Aurpegi-ezagutzea..., futurista dirudi, ezta? Bada, jadanik ez da hain futurista. Gama ertain eta altuko smartphone batzuek instalatua dute jada desblokeatzeko sistema gisa, eta aplikazio batzuek ere erabiltzen dute identifikazio pertsonalerako.

Helburu argia du sistemak: identifikazio pertsonala arinago eta erosoago egitea, segurtasun osoz. Aurpegi-ezagutzearen bidez, jadanik ez dugu sartu beharko zortzi karaktere alfanumerikoko pasahitz amorragarri hori gure smatphonea blokeatzen den bakoitzean, edo ez dugu gure hatza mila modutara jarri beharko, azkenean, mugikorrak pasahitza eskatzeko.

Aurpegi-ezagutzearen sistema, ordea, hori baino askoz ere osoagoa da. Badakizu nola funtzionatzen duen? Eta zertarako erabil daitekeen? Presta zaitez, luzaro iraungo duen teknologia baita.

Aurpegi-ezagutzea software bat da, smartphone bateko kameraren bidez pertsona baten hazpegiak konparatzen dituena biltegiratutako irudi digitalen datu-base batekin. Adimen artifiziala duen tresna bat da, makina batek pertsona bat segurtasunez ezagutzeko aukera ematen baitu. Munduko txokoren batean gure berdin-berdina den norbait dagoela diote, baina, egiaz, hatz-markak eta hazpegiak bakarrak dira pertsona bakoitzean, eta, beraz, pasahitzak baino metodo seguruagoak dira pertsonak ezagutzeko.

Baina zer gertatzen da zure nortasuna ordeztu nahi duena zure ahizpa bikia bada? Gaur egungo sistemak oso kalitate onekoak dira; aurpegi-sakoneraren mapak, irudi infragorriak eta beste segurtasun-mekanismo batzuk izaten dituzte, eta, horien bidez, zalantza txikiena izanez gero, softwareak segurtasun-pasahitz bat eskatzen du nortasuna berresteko. Hori horrela den egiaztatu nahi baduzu, baina bikirik ez baduzu, erregistra ezazu sisteman bizarrarekin zauden argazki bat, eta, ondoren, probatu berriro bizarra moztu eta gero...

Eta gero eta seguruagoa denez, smartphone eta tableta batzuen bitxikeria bat izatetik, banketxe batzuen segurtasun-sistema izatera iritsi da. Jakin nahi duzu zertarako erabil daitekeen?

  • Banketxeen aplikazioetara sartzeko. Azken hilabeteetan, banketxe nagusietako batzuk aurpegi-ezagutzea hasi dira erabiltzen banku mugikorreko aplikazioetara sartzeko. Hala, teknologia hori erabiliz, zure kontu-zenbakira sar zaitezke gutunak jasotzeko, ordainagiriak kudeatzeko edo txartelak aktibatu eta desaktibatzeko.
  • Ordainketak egiteko. Txinan, aurpegi-ezagutze sistemen bidez, ordainketak online egin daitezke jadanik. Face++ enpresak Alibabaren gisako ecommerce enpresa erraldoien zerbitzura jarri du bere teknologia, eta garraio-enpresa batzuek, 83 bateragarritasun-punturen bidez, bezeroaren aurpegia identifikatzen dute, eta ordainketak baimentzen.
  • Desagertuta dauden pertsonak lokalizatzeko. Oso sistema erabilgarriak dira desagertuta dauden pertsonak jende asko bizi den lekuetan lokalizatzeko. Lehenengo esperientzietako bat Indian eraman dute aurrera. Galdutako haurren datu-baseak (Trackchild) pertsonak ezagutzeko software batekin sinkronizatu dituzte, eta, egun gutxitan, milaka identifikazio positibo lortu dira.
  • Aireportuetan izapideak egiteko. Nazioarteko aire-garraioaren segurtasuna hil edo bizikoa da munduko gobernu nagusientzat. Adibidez, Estatu Batuetan, Orlandoko aireportuan (Miami), aurpegia ezagutzeko software bat instalatu dute. Sistema horren bidez, milaka pertsonen aurpegia aldi berean eskaneatu, eta, segundo gutxiren buruan, nazioarteko segurtasuneko datu-baseekin alderatzen da.
  • Mugikorra desblokeatzeko. iPhone X-ren erabiltzaileek jadanik ezaguna dute Face ID teknologia. Androiden kasuan, Samsung eta beste marka batzuk teknologia hori erabiltzen hasi dira, terminala desblokeatu, eta mugikorraren bidez erosketak baimentzeko.
  • Facebooken identifikatzeko. Facebook lehenengoetakoa izan da, beste behin ere, era horretako teknologia berriak erabiltzen. Hala, aurpegi-ezagutzeko probak egin ditu erabiltzaile batzuekin.
  • Langilerik gabeko saltokietarako. Gero eta saltoki gehiagotan ikusten ditugu automatikoki ordaintzeko zerbitzuak. Luzera begira, aurpegia ezagutzeko sistemak erabiliko dira erabiltzailea identifikatu, eta ordainketa egiaztatzeko. Gaur egun, badaude era horretako sistemak, kontsumitzaileen gogobetetze-maila egiaztatzeko.
  • Itsuen inklusiorako. Itsuen edo ikusmen-desgaitasun larria dutenen inklusioa eta bizi-kalitatea hobetzeko ere hasi dira probatzen teknologia hori. Hala, pertsona horiek beren inguruneari eta inguruan dituzten pertsonei buruzko informazioa jasotzen dute, eta isolamendu soziala eta espazio edo leku ezezagunekiko beldurra saihesten laguntzen die.
Txundigarria, ezta? Bada, joan zaitez ohitzen teknologia horretara, denbora laburrean egunero erabili ahal izango baituzu. Aurpegia ezagutzeko beste aplikazio interesgarririk ezagutzen baduzu, idatz iezaguzu!