ezezaguna zaizu esaten ari garena? Lasai, oraintxe azalduko dizugu: Battle Royale biziraupeneko joko bat da; jokalari batek 100 laguni egin behar die aurre, armak, batetik, eta, bestetik, zubiak, paretak, eskailerak eta hormak eraikitzeko tresnekin... Bizirik gelditzen den azkenak irabazten du partida.
Fortnite jokoan hasteko, gutxienez 12 urte izatea gomendatzen da; PUBG jokoan aritzeko, berriz, 16. Zergatik, baina, alde hori adinean biek Battle Royale modua badarabilte? Lehenengoan, biziraupena eta eraikuntza konbinatzen dira; pertsonaiak animaziokoak dira eta ez PUBGekoak bezain errealistak, eta, nahiz eta helburua bizirik irautea den, heriotzek ez dute ematen hain bortitzak.
Battle Royale formatua kontsoletan ere hasi da erabiltzen, eta ordenagailuetatik mugikorretara ere pasatu da. Oraingoz, iPhone-rako bertsioa bakarrik du Fortnitek, baina laster aterako omen da Androiderako bertsioa ere. PUBGek, berriz, bi bertsioak ditu: iOSerako eta Androiderako.
Zure seme-alabak joko hauetan aritzen diren ala ez kontrolatu nahi baldin baduzu, irakurri duela gutxi idatzi genuen blogeko sarrera hau: Adin txikikoek beren lehen mugikorra ongi erabiltzeko aholkuak eta aplikazioak. Hor ikusiko duzu zer egin behar duzun beren adinerako egokiak diren aplikazioak bakarrik instala ditzaten.
Baina denari ezetz esatea ezinezkoa denez, hauxe gure gomendioa: proposatu iezazkiezu biolentziarik batere ez duten beste joko arrakastatsu batzuk. Lehenengoak Minecraft du izena, eta aspaldi lortu zuen arrakasta: eraikuntza-joko bat da, “mundu irekia” deritzon motakoa, hau da, ez du helburu bakar eta zehatz bat. Jokoan aurrera egiteko, zure pertsonaiak materialak jaso behar ditu, objektuak eraiki eta lehendik dituenak hobetu, hau baita helburua: aurrera egiteko eta hazteko tresna, errezeta eta aukera berriak aurkitzea. Minecraft plataforma ia guztietan erabil daiteke, eta, jakina, baita iOSen eta Androiden ere.
Eta txikiek dibertitzea eta beren jokoak sortu eta partekatzea nahi baldin baduzu, anima itzazu Roblox erabiltzera. Jokoak diseinatzeko —eta baita dirua irabazteko ere— aukera ematen dien jokoen plataforma sozial bat da. Genero guztietako jokoak daude; esate baterako, pizzeria bateko langile izan daitezke, altxor-bilatzaile mundu ireki erraldoi batean edo nabigatzaile oztopoz beteriko bideetan barrena. Esperientzia-aukera oso zabala da, haurrek eraikitzen eta jokatzen goza dezaten.
Eta zuk? Ezagutzen duzu beste joko sortzaileren bat smartphonearekin modu eraikitzailean jokatzeko? Bidali iruzkin bat!